Herriko parrilleroek arrainaren prestaketa sekretuak erakutsiko dituzte.

Orio

Pintxo-pote gastronomikoan parte hartzeko txartelak dagoeneko salgai dira

Sasoiko arrainen pintxo-potea izango da urriaren 3an, herriko erretegietako parrilleroak prestatutako pintxo-potean

Antxon Etxeberria

ORIO.

Miércoles, 10 de septiembre 2025, 09:45

Orioko Udalak eta Parrilla Festa antolatu duten eragileek joan zen astean egin zuten agerraldia, elkarrekin ondu duten jaiaren nondik norakoak azaltzeko. Festaren bizkarrezurra urriaren 3tik 5era garatuko da, eta irekiera ekitaldiaren ostean, pintxo-pote gastronomikoarekin hasiko da festa.

Publicidad

Parrilla Festaren helburua herriko itsas ondarearen transmisioan eragitea eta herrian errotutako ohiturekin jarraitzea da. Horretarako antolatu da, besteak beste, esperientzia gastronomikoa: sasoiko arrainen pintxo-potea. Bost zentzumenak aktibatu, eta parrillan erretako sasoiko arrainaren usainaz, zaporeaz, itxuraz, testuraz eta txinparten hotsaz gozatzeko aukera paregabea izango dute oriotarrek.

Horretarako, herriko erretegietako parrilleroak izango dira plazan. Egun horretan arraindegian hartutako bi arrain mota prestatuko dituzte, eta horietako bakoitzarekin pintxo bat egingo dute. Horrez gain, gilda bat eta txakolina dastatuko dute parte-hartzaileek.

Prestaketa prozesua ezagutu

Baina, esan bezala, esperientzia ez da jan-edanean bakarrik oinarrituko. Horren ordez, arrainaren prestaketa prozesua hurbiletik ikusiko dute herritarrek, eta parrilleroen sekretuak ezagutuko dituzte: ikatza nola prestatu, arraina nola zatitu, sutan nola erre, nola prestatu ozpin-olioa... Ikusteko ez ezik, ikasteko ere balioko duen saioa izango da.

Txartelen salmenta

Pintxo-pote gastronomikoan parte hartu nahi duten herritarrek txartela eskuratu beharko dute, turismo-bulegoan. Txartelak atzo jarri ziren salgai, eta 10 euroko prezioa izango dute. Esan bezala, txartel bakoitzak bi pintxo, gilda bat eta txakolina dastatzeko aukera emango du. Bakoitzak, gehienez, 6 txartel erosteko aukera izango du.

Publicidad

Pintxo-potea bi txandatan banatuko da: lehen txanda 20:00etan izango da, eta bigarrena, 21:00etan. Beraz, txartela erosteko unean, zein txandatan parte hartu nahi duten zehaztu beharko da. Eta bi txandak beteko balira, larunbatean bigarren saio bat antolatzeko aukera aztertuko du Udalak.

Informazio osagarria behar izanez gero, turismo-bulegora hurbildu: Aritzaga kalea, 1; 943.835565 telefono zenbakian edo infoturismoa@orio.eus helbidean. Ordutegia, ostirala bitartean 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 20:00etara; larunbata: 10:00 – 14:00 eta 16:00 – 20:00 eta igandea: 10:00 – 14:00etara.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad