Borrar
Basagoiti, Zulaika, Alkorta eta Larrañaga Mendaroko kultur gunean 'mikrofono' aurrean aritzen dira kantuan.

Ver 20 fotos

Basagoiti, Zulaika, Alkorta eta Larrañaga Mendaroko kultur gunean 'mikrofono' aurrean aritzen dira kantuan. Iñigo Arizmendi
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa | Bertso eskolak

Gaztetxoak nagusien urratsak jarraituz

Mendaroko bertso eskolako Irati, Axular eta Luken kideak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren jarraipena gogotsu egiten ari dira, porra eta guzti prest dute

Viernes, 13 de diciembre 2024, 01:00

Astero-astero elkartzen dira Mendaroko bertso eskolako kideak San Agustin kulturgunean. Irati Alkorta, Luken Zulaika eta Axular Larrañaga gaztetxoak saioetan parte hartzen duten horietako hiru ikasle dira. Irune Basagoitiarekin aritzen dira neurriak, hiztegia eta bertsolarien bizi, lana eta bestelakoak lantzen. Giro ezin hobea sumatzen da euren artean haien gustuko bertsolarien izena edo 'faboritoa' zein ote den galdeturakoan. Beñat Gaztelumendi - Alaia Martinen artean egongo omen da lehia mendaroarren esanetan. 'Porra' eta guzti egina dute eta noski, denek asmatu eta irabazi nahi dute!

Luken Zulaika onartzen du bertsotan aritzea gustuko izan arren «txikitatik», bederatzi urte zituela hasi zela bertso eskolara joaten. Sari batzuk ere irabazi ditu bertso idatzi lehiaketetan, baina dioenez bere burua oholtza gainean ez du ikusten. «Idazterakoan ondo moldatzen naiz, baina gero jendaurrean urduri jartzen naiz, lotsa ematen dit. Niretzat zailena hori da bertsotan aritzerakoan», dio 13 urteko gaztetxoak. Zulaikak garbi du Gipuzkoako Txapelketari begira berriz «Gaztelumendi ona da. Joan naiz bera zegoen bertso saio batzuk entzutera. Gustatzen zait bere kantatzeko eta gaiak lantzeko era».

Axular Larrañagak Alaia Martinen aldeko apustua egin du 'porran'. «Asko gustatzen zait Amets Arzalluz bertsolaria betidanik. Gipuzkoako txapelketan Alaia Martinek irabaztea nahi dut. Asko gustatzen zait, gainera Beñatek askotan irabazi du eta merezi du. Lana ona egin duela uste dut Alaiak». Hala ere «porran Gaztelumendik irabaziko duela jarri dut» esaten du lagunen irribarreak sortuz. Mendaroarrak dioenez «bertso saioetara ez naiz joan, baina telebistan jarraitu ditut kanporaketak eta prentsan ikusi dut sailkapenak eta zeinek jarraitzen duen aurrera eta zeintzuk iritsi diren finalera».

Txapelketa honetan parte hartu duten bertsolariak eta finala ikusteko asmoa du. «Giro ona egoten da eta bertsoak entzutea gustatzen zait». Elkarren artean ikasleak bertsotan hasten direnean umore aldetik sortzen omen dituzte. Primeran pasatzen dute eta hori asko gustatzen zaio Irati Alkortari. Bertso eskolan izena ematerakoan «ikasi nahi nuen bertsoak egiten. Irune eta Eneko gelara etorri zirenean eta azaldu zigutenean zer egin behar genuen bertso eskolan apuntatu nintzen. Interesa nuen euskara hobetzeko eta hiztegia lantzea eta ondo pasatzen dugu gainera».

Alkortak txapelketaren kanporaketak jarraitu ditu orain arte, eta 'porra' egiterakoan «Beñatek irabazi behar duela uste dut, baina Alaia Martinek irabaztea nahi dut. Beñatek irabazi ditu beste txapelak eta ondo legoke Alaiak janztea». Txapela zeinek eramango duen sortzen die interesa handia gaztetxoei baina, joko modura egiten duten 'porra' osatzerakoan txapelketaren partaideen ibilbidea ere lantzen dute. Irune Basagoiti irakasleak dioenez «Berbekin jolastera etortzen dira bertso eskolara eta bide batez, hiztegia lan-tzen dugu euren euskara hobetuz. Gainera, bertsoak sortzen ikasteaz gain, bestelakoak lantzen ditugu. Esaterako aurreko bertsolariak ere gogoratzen ditugu, hauen ibilbideak, lorpenak, euren erreferentziak izan dezaten... Nahi duguna da, bertso eskoletan bertsoak sortzen ikasteaz gain bertsolaritza eta bertsogintzaren inguru lantzen saiatzen gara».

Etorkizuneko bertsolariak diren eta izan ziren bertsolarien urratsak jarraitzen dituzte.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Gaztetxoak nagusien urratsak jarraituz