«Korrikari poza dario batetik eta bestetik»
Haur, gazte zein heldu; lehen aldiz parte hartzen zutenak nahiz Korrika bakar batean hutsik egin ez dutenak. «Oso ekitaldi polita da euskaldunontzat», zioten
Jendez betetako Irungo San Juan plazatik abiatu zen Korrika arratsaldeko lauretan. Baina festa askoz lehenago hasi zen eta, noski, beranduago bukatu. Lehen aldiz irten da euskararen aldeko martxa Irundik –laugarrenez Gipuzkoatik– eta bertako bizilagunak «harro» azaldu dira AEK-k euren hiria irteera puntu aukeratu duelako. Ez dago zalantzarik, «egun berezia» izan zen euskaldunentzat baina, batez ere, irundarrentzat. Hala zioen, behintzat, Iñaki Goikoetxeak. Nahiz eta gaur lan egin, ez zuen, «inolaz ere», hutsik egin. «Ekitaldi polita da eta aitortza Irungo euskaldunentzat. Hunkitzen nau Korrikaren inguruan mugitzen den guztiak eta hau bultzada bat da euskararentzat Irunen».
Bere anaia Mikelekin egin zuen korrika. Haren «lehen parte-hartzea» izan zen. «Ahal dugun arte joango gara. Gutxienez, Irungo zatia egingo dugu», zioen Mikelek martxa hasi aurretik, trago bat hartzen zuen bitartean. «Hondarribira ez gara gerturatuko. Normalean kirola egiten dut eta lasai asko ibiliko gara», azaldu zuen irundarrak. Euren asmoa, irteera hau «errepikatzea da», non izango den argi ez duten arren.
Fernando Etxezarreta lasterketa hasi baino ordubete lehenago hurbildu zen plazara Iñaki semearekin . «Oso pozik» zeuden. Fernando «Korrika guztietan» izandakoa da, «txiki-txikia» zenetik. Horrelako ekitaldi bat Irunen hastea «historikoa» dela dio. Zergatik? «Hirian euskara ez da asko entzuten eta ea hemendik aurrera jendea animatzen den eta 365 egunetan egiten duen euskaraz», zioen. Helburua «ondo pasatzea» zen, «korrika egitea eta ahalik eta kilometro gehien burutzea». Irungo guztiak, Hondarribira iritsi eta buelta: «18 kilometro gutxi gorabehera». Hasierako zatia Iñakik eta Fernandok elkarrekin egin zuten; semearen bigarren Korrika izan da.
Iñaki ez zen, inondik inora ere, euskararen aldeko jaia ospatzera hurbildu zen haur bakarra. Ehunka umek eta gaztek hartu zuten parte lasterketa hasieran eta espero da irudi hori egunero errepikatzea festaren amaierara arte. Askok petoa zuten soinean, beste batzuk 'Herri harro' leloa duen kamiseta... Hori gutxienezkoa zen, ordea. «Euskaraz hitz egitea da garrantzisuena». Horixe nabarmentzen zuen AEK-ko kide Jokin Pedreñok. «Gozatzera etorri gara. Ilusio bereziarekin bizitzen ari naiz nire lehenengo aldia baita», zioen.
Edizio guztietan bezala, hogeita hirugarren honetan lehen aldiz parte hartuko duen jendearekin batera, beterano ugari ere egongo dira. Elkar aspaldi ikusi gabe zeramaten Dani Goñik eta Kontxita Beitiak, baina biek hartu dute parte Korrikan txikitatik eta topo egin zuten «berriz ere». Are gehiago, edizio guztietan parte hartu dute eta 84 urterekin, Kontxitak etapa bat –edo posible bada gehiago– egingo ditu. «Erabat ekipatuta» zegoen. Abiapuntuan egon nahi zuen baina bere benetako momentua igandean iritsiko da, Nafarroan. «25 lagun joango gara, familia osoa. Milagron hartuko dugu lekukoa eta poliki-poliki abiatuko gara. Korrikari poza dario batetik eta bestetik».
Dani jubilatuta dago jada eta festa hau «oso garrantzitsua» irudetzen zaio «euskaldunontzat eta Euskal Herriarentzat. Libre nengoen irteerara etortzeko. Abiatze eguna oso egun polita da, gainera». Garai batean «kilometro asko» egin izan ditu, baina orain lasaiago dabil, nahiz eta festa girora ez huts egin.
Iñaki, Mikel, Fernando, Jokin, Dani, Kontxita... Eta, metro pare bat aurrerago, Rocío Jiménez eta Edurne Rodríguez. Irungo ikastetxe batean egiten dute lan, eta, lan egin eta gero, eskolan bazkaldu eta festara joan ziren. «Ikastetxearen kilometroan» korrika egin zuten eta gero «Esne Beltzaren kontzertura» joan ziren, eguna ondo bukatzeko.
Sekulako giroa sortu zen Irunen eta gaur jarraituko du Iparraldean eta Nafarroan, lekukoa eskuz esku doan bitartean. Datorren asteartean, 19an, itzuliko da lasterketa Gipuzkoara, Goizuetatik Hernanira.
Laburrean
Irundarra
Iñaki Goikoetxea
«Hunkitzen nau Korrikaren inguruan mugitzen den guztiak eta hau bultzada bat da euskararentzat»
Irundarra
Fernando eta Iñaki Etxezarreta
k«Ea hemendik aurrera jendea animatzen den 365 egunetan euskaraz egitera. Dena den, helburua ondo pasatzea da»
Donostiarra
Kontxita Beitia
«Datorren igandean 25 lagun joango gara Nafarroara, familia osoa. Milagron hartuko dugu lekukoa»
Donostiarra
Dani Goñi
«23. Korrika da eta nire 23.a ere. Garai batean kilometro asko egin izan ditut eta orain, jubilatuta, lasaiago noa martxara»