Neskek pozik egoteko arrazoiak zituzten eguerdian, zaleen aurrean erakustaldi bikaina egin ondoren, bigarren amaituz. ARGAZKIAK AMAXKAR

Zarautz

Erakustaldi bikaina eman zuten ZAEko bi Enbatak etxeko zaleen aurrean

Ez da erraza izaten jarraitzaileen aurrean duten dena ematea baina neskek 2. eta mutilek 4. amaitu zuten larunbateko estropadetan

Sábado, 17 de agosto 2024, 21:46

Zarauzko Arraun Elkartearen bi Ikurriñak nork eramango zituen erabaki behar zen larunbat eguerdian. Eguzkipean, Allepunta inguruan, herriko zaleak eta kanpotik etorritakoak ETE Liga eta KAE-1 Ligako estropadak ikusteko gogoz zeuden, bereziki zarauztarrak, etxean gure neska eta mutilak zuzenean ikusteko aukera bakarra izaten baita hau.

Publicidad

Bi ontziek oso hasiera ona eman zieten euren txandei. Ez da erraza izaten etxekoen aurrean nor bere maila ematea, bereziki prestatu arren, askotan ikusi izan ditugu urduritasunak eraginda ohikoa baino maila kaskarragoa ematen.

Ez zuten horrelakorik egin gureek. Esan bezala lehen luzea oso ona egin zuten, Etxarteren neskak indartsu atera ziren eta ziaboga lehen postuan eman zuten, lehenengo txandako denborak hobetuz eta estropada lehiatzeko zeudela erakutsiz. Itzulerako luzea ederra izan zen. Hiru ontzi parekatuta zetozen, Enbata, Astillero eta Zumaia. Zalantzarik gabe denboraldiko hiru traineru onenak izan dira ETE Liga honetan eta azkenaurreko estropadan, Zarauzko eremu ospetsuan edonork irabazi zezakeen. Azken txanpan erabaki zen dena. Astillerok gogor eman zion eta aurrea hartu estropadari. Gure neskak ez ziren behera etorri eta Zumaiarekin lehia polita izan ondoren bigarren sartu ziren helmugan, zaleen garrasi eta txaloen artean.

Bi ontziek euren ligak igande honetan amaitutzat emango dituzte Bilboko uretan erlojupekoak lehiatuz

Pozik zeuden egindakoarekin eta pozik baita lurretik begira geunden zale guztiak ere. Lanaren fruitua jasotzen ari dira eta merezi zuten etxean honelako emaitza bat lortzea.

Mutilak ere ondo

Aurpegi alaiak kamiseta urdina zeramatenen artean baina oraindik bigarren ontzia lehiatzen ikusi beahr zen. Lehen txanda bukatuta, Gaizka Garmendiaren esanetara irteera puntura joan eta hauek ere hasiera bikaina egin zuten. Nesken kasuan bezala lehen luzean onenak izan ziren, kanpoaldeko ziaboga lehen postuan emanaz. Poparean Arkotek aurrea hartu zion Enbatari eta bigarren ziabogan traineru bateko aldea zuten plentziarrek. Oraindik estropadaren bigarren zatia geratzen zen eta eutsi beharra zuten zarauztarrek. Eutsi zioten baina Arkote izan zen helmugan bizkorrena. Bigarren sartuta bazirudien azken sailkapenean ez zirela onenen artean sartuko baina txanda nagusiko bi traineruk egindako denbora hobea izan zutenez, laugarren amaitu zuten saioa.

Igande honetan Ligako azken estropada izango dute bi Enbatak, Bilboko uretan erlojupekoan lehiatuz, neskak 16:00etan eta mutilak 16:40ean.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad