Joxean Sagastizabalek bazeramatzan urte batzuk nobelarik ekarri gabe. E. A.

Ganberrotasunaren aldarrikapena

'Andromedan'-ekin, umore pixka bat ekarri nahi izan du Joxean Sagasizabalek triste samarra iruditzen zaion euskal literaturari

Nerea Azurmendi

donostia.

Lunes, 14 de diciembre 2020, 09:12

Irakurleak jakingo balu nola dokumentatu den Joxean Sagastizabal (Eibar, 1956) 'Andromedan' idazteko, oso-oso aintzat hartuko lituzke Ereinek argitaratu duen nobelatxoaren 80 orriak, lan oso seriotzat joko lituzke, nahiz eta egilearen asmoak zapuztu, Sagastizabalek justu kontrakoa nahi baitu: katxondeo pixka bat ekartzea horren tristea iruditzen zaion euskal literaturara.

Publicidad

«Tristeak kontsolatzeko makina txiki bat» sortu nahi izan du, alegia. Horregatik da Anjel Lertxundi, 'Tristeak kontsolatzeko makina' 1981ean Ereinen eskutik argitaratu zuena, 'Andromedan'-en gainean planeatzen duten erreferentzietako bat. Beste biak dira Origenes II-III mendeetako teologoa, kristautasunaren Aitetako bat, eta Jose Antonio Fortea apaiz eta teologoa, «nire heroia, munduko exorzistarik ezagunena», zeinaren bi doktore tesiak irakurri dituen –milaka orri– oraingoz azkena duen nobela idazteko.

Argitaratu eta 26 urtera bizi-bizirik jarraitzen duen 'Kutsidazu bidea, Ixabel'-en egilea maiz murgildu izan da erlijioen ezagutzan. Budista da, eta taoismoan «oso sartuta» dago (hortik bizarra), baina sakonki aztertu ditu Korana eta kristautasunaren liburu nagusiak. Osagai horiek guztiak hartuta, eta tristeak kontsolatzeko asmoarekin, zeren eta konfinamendu garaian irakurritako euskal liburu guztiek berretsi baitiote euskal literatura oso tristea dela –ez haatik txarra, argitu zuen–, 'Andromedan' osatu du.

Izenburua gu gauden Esne Bidetik hurbilen dagoen galaxiari hartu dio, zaratarik ez dagoen galaxia hori baita deabruari gehien gustatzen zaiona.

'Andromedan' ez dira agertzen ez Origenes, ez Fortea, ezta Lertxundi ere, nahiz eta denek utzi duten arrastoa. Berez, «Juantxo izeneko apaiztu berri bat, seminariotik irten eta mundu normalarekin topo egiten duena» da protagonista. Gotzaiak –«ez da Munilla ezkutu bat», ziurtatu zuen– «hots egingo dio eta esango dio joateko Santagedako parrokiara, zerbait xelebrea gertatzen delako. 3.000 gauza gertatuko dira» bertan, eta nahastuko dira deabrua, apaiz gaztea eta «nik ezagutu dudan gotzairik desiragarriena, emakume eder bat». Gotzain katoliko emakumezko eder hori finlandiarra da, eta ez da asmazioa, Finlandian emakume gotzain katolikoak egon badaudelako. 'Happy end'-a daukan eleberrian nahasten dira zerua, infernua, maitasuna, sexua, jainkoa eta deabrua..., denak dantzan Sagastizabal marionetista dutela; Robert Mitchum, Alkain eta Asisko patroi, eta ganberrotasuna gidari.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad