Oiasso Museoak iaz baino %16 bisitari gehiago jaso ditu uztailean
Igoera handiena Estatutik iritsitako turisten artean izan da, baita Frantziatik heldutakoen artean ere
Xabier de la Linde
Irun
Jueves, 14 de agosto 2025, 21:28
Uztaila hilabete emankorra izan da Oiasso Museoarentzat. Iazko datuekin alderatuta eta Dies Oiassonis jaialdiko egunak baztertuta, erromatar museoa bisitatu duten pertsonen kopurua %16 handiagoa izan da. Hala, museoak 2.935 bisitari jaso zituen pasa den hilabetean. «Oso pozik gaude, zalantzarik gabe sumatu da Termen irekieraren eragina», balioztatu zuen Oiasso Museoko zuzendaria den Juanjo Jimenezek.
Publicidad
Jatorriari dagokionez, bisitarien erdia euskal herritarrak izan dira. Horietatik, laurden bat irundarrak eta %47 gipuzkoarrak. Udako sasoian ohikoa denez, Estatutik etorritako turistak ere izan ditu museoak, ekainean baino %50 gehiago, hain zuzen. «Gehien bat Kataluniakoak izan ditugu, baina baita Madrilgoak eta Andaluziakoak ere, besteak beste», azaldu zuen zuzendariak.
Atzerritik heldutako bisitarien kasuan, frantsiarrek gora egin dute nabarmen. Hala ere, uztailean beste herrialdeetatik (Alemania, Herbehereak, Estatu Batuak...) heldutako turista gutxiago jaso dituztela nabarmendu zuen Jimenezek, beherakada horren zergatia azaltzerik ez duen arren. «Iazko uztailean Frantziatik heldutako pertsona gutxi izan genituen, Joko Olinpikoengatik akaso».
Uztailean izandako emaitza positiboak erakusketa iraunkorrek izaten ari diren harrera onari esker ere badirela azpimarratu zuen zuzendariak. Bata 'Gutxiengo Itzel Hori' da, Murtziako kontsortziotik ekarritako piezekin osatutakoa. «Jendeak gehienetan agintarietan jartzen du arreta, baina erakusketa honetan herriari (artisauak, nekazariak, emagalduak...) egiten zaio aitortza». Bestea 'Neandertalak Mendebaldeko Pirineotan' da, Arkeologia Museotik ekarritakoa.
Erakusketez eta bisita gidatuez gain, museoak bestelako ekitaldiak ere antolatzen ditu urtean zehar. Kasu horretakoa da 'Ser Historia' saioa, museoan atal bat Oiasson grabatu baitzuten hilaren hasieran. «Bada jendea podcasta entzun eta gure museoaren berri izan duenak», komentatu zuen Jimenezek. Horregatik, Oiassora gerturatzen direnen artean ohikoa izaten da historiarekiko edo arkeologiarekiko interesa duten turistak aurkitzea.
Publicidad
Museok ere aterpe klimatiko
Udako dinamikaz galdetuta, Jimenezek «momentuz ondo» doala adierazi zuen. Hain zuzen, museoak egunotan bizi ditugun tenperatura altuetatik ihes egiteko leku aproposak direla nabarmendu zuen. «Atzerritarrak askotan 13:00etatik 15:00ak bitarte etortzen zaizkigu, hori ez da batere ohikoa gure inguruko bisitarien artean».
Hain zuzen, freskotasun hori nabaria da Termetan, tenperatura baxuak beharrezkoak baitira aztarnategia behar bezala kontserbatzeko. Erromatar bainuekiko «interesa argia» bada ere, museoaren helburua eskaintza zabaltzen jarraitzea da. Uztailean abuztuan baino «mugimendu gehiago» egoten dela aipatu arren, Jimenezek hilabete honetan «gauza interesgarriak» daudela aurreratu zuen. Azpimarratzeko da igandean, Santa Elena egunean, ate irekien jardunaldia egingo dutela Oiassoko nekropolia eta ermita bisitatu ahal izateko. Sarrera doakoa izango da 10:00etatik 20:00ak bitarte, atsedenik gabe.
Publicidad
Bestetik, Oiasso Museoa «bisitatzen erraza» dela eta «familiarekin etortzeko egina» dagoela errepikatu zuen zuzendariak. «Ez da batere akademikoa». Horren harira, pasa den hilabeteko bisitariek betetako inkestek erakusten dutenez, Termen irekierarekin museoko baliabideak «modernizatu» dira. «Ikus-entzunezko edukiak lagungarri egin zaizkie Termak nolakoak ziren eta nola funtzionatzen zuten ulertzeko», azaldu zuen Jimenezek.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión