Haira Aizpurua saratarrak jantzi du txapela Euskal Herriko Eskolartekoan
2020ko etenaren ondotik, gogotsu aritu dira Euskal Herri osoko hamaika bertsolari Abadiñoko probalekuan
Domingo, 24 de octubre 2021, 16:06
Abadiñoko probalekuan egin da igande honetan 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoaren finala, bertsolari gazteen txapelketa babesten duen saguzarraren hegalen pean, ohi bezala. Pandemiak eragindako 2020ko etenaren ondotik, gogotsu aritu dira Euskal Herri osoko hamaika bertsolariak. Sei sailkatu dira finalerako, eta horien artean Haira Aizpurua Ibargarai lapurtarra nagusitu da. Maddi Agirrere arabarrarentzat izan da bigarren postua.
Publicidad
Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa, eta gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea du helburu, eta baita haurrak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea ere.
Udaberritik hasita lurraldez lurralde egin diren saioetatik sailkatutako euskal lurralde osoko bertsolari gazteak elkartu dira gaurkoan oholtza gainean: Aetz Etxart Sarasola (Urdiñarbe, 2004), Beñat Astiz Isasi (Barañain, 2004), Ekain Tolaretxipi Errazti (Hernani, 2003), Eki Mateorena Zozaia (Leitza, 2005), Eukene de los Aires Amundarain (Gasteiz, 2005), Haira Aizpurua Ibargarai (Sara, 2006), Janire Arrizabalaga Munduate (Gernika-Lumo, 2003), June Diaz Franco (Algorta, 2005), Maddi Agirre Epelde (Gasteiz, 2005), Naia Arrizabalaga Arrieta (Azkoitia, 2004) eta Oneka Arteaga Olasagasti (Kanbo, 2003). Haiei zalearen aulkitik hauspoa ematen, handik eta hemendik etorritako 230 lagun.
Xabier Irakulisek gidatu du saioa. Hasierako agurra eginda bina bertso bota dituzte zortziko handian eta txikian bertsolari gazteek. Ariketa horietan puntu gehien jaso dituzten sei parte-hartzaileak igaro dira hurrengo fasera: Beñat Astiz, Ekain Tolaretxipi, Haira Aizpurua, Maddi Agirre, Naia Arrizabalaga eta Oneka Arteaga. Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Julen Zelaieta, Leire Etxebarria eta Zigor Leunda aritu dira epaile lanetan, eta Eneritz Artetxe idazkari.
Bakarka egin dituzte sei bertsolariek bigarren faseko ariketak: puntua emanda lehena, eta gaiarekin bigarrena. Epaileen erabakiaren berri emateko igo da Idoia Anzorandia oholtzara: Haira Aizpurua bertsolari saratarrak eskuratu du 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoaren txapela, eta Igor Elortzak jantzi dio. Txapelketatik harago, plazan kantuan jarraitzeko deia eginez bota du agurreko bertsoa, eta anaiari eskaini dio txapela: «ametsetako txapel eder hau eskaintzen diot anairi, sortu denetik nire bizitza alaitu duenari».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión