Antzerki Topaketak, icebergaren punta
Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketek 40. urteurreneko edizioari ekingo diote gaur, «indarberrituta». Euskara hutsezko bakarrak dira, eta «gauzak egiteko modu baten isla» ere bai
NEREA AZURMENDI
Asteartea, 1 azaroa 2022, 10:24
Azpeitia antzerkigintzari lotutako herria izan da betidanik. Hori irakur daiteke, beste datu eta xehetasun askorekin batera, Euskal Antzerki Topaketen 40. edizioa dela eta Wikipediarako propio sortu duten artikulu landuan. Izan ere, tradizio luze horretan urrats oso garrantzitsua egin zen 1983an, Topaketak sortzean, eta 2022ko edizioak ere mugarri izan nahi du, jendearengana iristeko modu berriei eta sare sozialei dagokienean, besteak beste.
Gaur bertan hasi eta hilaren 20ra arte, hogeitik gora emanaldi (horietako zazpi, antzerki eskoletako gaztetxoenak) eta zenbait jarduera osagarri (erakusketak, bi horma-irudi...) eskainiko dituzten Topaketak, alegia, «indarberrituta» eta «garaira egokituta» datoz, baita sorreratikoa duten izaera herrikoia sendotu eta berresteko asmoarekin ere.
«Topaketak herri pultsutik, herriak antzerkigintzaren inguruan zuen interesetik sortu ziren. Garai hartan Udalak hartu zuen antzerki amateurra hauspotzeko ardura, eta urteen joanarekin badugu 40 urtez egin den jaialdi bat, euskara hutsez egiten den bakarra», gogoratu du Kulturaz kooperatibako Aitor Bengoetxeak.
Gaur egun Sanagustin kulturgunea, Soreasu Antzokia eta Dinamoa sormen gunea kudeatzen dituen Kulturaz kooperatiba, hain zuzen, funtsezko kidea da elkarlanean oinarritutako «kultur mugimendu indartsuaren» barruan, Kultur Mahaiarekin, beste eragile batzuekin eta Azpeitiko Udalarekin batera. «Bidelagunak gara», dio Bengoetxeak.
«Topaketak sortu zituztenean argi ikusi zuten moduan, euskarak eta euskal kulturak egiten gaituzte herri»
Eneritz Albizu
Kultura zinegotzia
«Azken hamarkadan egiteko moduak aldatu egin dira, herritik eta herriarentzat egiten dira gauzak»
aitor bengoetxea
kulturaz kooperatiba
«'Herriye' antzezlanean, izenburutik hasita, umoretik jo dugu gutaz hitz egin eta 40. urteurrena ospatzeko»
erika olaizola
Antzerkigilea
«Azken hamarkadan egiteko moduak aldatu egin dira, herritik eta herriarentzat egiten dira gauzak. Azpiegiturak Udalarenak dira, hormigoia herriak ordaindu du, eta argi dugu herriaren zerbitzura egon behar dutela», dio, nabarmenduz jarduteko modu horrek eman duela fruiturik. 40 urteren buruan Topaketak sasoi betean eta bide berriak urratzeko gogoz egotea ez da txikiena.
Guztiz ados dago ikuspegi horrekin Eneritz Albizu Kultura zinegotzia: «Kultura lankidetzatik ulertzen dugu, eta Topaketak badira gauzak egiteko modu horren lekuko. Ezin dugu ahaztu hau guztia hasi zela herria ia ezer gabe gelditu zen momentu batean. Sortzaileak eta kultur zaleak elkartu ziren Kultur Mahaian, eta apustu handi bat egin zen denen artean».
Sarea osatzen joan zen: San Agustin, Soreasu, Dinamoa... «Gaur egun –dio azken horri buruz hitz egitean–, oholtzaz gain sortzaileei zuzendutako gunea ere badugu. Kanpoko taldeak etortzen dira egonaldiak egitera, eta zikloa ixten da transmisioa landuz, 300 gaztek egonaldiak egin dituzten hiru talderekin lan egiteko aukera izan baitute».
«Herri produkzio bat»
Albisuren ustez, herriaren izaerak badu zerikusirik lau hamarkadaz etenik gabe egin diren Topaketen iraunkortasunean: «Orain dela 40 urte Topaketak sortzean euskal kulturaren aldeko apustua egin zutenek argi zeukaten euskarak eta euskal kulturak egiten gaituztela herri. Alde horretatik, uste dut Azpeitiari badagokiola ekarpena egitea. Eta, jakina, aitzindari haien lana aintzat hartzea eta eskertzea».
Indarrak batzeko gaitasuna ezinbestekoa izan da kateari maila berriak gehitzeko, eta horrek, jasotakoarekin ez ezik, lotura zuzena du oraina eta geroa irudikatzeko modu jakin batekin. Albisuk dioenez, «Azpeitia asko aldatu da, eta aldaketa horren erakusle da kulturaren arloan egiten ari garena. Igaro gara izatetik egitera. Kulturan eman diren pausoak herri bezala ere eman ditugu, eta jomuga da beste arlo batzuetara zabaltzea».
Alde horretatik, gaurtik ostiralera bitartean –ez saiatu sarrerarik lortzen, agortuta daude lehen egunetik– egunero 19:00etan San Agustin Kulturgunean antzeztuko den 'Herriye' antzezlanak «balio sinbolikoa eta praktikoa» du, sinbolikoki islatzen duelako askoren arteko lankidetza, eta praktikan biltzen dituelako herriko sortzaile eta artista ugariren ekarpenak.
Oholtzara 50 bat azpeitiar igoko dituen antzezlanean, zuzendaritza lanak Xanti Agirrezabalarekin partekatzen ditu Erika Olaizolak. Gogoan du nola pentsatu zuten orain dela urtebete 40. urteurrena zela eta zerbait berezia egitea; «herri produkzio bat», alegia. «Fase desberdinak izan ditu... Aurrena bilera egiten genuen astero, eta denon artean joan ginen osatzen ideia. Gero hartu genituen bost aktore eta haiekin joan ginen lantzen, jolasak sortzen, jakinda betiere parte-hartze kolektiboa txertatu behar genuela, herriko artista guztiak saretzeko», azaldu du.
Alaitz Olaizolak eman zion azken orraztua aktoreekin batera musikariak, kantariak eta dantzariak ariko diren ikuskizuneko testuari, eta igandean egin zituzten aurreneko, eta azkeneko, entsegu orokorrak. Topaketeei hasiera emango dien antzezlana Kulturazen lehen ekoizpena da.
«Izenburutik hasita, umoretik jo dugu gutaz hitz egin eta 40 urteak ospatzeko», dio Olaizolak. Sinopsiak haren hitzak berresten ditu: «Zatoz eta ikasi zer den benetako azpeitiar izatea. Edo are benetakoagoa oraindik. Aurrena izan azpeitiar, eta gero nahi duzuna. 'Jayo. Azpeitiye. Hill'».
Igandetik aurrera, Euskal Herri osotik iritsitako askotariko proposamenak aurkeztuko dira euskarazko antzerkia lantzen dutenen artean erreferentzia nagusietako bat bilakatu diren Topaketetan, Mar-Mar Teatroa, Hika Teatroa, ATX, Oier Zuñiga, Markeliñe, Horman Poster, Eneritz Artetxe eta Benetan Be Teatroa ariko baitira.
Bi estreinaldi ere izango dira, Mairuren 'Intxaurra' eta Metrokoadrokaren 'Zeozertan dabil baina ez dakit zertan'. 40 urtez «euskal antzerkigintza indartzeko, taldeak ezagutarazteko, antzezlan berriak sortzeko eta euskara bultzatzeko» antolatu diren Topaketak, edonola ere, urtean zehar lantzen eta zaintzen den dinamikaren erakusleiho dira batik bat. Aitor Bengotxearen hitzetan, «icebergaren punta».