Akademie der Künsten Tomasenen nola
1696 urtean bultzatu zuen Prusiako Federik II.ak bultzaturik, arteak pluralean, beraz, Paristerplatzeko egoitzan eta Tiergarten parkean den bestean ere arte guztiak biltzen ditu
Zinemak, katuen antzera, bizitza ugari ditu. Bizimodu hamaika. Bizitoki (bizirik irauteko leku, hobe esanda kasik eta agian) ziento. Eta askotan aterpe horiek, abegi horiek, leku/ez-leku okupatu horiek ez dira, inolaz ere, ohiko, usadiozko gure etxe ondoko areto korrienteak edo hiritik, herritik, bizitzatik beratik hain urrun izan ohi diren saltoki-gune horien barruan dauden luxu merkeko eta sarrerak garestiko eremu ez hain korrienteak.
Ez. Zinemak edonon hel diezaioke bizitzari, magiari, irudiek, soinuak propio duten sorginkeria/tasunari. Edonon. Festetako barraketan. Jauregietan. Herriko plazetako horma zurietan. Etxe barruko gure pantaila handiago edo txikiagotan, gure poltsiko gailuetan. Etxola bateko sabaitik zintzilikaturiko izara adabatuan.
Zilar-emultsioak erabiltzen ziren joandako garaietan pantailetan Horrexegatik ingelesez, 'screen' hitzaren ondoan maiz agertzen zen beste bat, 'silver'. Zinemaren pantaila ez baita pantaila arrunta baizik eta zilarrezko ispilu magikoa.
Egunotan Donostian habia, egoitza, tranpolina, laborategia duen Sr y Sra izeneko ekoiztetxeak bultzaturiko 'Samsara' filmak Berlingo zinemaldian hartzen du parte. Gaur bertan du lehendabiziko emanaldia. Bihar, bigarrena. Ez da irudi eta soinu proposamen ohizkoa Galizian jaiotako Lois Patiñok eta Nafarroako Lesakan munduraturiko Xabier Erkiziak luzatzen digutena. Beraz, ezin arrunta izan jende aurrean estreinakoz agertuko den lekua. 'Samsara'-k, gorputza hil eta gero libre baina aldi berean galduta, izuturik, noranzkoa ezagutu gabe, geratzen den arimaren bidaia nolakoa kontatzen du, zinema sorkuntza esperimentalarentzat Berlinalek iaz sorturiko, gorderiko 'Encounters' (Topaketak) sail berezi-berezikoaren harribitxietako honek.
Zilar-emultsioak erabiltzen ziren pantailetan, horrexegatik 'screen' hitzaren ondoan maiz agertzen zen 'silver'
'Samsara'-k, Berlingo Parister plazako Akademie der Künste (Arte Akademia) delakoan aurkitu du babes, abegi. Lubaki ere. Ez da nolabaitekoa lekua. 1696 urtean fundatu zen, Prusiako Federik II.ak bultzaturik. Izenak, beti bezala izana definitzen dio. 'Arteak' dio. Pluralean. Beraz, arte guztiak biltzen ditu Paristerplatzeko bere egoitzan eta Tiergarten parkean den bestean ere. Eta ez gara usadiozko zazpi arte horien inguruan ari solik. Ez. Zortzigarrena den argazkigintzaz ere ari gara. Bederatzigarrena dugun komikigintzaren gaineko ardura ere badu Akademiak. Gaurko zein biharko teknologiek eraginiko sorkuntza digitalaz badu ere zer esanik ekimen honek, non Bertolt Brechtek eta lagunek libre, aise, probokatzaile, zorrotz, basa jardun zuten.
Baina Berlin gaineko zerupean ez da zinema amaitzen. Eta pelikula guztiak ez dira Paristereko plazan ematen.
Ez. Eskerrak. Esaterako….Inauteriak pasatu orduko, datorren ostegunean, otsailaren 23an, Donostiako Altza auzoko Tomasene Kultur Etxean Donostiako, Miarritzeko eta Amsterdameko zinema bilkuretan erakutsi eta loriatu izan duten Ander Iriarteren 'Karpeta Urdinak' izenburuko zinema piezak okupatuko du pantaila.
Gizartearekin, memoria historikoarekin, herriarekin, gure Historiarekin,gure istorioekin, gure min eta gure alegrantzia guztiekin, irudiarekin, soinuarekin, ikus-entzunezko lengoaia ezberdinekin konpromiso handi eta zabala hartutako eta jorratutako jendea dabil dokumental honen atzean, aurrean, aldean. Berma eta sostengu. Alde batetik, 'Echevarriatik Etxeberriara', 'Emarri' edo 'Otsoko', lan mardulen autorea den Anderrek berak sortutako Mirokutana ekoiztetxea, Bestalde, Iparraldeko eragile fin-finak diren Gastibeltza Filmak eta Kanaldude. Irusoin ahaztu barik.
Euskal Herrian jasandako torturen inguruko lana da. Txostena. Salaketa. Ikerketa sakona
Kamera atzean, kamera eskuan eta lepoan, gudari-gerlari benetakoa izan zen 'Bikila'-ren semea den Ander bera. Gidoigintzan, bera eta 'Sueñan los androides' edo 'El método Arrieta' filmen gidoia izkiriatu zuen Jorge Gil Munarriz gehi Olatz Retegi antropologoa, Torturaren Aurkako Mundu Erakundean bere doktoretza egonaldia burutu zuena. Babesle ofizialez artean, Gogora Institutua, Frantziako Centre National Du Cinema, Nouvelle Aquitaniaren hainbat erakunde, Gipuzkoako eta Euskadiko beste zenbait…
Euskal Herrian jasandako torturen inguruko lana da. Txostena. Salaketa. Ikerketa sakona. Psikologia, Neurologia, Soziologia, Antropologia, Psikoterapia, Politologia, Psikiatria eta beste Zientzia abiapuntu, zimendu harturik. Testigantzak badira, jakina, baina haratago, oso haratago doa filma, irudia, soinua, teknologiak eta grafia erraz eta erruz erabiliz, Tresna,euskarri, arma, formatu.
Ederki egiten du joko kamerarekin, soinu gailuekin. Esaterako, Francisco Gimenez 'Patxi'-ren deklarazioan bada une zeharo zinematografikoa; derrepentean hitzak itzaltzen dira. Hobe esanda, isilarazten dituzte Iriartek eta Unai Gimenez soinu-arduradunak. Orduan, hantxe, Patxiren jestuek, besoen eta begien mugimenduek, ahoaren dardarak baino besterik ez digute ematen kontatzen ari den horren berri eta zentzu sakona. Geroxeago, bidelagun, berreskuratuko dugu Paula Olazek sorturiko musika.
Bada beste istant izugarria. Hasieran. Bikilaren hurbil plano esan- esanguratsuz betea.
Ikus-entzunezko lengoaiaz eginiko ikerketa da Altzako Tomasenen ikusgai izango dena ostegunean. Eta gero, solasaldia. Anderrekin. Akademie der Künsten Kultur etxeetan nola, zinemak badaki bizirauten.