Hiru liburu aurkeztu zituen egun berean Koldo Izagirrek. Altzoko Handiaren atzeantxikia dirudiena da Dumitrurena. USOZ

Bere intimitatean sartzeko baimena eman digu Dumitruk

Duela sei urte sortu zuen pertsonaiaren inguruko bigarren lana ekarri du Koldo Izagirrek, 'Dumitru biluzik'

Nerea Azurmendi

DONOSTIA.

Lunes, 23 de noviembre 2020, 12:26

«Zenbateraino naiz laguna? Zenbateraino naiz errumaniarra?». Koldo Izagirreren 'Dumitru biluzik'-eko ataltxo bat da. Badaude laburragoak, luzeagoak ere bai, baina oso gutxi dira orrialdea gainditzen dutenak. Puskaka egituratu du hain zuzen Izagirrek 2014ko 'Dumitru'-ren segidatzen jo daitekeen liburua, berbera baita protagonista.

Publicidad

Aurkezpenean Erein argitaletxeko editoreak adierazi zuenez, narrazioak «jauzi egiten du gai batetik bestera, eta anabasa itxura izan dezake, baina irakurketak aurrera egin ahala argi gelditzen dira loturak». «Kontakizun aniztun bat, koral bat» osatu duela esan zuen idazleak, «zatiaz interesgarriagoa eta aberasgarriagoa kontaketa laua baino».

Dumitru Petrescu, ezagutzen ez dutenentzat, mutil gazte bat da, Euskal Herrian bizi den euskaldun errumaniarra, edo errumaniar euskalduna; ez behar bezain errumaniarra haren aita Cosminentzat; errumaniarregia beste askorentzat; ijitoa, ñabardurarik gabe, zenbaitentzat.

Aurreneko liburuan hirugarren pertsonan kontatzen ziren Dumitruren gorabeherak. Oraingo honetan berak hartu du hitza, eta lehen pertsonan kontatuko du nola doakion bizitza eta nola ikusten dituen gauzak. Dumitruren intimitatean sartzeko aukera du irakurleak, haren baimenarekin. «Gurea ez den eguneroko pribatu bat irakurtzea inoren intimitatean sartzea da. Kasu honetan, ordea, egunerokoaren jabeak baimena eman digu bere sekretuetan kuxkuxeatzeko eta biluzik ikusteko», esan zuen Koldo Izagirrek.

Nerabea, gaztetzen

Dumitru ez da ia mutiko bat. «Nerabea gaztetzen doa, erabakiak hartu behar ditu», azaldu zuen idazlea. Maitasuna, sexua, adiskidetasuna, familia, herrimina, amaren falta, ikastolako eta gaztetxeko kontuak, besteen begirada, musika... Gaztetzen doan nerabe baten bizitzan kabitzen diren gai gehienek dute tokia liburuan, baina nagusiki «hiru, lau edo bost ildotan doa historia gizentzen: ezinegona, jakin-mina, askatasun premia, sentimenduak...». Itxuraz guztizkoari falta zaion jarraitutasuna ildo horietatik dator.

Publicidad

Nortasunarena da gakoetako bat, beti delako funtsezkoa adin horretan, are gehiago horrenbeste tokitakoa eta kulturatakoa izanik. Nortasuna eratzen eta osatzen joateko orduan euskarak duen garrantzia nabarmendu zuen idazleak. «Errumaniera du ama hizkuntza eta aitarekin italieraz egiten du. Euskaraz euskaldun askok baino hobeto hitz egiten du, hori delako Dumitrurentzat errumaniar gaizkilearen topikoaren aurka egiteko modua». Musikak berebiziko garrantzia du Dumitruren munduan egoteko moduan, baita inguruan duen jendeak ere: Cosmin aitak; Olatzek, jakina; Dumi deitzen dioten lagunek; ezagutu ez duen amak...

Liburuan badago Dumitruri gauza asko erakusten dizkion bidaia bat. Liburua bera bada oso gertu dauzkagun eta gehienok gutxitan bisitatzen ditugun tokietarako bidaia, irakurleak adin mugarik gabe egin dezakeena.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad