Getaria
«Uste dugu getariarrek gure lan egiteko modua eta proiektua babesten dituztela»Haritz Alberdi alkateak bere bigarren agintaldiko lehen urtea bete berri du eta DVek balantzea egitera gonbidatu du
Legegintzaldiko lehen urtea amaituta, alkateari, Haritz Alberdiri, eskatu diogo balantze bat egiteko lehen urte honetaz. «Bigarren agintaldia dut alkate moduan, eta EH Bilduren 4. legealdia dugu alkatetzan. Uste dugu getariarrek gure lan egiteko modua eta proiektua babesten dituztela, eta azken aldian izan diren hauteskundeek ere hala erakutsi digute. Eta, noski, horrek poza eta aurrera jarraitzeko konfiantza ematen dizkigu».
Publicidad
«Azken hilabeteetan, hainbat erabaki hartu ditugu getariarrek herrian bertan eta bizi-kalitate egokietan bizitzen jarraitu ahal izateko. Besteak beste, Potzuagako etxebizitza babestuak egiteko prozesua martxan jarri izana aipatu behar dugu, baita Euskaltxetan alokairu sozialeko etxeak eraikitzeko egin beharreko zereginen eta izapideen lanketa ere. Zaurgarrienei laguntzeko etxebizitza tutelatua egin dugu eta Arreta Psiko-soziala martxan jarri. Bestalde, kiroldegiari dagokionez, teilatua berritzeko lanak egin ditugu, eta kirol-makina berriak sartzear gaude. Horrez gain, herritarrek energia aurrezteko panelak jarri ditugu, eta argiteria publikoa LEDetara aldatzen jarraitzen dugu. Hau da, hauteskundeetan hitz emandakoa betetzeko urratsak egiten ari gara» esan du Haritzek pasa berri dugun lehen urte honetaz.
Urtebete honetan egindakoa laburtu ondoren aurrera begira jartzeko eskatzen diogu Haritzeri. Oraindik beste hiru urte geratzen dira legegintzaldi honetan eta bertan dituzten erronkak ezagutu nahi izan ditugu.
Eta datozen 3 urteetan zer?
«Duela urtebete getariarrek gehiengoz babestu zuten lan egiteko moduarekin segituko dugu aurrerantzean ere, eta agindutako proiektuak gauzatzeko indarra egiten jarraituko dugu. Bada halako 'obsesio' bat, baina argi adierazi nahi nuke ahaleginak eta bi egingo ditugula gure moilak arrantzarekin eta itsasoarekin zerikusia duen portu izaten segitzeko, eta, horretarako, noski, instituzio eta erakunde desberdinekiko elkarlana eta harremanak bultzatuko ditugu. Oraindik garaiz gaude Getariako moilak arrantza-portu izaten segitu dezan beharrezko diren babes-neurriak hartzeko».
Irisgarritasunaren inguruan zera dio, «jada eskatu diegu Euskaltxetako etxeen proiektua idazten ari diren arkitektoei Herrerieta eta Balentziaga kaleak lotuko lituzkeen igogailuaren oinarrizko roposamena idazteko. Horri forma ematea izango da gure beste nahietako bat».
Publicidad
Gazteak ere kontutan izan ditu alkateak, «gazteen eta kolektiboentzako espazio autogestionatuari forma ematea da gure beste erronketako bat. Hain zuzen ere, udazkenerako dugu programatuta lanketa hori. Kulturaz, etorkizunaz eta herri biziaz hitz egitea beharrezkoa da, eta ahalegina egingo dugu aipatu kolektibo horien inplikazioa lortzeko».
Berdintasuna eta ongizatean hau proposatzen du. «Berdintasun-plana onartu genuen, eta iparra finkatuta dugu. Zereginak ere zehaztuta daude, eta, arreta handiz, zeregin horiek aurrera eramango ditugu. Iraganekoei zor diegu, baina, bereziki, gaurko eta etorkizuneko getariarrei».
Publicidad
«Herritarren ongizateari dagokionez, gurean badira oinarrizko beharrak dituzten herritarrak, eta, horregatik, jada martxan ditugun egitasmo sozialek lehentasuna izaten segituko dute aurrerantzean ere. Horrez gain, zaintzari dagokion lekua ematen hastea izango da gure erronketako bat; hasteko, etxez etxeko laguntzari beste begirada batekin heltzea da gure asmoa».
«Azkenik, gobernantza-ereduan eragiten jarraitu nahi dugu. Lehen ere aipatu izan dut politika egiteko moduen eraberritze bat beharrezkoa dela. Herritarron interesak lehenesten dituen hartu-emanak eta konplizitateak eraikitzen segituko dugu, bai eragileekin, bai beste erakundeekin, hala nola Foru Aldundiarekin, Jaurlaritzarekin eta gainerako instituzioekin. Izan ere, elkarlana da bidea».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión