Aurreko edizioetan baino egitarau zabalagoa izango du DA! PRO-k
Abenduaren 1etik 4ra arte izango da, eta hainbat kultur diziplina landuko ditu
Miércoles, 27 de octubre 2021, 13:21
DA! PRO kultur profesionalentzako topagunea antolatuko du aurten ere Durangoko Azokak, BBKren babesarekin, eta aurreko edizioetan baino egitarau zabalagoa izango du, egun batetik laura igaro baita. Abenduaren 1etik 4ra arte izango da, eta hainbat kultur diziplina landuko ditu, hala nola musika, familia ikuskizunak, literaturatik ikus-entzunezkoetarako bidea edota sortzaileek euren ibilbide profesionalean beharrezkoak dituzten baliabideak.
Publicidad
Topagune profesionala Durangoko espazio ezberdinetan egingo da (San Agustin Kultur Gunea, Bizenta Mogel Biblioteka, Zugaza Zinema eta Landako gunea), eta parte hartzea doakoa bada ere, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea lehenengo hiru egunetarako.
Egitasmoa aurkezteko prentsaurrekoa izan da asteazken honetan Bilboko BBK Salan, eta Gerediagako kudeatzaile Beñat Gaztelurrutiak eta BBK-ko Kultura arduradun Koldo Bilbaok parte hartu dute, besteak beste.
Gaztelurrutiak azaldu duenez, aurten DA! PRO egitasmoa «indartuta» helduko da. «Orain dela hiru urte hasitako bidea sakondu nahi izan dugu, DA! PROri bultzada sendoagoa emanez. Sortzaileentzat topagune bat sortu nahi dugu hartu-emanetan jartzeko arlo honetako profesionalekin, etorkizunean proiektu berriak sortzeko aukera aztertzeko», adierazi du.
Orain arte DA! PRO egun bakarrean antolatu da, Durangoko Azokaren baitan, eta musikarekin lotuta egon da. Aurten, berriz, lau eguneko iraupena izango du, Azokako bezperako egunetan hasiko da, diziplina ezberdinak landuko ditu eta BBKren lankidetza izango du.
Publicidad
Gaztelurrutiak eskertu du BBKren eta gainontzeko eragileen konpromisoa: «Profesionalei espazio zabalagoa eskaini nahi diegu. Euren proiektu berriak ezagutarazi, merkaturatzeko bideak zehaztu, eurentzat bitarteko baliagarriak zeintzuk izan daitezkeen aztertu, sortzaile etasektoreko profesionalen arteko harremanak bultzatu».
BBKrekin batera, besteak beste, Musika Bulegoa, Berbaro elkartea, San Agustin Kultur Gunea, Durangoko Bizenta Mogel Biblioteka, EIE Euskal Idazleen Elkartea, Galtzagorri elkartea, Euskaltzaleon Topagunea, Hemen eta Gidoigileen Elkartea izango dira antolatzaile eta laguntzaileak.
Publicidad
Egitaraua
Abenduaren 1ean hasiko da DA! PRO. Aurreko bi urteetan hasitako bideari jarraipena eman eta musikari eta musika taldeek euren proiektu berriak aurkezteko aukera izango dute Euskal Herriko programatzaileen aurrean, Musika Bulegoaren lankidetzarekin. 09:00etatik 14:00ak arte hamar minutuko aurkezpenak egingo dituzte Durangoko San Agustin Kultur Gunean.
Parte hartzeko ezinbestekoa izango da proiektua euskarazkoa izatea eta aurten kaleratutako proiektuak eta Durangoko Azokan parte hartzen dutenak lehenetsiko dira. Izena emateko epea azaroaren 2an irekiko da sortzaile eta programatzaileentzat (sortzaileen kasuan 11n itxiko da), www.durangokoazoka.eus webgunean.
Publicidad
Abenduaren 2an formatu txikiko familia ikuskizun eta tailerren txanda izango da, kasu honetan Bizenta Mogel bibliotekan. Arlo honetan lan egiten duten sortzaileek euren ikuskizun eta tailerrak aurkeztu ahal izango dituzte sektoreko teknikarien aurrean, 09:00etatik 14:00ak arte. Musikaren kasuan bezala, izen-ematea azaroaren 2an irekiko da sortzaile eta programatzaileentzat (sortzaileen kasuan 11n itxiko da).
Hirugarren egunean, Azokako sareko denda martxan jarriko den egun berean, 'Literaturatik zinemara: zer behar du eleberri batek film bihurtzeko?' hitzaldi labur zikloa eta mahai ingurua antolatuko da Durangoko Zugaza zinema aretoetan, 11:00etan. Prozesu guztian parte hartzen duten idazle, gidoilari, zine zuzendari eta ekoizleek parte hartuko dute. Mahai ingurua amaitzerakoan, hizlari eta entzuleen arteko iritzi trukea egongo da. Ikusle modura parte hartzeko, izena eman beharko da azaroaren 2tik aurrera.
Publicidad
Bukatzeko, abenduaren 4an, erakusmahaiak aurrez aurre Azokan izangodiren lehenengo egunean, 'Sortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak' solasaldia egongo da Landakon, 13:30ean. Egile eskubideez, komunikazioaz eta kontratazio kontuez hitz egingo dute EKKI Euskal Kulturgileen Elkarteak, Amaia Ocerin komunikazio aholkulariak eta Miriam Miranda Musikari Euskal Herriko Musikarien Elkarteko kideak.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión