Bere «mikro-munduko» bitxiak argitara ateratzen segitzen du Patziku Perurenak

Patziku Perurena, Iruñean, Elkar liburu-dendan

‘Goizuetako dokumentu zaharrak’ plazaratu du Goizuetan jaio eta Leitzan bizi den ikerlariak

FÉLIX IBARGUTXI
Viernes, 14 abril 2017, 15:38

Goizuetako dokumentu zaharrak (1324-1918) liburua aurkeztu du Patziku Perurenak. Bere «mikro-mundua» (Goizueta jaioterria eta Leitza bizilekua) iker-tzen jarraitzen du, beraz, azken urteotako liburuen arrasto beretik: Trabukoren kantaren misterioak (2009), Goizuetan bada gizon bat (2010) eta Hilen xarma (2015). Perurenak uste du liburuko zenbait atalek «Euskal Herri osorako balio dutela», eta aipatu behar da liburuan agertzen den dokumentu zaharrena orain zazpiehun urte ingurukoa dela. Hain zuzen ere, burdina porturatzeko legeaz ari da.

Artxiboen garrantzia azpimarratuz ekin zion aurkezpenari: «Lan hau ezin da azaldu artxiboak aipatu gabe. Nafarroako artxibo Handia ahaztu gabe, noski, liburu hau Goizuetako eliz eta udal artxiboei zor zaie, herri gutxik bezalako artxiboak baititu Goizuetak, eta Goizuetan bezalaxe beste edozein herritan ere, altxor mespretxatu horiek ez badira behar bezala preziatzen eta ikertzen, ez dugu santa sekulan jakinen nolako aberastasuna hankapetzen dugun egunez egun. Oraintxe eskatu nahi diet borondate oneko politikari guztiei, zorrotz eta ozen eskatu ere, lehen lehenik: zain ditzatela herrian herriko artxiboa horiek erlikia bezala, eta bigarrenik, jar ditzatela edozein herritarrek erraz aztertzeko moduan».

Lehen esan bezala, dokumentu zaharrena orain dela ia zazpiehun urtekoa da: 1324koa. «Burdina porturatzeko legeri buruzko agiria da eta etengabeko. Etengabeko auziak sortzen baitzituen gai honek. Zergatik? Inguruko itsas portuetara burdina eraman eta honuntzekoan tranpa egin eta beste genero batzuk ekartzen zituztelako nafarrek: garia, olioa, bakailaoa eta abar».

Hurrena 1406ko dokumentu bat dator, Goizuetako herriak Orreagako fraideekin egin zuen akordiorik zaharrena. «Dokumentu honetxetan daude gero etorri ziren auzi guztien oinarriak. Eta aurreneko aldia da, osorik argitaratzen dela hemen, lehendik inon ez bezala. Hor, eta 1510eko beste dokumentu batean, ikusten da Goizuetak zer menpekotasun zeukan Orreagarekiko».

Gero 1427ko apeoa dator, hau da, etxeen zerrenda eta etxe bakoitzean bizi ziren lagunen izenak. «Garai hartan Goizuetan nolatsu bizi ziren erakusten du paper horrek. Eta ondoren 1555eko sutea aztertu dut, Goizuetan hogeita bost etxe eta Maleneko basilika erre zirenekoa».

Pilota, pilota plaza eta frontoiei ere eskaini die atal bat, liburuko luzeenetakoa. Patziku Perurenak pilota plaza aditu zuen beti Goizetan umetan, eta gero Leitzara bizi izatera joan zelarik, frontona hitzarekin egin zuen topo. Egun eskupilota izenez ezagutzen den jokoa ez omen da oso zaharra. Hemeretzigarren mendean blé anglizismoaz deitzen zitzaion joko-mota honi; Patzikuren iritziz play delakotik etor daitekeena. Eta 1825eko dokumentu batean aipamen hat aurkitu du: «Asi mismo ordena y manda el Ayuntamiento que ninguna persona de cualquiera clase, condición y edad que sea, pueda jugar al Blé en el cubierto de Azoca ni en ninguno (sic) de las paredes que miran al Juego de pelota...».

«Batek esanen luke izen arrotzeko modalitate berria debekatzen duela agindu horrek. Alegia, jokoa, oraindik oso berria eta arrotza zelako, hain juxtu debekua ere», irakur daiteke liburuan. Ipar Euskal Herrian euskal kutsua eman zioten hitzari eta pleka sortu. Jose Mari Otermin Amezketako eskupilotaren historia idazten da eta berak ere topatu du blé delakoa, Patzikuk adierazi zuenez.

Bukaera aldera, 1897ko Erriko Ordenanza Municipalac irakur daitezke. Lehendik publikatuta zeuden, Jose Mari Satrustegi euskaltzainak publikatuak Fontes Linguae Vascocum aldizkarian, baina Perurenak ordenantzon idazlea aurkitu du: Martin Arozena, alegia.

Secciones
Servicios