Zumaia
Sankristobal jaietan murgildu da Narrondo auzoa igandera arteAdin guztietakoei zuzendutako ekitaldiak antolatu dituzte auzotarrek eta izango da non gozatua datozen egunetan
Zumaia
Jueves, 10 de julio 2025, 20:27
Sankristobal jaietan murgildu da Narrondo auzoa. Ostegunean ospatu zuten auzotarrek zaindariaren eguna eta goizean goiz suziria jaurti ondoren, meza eta hamaiketakoa izan zituzten auzoan. Umeek ere izan zuten non gozatua arrratsaldean. Izan ere, eguraldia lagun, uretako jolasekin aritu ziren.
Publicidad
Ostiral honetan arratsaldera arte itxaron beharko dute festazaleek egitaraua martxan jartzeko eta behin 19:00ak jota, sagardo dastaketa egingo dute karpan eta ez dira pintxoak faltako. Inguruko baserrietako sagardoak dastatu ahal izango dira. Gero, 21:00etan hasita, Izer eta Alabier trikitilariek alaituko dute gaua.
Larunbatean, mus eta eskoba txapelketen tartea izango da, 15:30ean hasita. Txapelketetarako izena ordu erdi lehenago eman ahal izango da, 15:00etan. Mus txapelketaren kasuan, bikoteko 25 euro ordaindu beharko dira, eta eskobakoan 15 euro bikoteko.
20:30ean sardina jana izango da. Sardinak doan izango dira. Hauek gustuko ez dituenak, berriz, sahieskia ere izango du aukeran eta edariak ere ez dira faltako, azken bi hauek, ordainduta. Ondoren, Obeneuke Trikitilari Taldea izango da.
Igandean izango da Narrondon jaietako azken eguna. Goizean, 11:00etan hasita, artisau azoka eta talogileak izango dira eta Jon, Jaione eta seme-alabek emanaldia eskainiko dute 12:45ean hasita.
Arratsaldean, urtero jende andana bildu ohi duen aizkora jaialdia izango da, 18:00etatik aurrera. Iker Vicente, Eneko Saralegi, Julen Alberdi Txikia eta Ugaitz Mugerza aizkolariak eta Ainize Zumeta, Maddi Gesalaga eta Paulo Azpiazu harrijasotzaileak ariko dira nor baino nor. Jagoba trikitilariak girotuko du arratsaldea eta Etxalarren taloak dastatzeko aukera ere izango da.
Publicidad
Honenbestez agurtuko dituzte datorren urtera arte sankristobal jaiak Narrondo auzoan.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión