«Alferrik luzatzen aritzeak ez dio ezer ekartzen narrazioari»
2013az geroztik, hiru urtez behin ekarri du ipuin-bilduma bat Goiatz Labandibar idazle oiartzuarrak. Azkena, 'Hori zen dena', Alberdaniak argitaratua, oraintsu aurkeztu du
Goiatz Labandibarren (Oiartzun, 1985) hirugarren ipuin-bilduma da 'Hori zen dena', Alberdania etxeak argitaratu berria. Arkitekto ospetsu baten hitzak bere eginda, 'gutxiago gehiago da' proposamenari atxikitzen zaio idazlea. Zertarako luzatu, labur esan badaiteke.
Publicidad
– Liburua eserialdi batean irakurtzen da, baina behin baino gehiagotan eseri beharko zinen hori osatzen duten 16 narrazioak idazteko.
– Naiz eta narrazioak motzak izan, lehenengo ipuina idatzi nuenetik hamaseigarrena amaitu nuenera arte pasako ziren hiru urte. Aurrenekoa idatzi nuenean nire asmoa ez zen liburu bat argitaratzea, ezta lehen ipuinari segida ematea ere, baina sorta bat idatzi ahala, eta konturatu ahala bazegoela lotura beraien artean, hasi nintzen forma bat ematen, denak karpeta berean sartzen eta koherentzia bat bilatzen. Horrela osatu dut proiektua.
– Hiru urtez behin, liburu bat.
– Horrela izan da, bai. 2013 ('Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak; Fotogramak', Igartza Beka); 2016 ('Hala bazan... klixk!', Donostia 2016-Wroclaw 2016 beka) eta 2019. Erritmo hirutarra izango dut akaso, baina denbora librea eskaintzen diodanez idazteari, eta ez naizenez bereziki konstantea, behar izaten dut hiru urteko tarte hori.
– Gero eta laburrago idazten duzu.
– Bai, esango nuke lehenengo liburutik bigarrenera laburtu egin zirela narrazioak. Hirugarrenekoak oraindik laburragoak dira, prezisoagoa da kontatu nahi dudana kontatzeko erabiltzen dudan moldea.
– Kontatu nahi duzun hori, gehienetan, harremanen ingurukoa da.
– Narrazio hauen artean dagoen lotura nabarmenena hori da: harremanak daude beti atzean, pertsonen arteko harreman afektiboak. Momentu eta egoera oso konkretuak agertzen dira narrazioetan, harremanak ez dira sakontasunean lantzen, ez da horien garapen zehatzik egiten. Irudi bat da agertzen dena, eta horren ondorioak oso konkretuak izaten dira.
Publicidad
– Oso gutxirekin asko esaten duzu.
– Ez duk kontzienteki egin, baina nabaritzen dut gero eta motzago idazteko joera, deskribapen gutxiago egitekoa. Ez naiz sekula izan gauzak asko deskribatzen dituen idazle horietako bat, normalean ez zaidalako gehiegi inporta protagonistak nolakoak diren fisikoki. Deskribatzen baditut da pisua dutelako ezaugarri horiek istorioan. Bestela, irakurleari gauza dezente uzten dizkiot imajinatzeko. Alferrik luzatzen aritzeak ez dio ezer ekartzen narrazioari. Horrenbestez, gero eta hitz gutxiago behar ditut, eta uste dut nahikoa eta sobera direla erabiltzen ditudanak esan nahi dudana esateko. Iruditzen zait, gainera, irakurleak ez duela ezer faltan somatuko.
– Baliabideak aurrezteko joera horretan berraribelak ere badu tokia. 'Hori zen dena' esamoldeari, esate baterako, probetxu handia ateratzen diozu.
– Errepikapen deliberatua da. Hasiera batean pentsatu nuen esamolde hori narrazio guztietan erabiltzea, baina gehiegizkoa iruditu zitzaidan. Ikusi nuenean sorta bat izan zitekeela eta bazegoela logika bat pieza guztien artean, segituan jarri nuen izenburu hori. Gero aldatzeko beharrik ez dut sentitu.
Publicidad
– Hasieratik ematen dio izenburu horrek amaiera kutsua liburuari.
– Bi modutara uler daiteke esamoldea. Batetik eman dezake bukaera itxura hori, baina niri gehiago gustatzen zait beste esanahi bat. Azken batean narrazioetan, harremanetan, beti dago kezka bat, arazo bat, zerbait, harremanak galarazten dituena. Gehienetan, aldaketatxo bat –esaldi bat, ekintza bat ez dena bereziki drastikoa...– nahikoa da denari buelta emateko eta konplikatua zirudien hori sinplifikatzeko. Hori zen dena, ez zaio buelta gehiago eman behar... Hori da esan nahi nuena.
– Ikuspegi horrek literaturaz harago balioko balu, askoz ere lasaiago biziko ginateke.
– Egia da harremanak badirela aldi berean oso sinpleak eta oso konplikatuak. Nik dramatikotasuna kendu nahi diet istorio horiei, ez diet garrantzi gehiegi eman nahi garrantzi handia ematen diegun gauzei, nahiago dut sinpletasunerako bidea. Hala ere, badakit gauzak ez direla horren errazak bizitza errealean.
Publicidad
– Gauza batzuetan aurrezten duzu, baina beste batzuk erruz erabiltzen dituzu: orduak, neurria, osagaiak, zerrendak, prezioak...
– Narrazioen abiapuntuan egoten direnez gaur, hemen eta orain pasa daitezkeen gauzak, eta askotan kontatzen direnez egun arrunt bateko pasadizoak, gure egunerokotasunean oso presente dauden gauza eta informazio zehatz horiek guztiak asko erabiltzen ditut, bai, badago hor haritxo bat.
– Kazetaria zara ikasketaz eta komunikazioaren arloan lan egiten duzu. Oiartzungo irakurketa taldeko dinamizatzaile ere bazara. Aurrekari eta egiteko horiek baldintzatzen dute zure kontatzeko era eta irakurlearekiko jarrera?
Publicidad
– Kazetariaren ikuspegia agian izan dezaket kasuren batean, ez nuke ezetz esango. Galderaren bigarren zatiari dagokionez, idazten hasten naizenean ez dut irakurlea izaten buruan, baina hala ere gustatzen zait hiztegi aldetik-eta ez gehiegi konplikatzea. Nik erabiliko nituzkeen esamoldeak erabiltzen ditut idatziz ere, ez zaidalako gustatzen idazketa jaso eta ponposoa. Oso zilegi iruditzen zait norberak aukeratzea bere estiloa, baina ni ez naiz eroso sentitzen horrela idazten.
– Ez zaitu hortaz kezkatzen literatura irakurterrazaren multzoan sailkatzea zure liburuak.
– Alde horretatik, nire idazkerak bi handicap txiki izan ditzake: erraz irakurtzen da eta narrazio laburrak dira. Jende askori entzuten diot ohitura falta zaiola euskaraz irakurtzeko, zaila egiten zaiola. Irakurle taldean ere badira horrexegatik hurbiltzen direnak. Idazteko modu honekin irakurketa errazten badiet, ni pozik. Beste alde batetik, egia da jendeak nahiago dituela eta gehiago eskatzen dituela nobelak.
Noticia Patrocinada
– Zeuk ez duzu urrats hori egiteko asmorik?
– Motzeko tamainan oso eroso sentitzen naiz, baina ariketa gisa nire buruari idatzarazi dizkiot gauza luzeagoak, beldurtu ere egin nintzelako pentsatuz ez nintzela gai izango gauzak luzeago kontatzeko. Gero konturatu naiz gehiago dela kontatu nahi dudan horrek eskatzen duena gaitasun falta baino. Ez dakit gehiago publikatuko dudan, baina idazten eta saltseatzen jarraituko dut.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión