Borrar
Gaztelurrutia, Durangoko San Agustin Kulturgunean. Felix Morquecho
Durangoko Azoka

Beñat Gaztelurrutia: «Kulturgile gazteek dagokien esparrua hartu dute, bisitarietan adinkideak nahi ditugu orain»

Liburu, disko eta aurkezpenez harago, Durangoko Azokak «erreferentzialtasun» eta topaleku izaera hartu duela nabarmentzen du

Jon Agirre

Donostia

Igandea, 1 abendua 2024, 07:19

Comenta

Durangoko Azoka osoa buruan du Beñat Gaztelurrutiak eta nabari da hitz egiten duenean. Osasun onean ikusten du euskal kulturaren plaza, epe labur eta luzera dituen erronkak ezkutatu gabe. Hauei aurre egiteko «elkarlanera» deitu du osteagunean hasiko den 59. edizioaren atarian. Bakoitza berezia eta «ezberdina» dela dio eta bertaratzera animatu ditu kulturazaleak, bereziki gazteak. «Transmisioak arduratzen gaitu, kulturgintzako beste eragile asko bezala».

– Laugarren Azoka duzu. Erokeriatik duen abentura izanda, bat ohitzen da ala beti da ezberdin?

– Durangoko Azokaren antolakuntzan gauza asko urteroko kontuak izanda eta errepikatzen badira ere, ez da inoiz guztiz errepikatzen. Hainbesteko antolakuntza handia du, hainbeste eragilerekin lan egin behar izaten da, beti duela ezberdinetik zerbait eta horretara ez dago ohitzerik. Tamaina horretako ebento, jaialdi edo topaketa izanda antolatzaileoi esposizio handia eskatzen digu, eta zintzo esanda hori da nik okerren daramadana. Nahiago nuke inurri lanean antolatzen ibili behar diren ordu guztiak sartu. Baina lanaren zati da, medioak atenditu behar dira, han-hemen agertu... Gustura eta eskertuta egiten dugu.

– 59. edizioak erronkatik ere badu, aurten egutegi kontuak direla-eta Durangoko Azokak egun bat gutxiago izango baitu. Hein batean lana zertxobait arinduko du, baina buruhausteak aipatu zenituzten agerraldian, Gotzon Barandiaranek esan bezala zenbait eskaerari ezetz esan beharra esaterako. Nola kudeatzen da?

– Ez da erraza, ez. Aurten Durangoko Azokak lau egun izango ditu eta 2025ean ere. Honela jasotzen ditugun eskari guztiei lekua egiteko zailtasun gehiago, bai, baina bost egun izatean ere ezin diegu eskaera guztiei erantzun. Beti izaten dira buruhausteak. Argitaletxe, diskoetxe eta ekoizle guztiei nolabait lekua egiten ahalegindu gara eta pozik gaude osatu dugun programarekin.

– Bide horretan erakusmahaiak gora doaz eta Landako ez da mugagabea. Langa jotzeko arriskua dago, beste formatu baterantz joan beharko du Durangoko Azokak... Nondik doa etorkizuna?

– Ez dugu uste espazio arazoa izango denik, Durangok badauka Azokak biltzen duen euskal kulturgintza hartzeko tokia. Egia da aurten Landako gunean erakusmahaiak nahiko justu kabitu direla, baina badago modua leku gehiago egiteko. Modu guztietara une honetan euskal kulturgintzaren neurria horixe da, Azokak bere baitan biltzen duena eta epe laburrera ere hala izango dela uste dugu. Etorkizunean ikusiko da.

– (...).

– Formatuari buruz, ez dugu aldaketarik aurreikusten. Zorionez duela hamarkadatik gora formatu baten alde egin zuen Azokak eta hor dago erakusmahaiena, beti-betikoa, Azokaren bihotza dena. Hortik hasten da dena eta hori gabe ezingo litzateke ulertu Durangoko Azoka, baina aldi berean ekartzen diren nobedadeak aurkezteko guneen formula ere hor dago eta erakusmahaien azoka osatzen du, erakargarriago, biziago eta interesgarriago bihurtzen du. Elkarren osagarri dira eta formulak funtzionatzen du.

– Guneen aldeko hautua argi dago erabaki zuzena izan zela. Espezializazio horretan, kultura hainbeste aldatzen ari denez, beste pausoren bat eman daiteke agian? Edo unea heltzean kudeatuko da?

– Durango euskal kulturgintzen edo arte diziplinen topaleku da, baina ez daude guzti-guztiak eta hori ere badakigu. Azken urte hauetan arte eszenikoak, mundu digitala edo ikus entzunezkoak ere gehitu dira. Liburu eta diskoetatik haragoko jauziak egin ditugu eta seguruenik diziplina horietan baten bat faltako da, burura etortzen zait adibidez ilustratzaileena, lekua egin beharko genieke oso inportanteak direlako gaur egungo liburugintzan. Gertatzen dena da pausoak ematerakoan, diziplina berrira jauzi egiterakoan eta gune berriak sortzerakoan ondo pentsatu behar dela, zelan egin jauzia, nora egin eta batez ere norekin, guk bidelagun egokiak behar ditugulako, epe luzerako konpromisoa hartuko dutenak. Ez ditugu nahi urte baterako nobedadeak. Baina bai, seguruenik guneek hedapenerako ematen dute.

– Kultura bera ere une aldakorrean da, mundu digitala bezalako erronkekin edo sortzaileek aurkitzen dituzten ateekin. Kulturazaleentzat pozgarria da, programazioa egiterakoan zalantzak sortzen ditu? Aurkezpenean ilusio eta gogo hitzak hainbatetan errepikatu zenituzten, baina dena sartu nahi denean bat ito daiteke.

– Bai, izan daiteke. Baina guk ez dugu ahaztu behar zein den gure izaera. Azoka bat gara, eta azoka garen neurrian euskal herrietan sortzen eta ateratzen diren gauza guztiak hartu behar ditugu datozen moduan. Ez gara programatzaileak, eskariak heltzen zaizkigu eta bidea eman behar diegu datozen moduetan eta formetan. Gaitasuna izan behar dugu horien premietara moldatzeko. Alde horretatik buruhausteak etor daitezke, baina ez zer programatu zalantzak ditugulako. Eta ilusioa aipatzen dugu, galanta gainera, azoka antolatzerakoan izan nahi dugulako argitaletxe, diskoetxe, kulturazale eta mundu oso baten topaleku. Haientzat antolatzen dugu Azoka. Bidea aldiz luzeagoa da eta lan asko ematen diegu partaideei.

– (...).

– Prozesua irailean hasten da eta gure helburua atzean inor ez uztea da. Lehenik, partaideek erakusmahaia jartzeko eskaria egiten dute eta aurreko urteetan izan den norbaitek ez badu izena ematen deitu egiten dugu. Ostean, online eskegitzen dugun katalogoa osatze aldera, ekarriko dituzten nobedadeak eskatzen dizkiegu denei, guk errebisatzeko. Hori baita Durangoko Azokaren berezitasun handienetakoa, aurretik eskura zer egongo den kontsultatzeko aukera. Bide horretan gure lana lagundu eta erraztasunak ematea da, batzuk modu profesionalagoan dabiltzalako kulturgintza edo sorkuntzan, baina besteak amateurragoan eta esan bezala ez dugu inor atzean utzi nahi. Hurrena berritasun horiek espazio ezberdinetan aurkeztu nahi duten galdetzen zaie; bozgorailuetan jartzeko abestiak eskatzen zaizkie ere, QR kodeen bidez zein abestira bideratu nahi duten bisitaria, etab. Hiru hilabete oso intentso izaten dira eta lan asko ematen diegu eta emaitza webgunean bistara dagoen egitarau sendoa da: katalogoa, egitaraua, erakusmahaien kokapena... Baina Durangoko Azoka atetan ikusten dugunean, inor atzean utzi gabe, sekulako poza ematen digu. Ilusioa aipatzean hortaz ari ginen.

– Emaitza icebergaren punta da beraz.

– Bai. Durangoko Azoka balitz erakusmahai batzuk jarri, nahi duena etor dadila nahi duenarekin eta auskalo bisitariak zer aurkituko duen nortasuna hustuko genioke. Urte askoan garrantzia handia eman zaio katalogoari, lehen paperean, orain zorionez modu digitalean erakutsi daiteke eta bilaketak egiteko askoz ere errazagoa da. Euskal kulturgintza zerbait sinbolikoa baino gehiago dela erakustea, ukigarria, hor dagoena, lau-bost egunez mahai gainean, oholtzetan edo egitarauan ikusi ahal izatea gauza handia da.

– Maiz liburu edo diskoak dira lerroburuen jabe. Programan gero eta kultur adierazpen gehiago biltzen ditu eskaintzak. Hausnarketa izan da, sektorearen eskaria edo bietatik du?

– Proposamenak handik eta hemendik jasotzen ditugu, baina modu naturalean gertatu dela esango. Talaian esaterako, dibulgazio lanak aurkezteko tokian, halakoak eta saiakerak, pentsamenduari lotutako argitalpenak, etab. daude. Azken urteotan gero eta eskari gehiago jaso ditugu zuzenean argitalpenekin ez baina kultur munduarekin zerikusia duten ekimenak aurkezteko, gaiei buruzko hausnarketa egiteko. Uste dugu Durangoko Azokak daukan topaleku izaeraren edo lortu duen erreferentzialtasunaren seinale dela. Euskal kulturgintzak eta euskararekin lotutako mugimenduak halako kontsensu konpartituko plaza moduan ikusten dutela.

– Kultura herri moduan biltzen gaituena bezala ulertuta, eskari horiek antolatatzaile bezala beteko dute bat.

– Bai eta nolabaiteko erantzukizuna sentiarazi ere. Durangaldeko irabazi asmorik gabeko elkartea izan arren oso kontziente gara egitasmo nazional bat kudeatzen ari garela, Durangoko Azoka nazionaltzat daukagulako, eta erantzukizun guztiarekin egiten dugu. Gainera karga hau eransten badiozu eta gogoetarako plaza bihurtzen hasten bada are eta erantzukizun gehiago ematen digu. Baina beno, hori da elkarte honi tokatu zaion misioetako bat.

– Etorkizuna oso presente duzue, gazteei bideratutako esfortzu konstantearekin: Ikasle Goiza, Gazte Eztanda, programazio berezia, plaza protagonista bezala hartzeko aukera... Nabari dituzue lehen emaitzak?

– Transmisioaren kontuak arduratzen gaitu, ez gu bakarrik, kulturgintzako beste eragile batzuk ere arduratuta gaude. Pandemiaz geroztik tokatzen zaigun partetik heltzea erabaki genuen. Ikasle Goizarena lehenagotik dator, tradizioa da, eta ezinbestean mantendu eta indartu beharrekoa da, azken urteotan egin dugun bezala, datozen eskola umeei tokia eginda gune ezberdinetan eurentzako propioa antolatutako tailer eta saioen bidez. Baina nahi genuen adin-tarte guztiak hartzea eta eskolaren bidez datozenez harago dei esplizitua egitea dagokien tokia hartzera etortzeko. Hori da esaldi gakoa, dagokien tokia hartzera etortzea. Kulturgile gazteak ari dira, euren lanak sortzen dituzte, azokara etortzen dira eta euskal kulturgintzan dagokien esparrua hartzen ari dira. Asko gainera. Orain bisitarien artean haien adinkideak nahi ditugu. Emaitzak edo horrelako kontuak ez dira egun batetik bestera ikusten, baina uste dugu han-hemen belarriak tente jarri direla eta arreta jartzen diotela azokari. Epe luzerako apustua da.

– Transmisioz gain, genero orekarantz lanean ari zarete programazio zein edukietan. Aurten pausoak eman dituzue eskaintzan eta eraso matxisten aurkako protokoloa ere garatu duzue.

– Indarkeria matxisten aurkako protokoloa martxan jarri dugu prozedura eta garantia guztiekin, ezbairik gabe jarri beharreko kontua delako, eta hor autokritika egiten dugu Durangoko Azokak lehenago ere behar zuelako. Azoka segurua nahi dugu, ez dugu inolako indarkeriarik onartzen eta onartuko, ez fisiko ez sinboliko, eta horretan zorrotzak izango gara.

– (...).

– Bestetik, genero-ikuspegia txertatzearena egitarauan. Orain arte programazioa egiterakoan gunez gune irizpide bertsuekin aritu gara baina ez berberekin eta aurten bateratu egin ditugu. Idatziz jaso dira eta izen eman duten partaide eta sortzaileei elkarbanatu dizkiegu, baina ez soilik genero-ikuspegia. Hizkuntza-irizpideak, lurraldetasuna, gai eta estiloen ugaritasuna, ibilbide luzeko eta hasiberrien arteko oreka... Ertz asko jasotzen dituzte eta Durangoko Azoka euskal kulturgintzaren argazkia adierazgarria eta kalitate handikoa izatea nahi badugu guztiei erreparatu behar die, ezin dugu soilik erdigunea bistaratu. Genero-arrakala murriztea lortu dugu, zorionez, baina ez desagerraraztea oraindik, zoritxarrez.

– Aurkezpenean ikerketa abiatuko duzuela aurreratu zenuten bertaratzen direnen iritzia jaso eta Azokaren argazkia lortzeko. Zer espero duzue? Zein galdera erantzun nahi duzue?

– 2018an egin zen azken ikerketa bisitari bezala zetozenei eta azokan erakusmahaia zuten partaideei galdetuz. Oraingoan buelta bat eman eta hirugarren talde bat gehitu dugu, sortzaileak. Batetik, oso garrantzitsua da jakitea nor datorren, zertara, ia bisita erosoa suertatzen zaion azokan, zerk erakartzen duen gehien, nondik jaso duen informazioa edota gastu ekonomikoa, nahiz eta hau ez den helburua bakarrik. Bestetik, Durangoko Azokan euren lana aurkeztu duten sortzaileei galdetuko zaie azoka haientzat zer den, sormen prozesuan zenbat eragiten duen, zein garrantzia ematen dioten azokari, azokarekin duten lotura, baina baita sorkuntzaren urteko errentaren zein ehuneko suposatzen duen edota sortzeko duten baldintzen inguruan. Azkenik, jakina da partaideen artean denetarik dagoela –mundu akademikoa, komunikabideak, herri mugimenduak, etab.–, baina guk ikerketa sorkuntzari lotu nahi diogu eta profil hori aztertuko dugu. Argazkia atera eta euskal kulturgintzarentzat eta sorkuntza munduarentzat baliagarria izatea nahi dugu ostean diagnostikoak egin edo datozen urteetako estrategiak egiteko informazioa izan dezaten.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Beñat Gaztelurrutia: «Kulturgile gazteek dagokien esparrua hartu dute, bisitarietan adinkideak nahi ditugu orain»

Beñat Gaztelurrutia: «Kulturgile gazteek dagokien esparrua hartu dute, bisitarietan adinkideak nahi ditugu orain»