Hamarretik lauk ez dute euskarazko liburu bakar bat erosten urtean zehar

«Lan egin behar dugu Azoka ez dadin izan oasi bat», adierazi zuen Gerediaga Elkarteko kudeatzaileak

N. AZURMENDI

Lunes, 9 de diciembre 2019, 06:39

2015ean Deustuko Unibertsitateak eta Siadecok egindako ikerketa zen orain arte Durangoko Azokari buruzko informazio gehien ekarritakoa. Atzo aurkeztu zenak, interes handiko aldagai berriak aztertu baditu ere, berretsi egin du neurri handi batean hark esandakoa. Berretsi du, besteak beste, Azokaren erreferentzialtasuna, baita Azokara joateak euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromisoarekin duen lotura zuzena ere.

Publicidad

Oso argi utzi du, halaber, zein garrantzitsua den kulturaren arloan emakumeen ekarpena. Gipuzkoarren presentzia handia nabarmendu du, era berean, lurraldeak Euskal Herrian duen pisu demografikoa gainditzen baitu bisitari gipuzkoarren kopuruak.

Oro har, bisitariek eta eragileek Azoka oso ondo baloratzen dute. Bisitarien kasuan %70ek oso balorazio ona egin du, eta %27k ona. Gehien estimatu dutena da eskaintzaren zabaltasuna eta aniztasuna, sortzaileekin harremanetan egon ahal izatea eta giroa. Alderdi ez horren onak ere baditu: une jakin batzuetan eragozpen bilakatzen den jendetza, aparkatzeko arazoak eta sortzaile ezezagunen ikusgarritasun txikia.

Eragileen %21ek uste dute Azokak eragin ekonomiko oso positiboa duela haien jardunean. 'Nahiko positiboa' dela esan dute %37k. Baina, salmenten gainetik, batez ere estimatzen dute ematen dien ikusgarritasuna, «Azokaren erakusleiho izaera», baita gainerako eragileekin harremanak izateko aukera eskaintzen dien topagune izaera ere. Gutxien gustatzen zaiena, berriz, erakusmahaien prezioa da.

Gerediaga Elkarteak egin duen irakurketa Arantza Atutxa kudetzaileak laburbildu zuen, positibotzat jotzen dituztela azpimarratuz eta aurrera begira jarriz. «Argi dago kultura kontsumoaren aldaketei erantzun egin beharko diela Azokak hurrengo urteetan. Horretarako etengabe entzuteko jarrerarekin jarraituko dugu. Bereziki gazteengan arreta jartzea izango da apustuetako bat», esan zuen.

Publicidad

Arazo praktikoei helduko dietela esan zuen, badirelako hobetu beharrekoak, batez ere aparkaleku eta garraio publikoari dagokionez. «Gerediagak ahaleginak egingo ditu bisitariei erraztasunak emateko Durangora heltzeko, eta deia egiten die erakunde publikoei ere elkarlanerako, batez ere garraio publikoari dagokionean», aurreratu zuen.

Badira, ordea, Durangoko Azokak bere kasa nekez konponduko dituen arazoak. Adibidez, euskaldunen irakurzaletasunaren ingurukoak, ikerketak erakusten baitu hamar bisitaritik lauk ez dutela libururik erosi urte osoan, ezta euskarazkorik irakurri ere. Erdarazkoen kasuan, hirutik batek ez du libururik irakurri. Bai erosketan, bai irakurketan, hobeak dira emakumeen datuak gizonenak baino. Urtean zehar igartzen den hutsun handi horrek eman dio zer pentsatua Gerediaga Elkarteari. «Lan egin behar dugu Azoka ez dadin izan oasi bat», adierazi zuen Arantza Atutxak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad