Borrar
Alaia Martin, igandeko finalean, atzean beste zazpi finalistak dituela. Usoz
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Ahots berriekin abegikor eta konplize, Gipuzkoak oholtzan etorkizuna bermatua du

Oihana Iguaran eta Ane Labakak pauso bat eman zuten Illunben eta atzetik gazteak indartsu datoz. Gaztelumendik agur esan zion lurraldeko lehiari

Jon Agirre

Donostia

Lunes, 16 de diciembre 2024, 00:00

Finalaren aurreko egun eta orduetan ia prebia eta analisi orok azpimarratu zuen Illunbeko oholtzako argazkiak aldaketa bat islatzen zuela. Lehen zantzuak, noski, lehenagokoak dira, besteak beste 2019ko Gipuzkoako Txapelketako finalean parekidetasuna izan zenean, plazako saioetan belaunaldi berri baten agerpenarekin eta, agian, prentsari eta bertsolaritzaren eguneroko-egunerokotasuna, pultsua, jarraitzen ez dugunoi hain zuzen esnarazi gintuen 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, lehen aldiz hiru emakumerekin oholtzan. Illunben Aner Peritz 'Euzkitze'-k antropologo paperean kantatu zuen bezala: «lehendik transfeministek / indar ta borondate / barrutik esan dituzte / hamaika kontu jo ta ke / Kontrako eztarritik ere / izan zen zerbaiten parte», Uxue Alberdik 2019an kaleratutako saiakera erreferentzia izanda. Itxi ere, ederki itxi zuen: «baina jendea mundua / prentsa egon da aparte / UEUren zigilu bat / ipini diodan arte».

Txapelketa biribila. Finalak eraman ohi ditu lerroburu gehienak eta ziur hemendik bolada batera aipatzen diren bertso gehienak Illunben kantatuak izana, baina txapelketa askoz ere gehiago izan da. Apirilean abiatu zen sailkapen fasearekin eta izenez 'Gipuzkoa bertsotan' izateaz gain, hala jarri du lurraldea. Bertso-eskolen eskutik joan dira saioak, haiei protagonismo handia emanda, eta bertsozaleak emandako erantzuna paregabea izan da. Udazkenean beste pauso bat eman du, areto eta plaza handiagoetara eta ez da atzean geratu ez maila ez harrera. Orotara 36 saio izan dira beste hainbat herritan eta hutsik geratu diren aulkiak kontatzea errazagoa da ia zerrenda osatzea baino. Asmatu du antolakuntzak eta 2028koari begira ildoa hor egon daiteke.

Kalitatezko saioa. Finala sakonki aztertu da jada, baina horrek ez du kentzen zortzi bertsolariei euren jarduna eskertzea. Kantatzera igo ziren, eta agian asmo hutsa nahikoa ez zaio irudituko irakurleari, baina 6.500 pertsonen aurrean barru-barrutik aritzea, hustea, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Elkarrizketa. Txalo zaparrada ugari izan ziren eta arrazoi nagusietako bat bertsolarien arteko elkarrizketak izan ziren. Gaia ardatz, bakoitza gehitzen zihoana adreilu bat gehiago izan zen eraikuntzan. Erabakiak 30 segundoan hartu behar direnean... Ez soilik binaka, ariketa batetik besterako erreferentziak ere egin zirelako.

Bestelako bertsokerak. Gustura, goxo, nabaritu ziren zortziak. Konplizitateaz, jostari eta elkar laguntzeko prest. Lehia beti ulertu da talde-lanetik eta gai batzuk senpiternoak badira ere, hasi dira bestelakoak heltzen. Bai belaunaldiagatik, bai ikuspegi sozialagogatik zein bertsokera moldeengatik, Gipuzkoak oholtzan etorkizuna bermatua du.

Aner Peritz 'Euzkitze'. Sare sozial eta hedabideok maiz irudiari pisu handia ematen diogu eta Peritz biral ere egin da. Txapelketan zehar erakutsitakoa berretsi zuen finalean, inork ez diola ezer oparitu argi utziz. Lehen parte-hartzean bosgarren postua eta 25 urtez azpiko saria txalotzekoak badira, are gehiago modua: natural, jostari, tarteka bihurri; baina esateko unea zenean sakon izaten jakinda. Aldarrikapen soilak ez, mezua, tesia duela argi utzi zuen plazan. Eta konexio ikaragarria duela harmaila eta zaleekin. Bertsolaria dago.

Beste lau urte? Oholtzan izan zen zortzikoak aldaketa erakusten duela hainbatetan errepikatu dugu eta ziur 2028koa ezberdina izango dela. Hiru ahots berri izan diren bezala, behetik datorren mailak –Maider Markuleta puntu bakarrera geratu zen– pentsaraz dezake gehiago egon daitezkeela. Nerea Elustondok, taulako beteranoenak, agurrean argi utzi zuen kantuan jarraituko duela. Beñat Gaztelumendik «Agur Illunbe» kantatu zuen eta hala bada, harro esan dezake adio añorgarrak. 2007an «txahal» bezala aurkeztuta zuzenean buruz burukora sailkatu zen eta ordutik ez du sekula kale egin. Bitan txapeldun (2015, 2019), hirutan txapeldunorde (2007, 2011, 2024), beti goitik. Igandekoan ere ez zuen akats potolorik izan, umoretik azkar jardun zuen eta asmatu zuen mezua helarazten. Beste Donostia horren aldarrikapena, entzutekoa.

Illunbe. Txapelketaren zein finalaren emaitza onak, saioetan zehar zein Illunben ikusitako irudiek eta oholtzak erakutsitako Gipuzkoaren argazkiak, prentsaurrekoan Beñat Gaztelumendik esan bezala, ez ditzala tapatu aretoak erakutsitako gabeziak. Abenduaren 14a izanda hotza onar liteke; hainbeste jende pilatuta sarreran ilarak edo auto-pilaketak ere, noski. Bertso-eskolek autobus mordoa antolatu zituzten, agian futbolerako egiten den bezala Dbuseko zerbitzua indar liteke. Baina itoginak? Hainbat ikusi ziren eta ez ziren puntualak izan. Arazo estrukturala da eta egunerokoari, etorkizunari eta 2028ko finalari begira badago zer hobetu zalea ez dadin ito. Edo soilik bertsotan izan dadila.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ahots berriekin abegikor eta konplize, Gipuzkoak oholtzan etorkizuna bermatua du

Ahots berriekin abegikor eta konplize, Gipuzkoak oholtzan etorkizuna bermatua du