Borrar
Hika ikastaro trinkokoikasleak,Bidasoako AEKko egoitzaren aurrean. BIDASOAKO AEK
Hitanoa bultzatzeko mugimendua

Irun

Hitanoa bultzatzeko mugimendua

Euskaraldia. Bidasoako AEKk hiru eguneko hika ikastaro trinkoa eta Hikadromoa antolatu ditu datozen egunetan Euskaraldia Hika egitasmoaren barruan

Sábado, 10 de mayo 2025, 21:03

Euskarak badu modu informalean aritzeko berezko erregistroa, hitanoa alegia. Leku batzuetan osasuntsu mantentzen den arren, beste askotan desagertzear dago. Hikaren erabilera bultzatze aldera, Euskal Herriko 80 herritik gora hartuko dute parte Euskaraldiaren baitako Euskaraldia Hika ekimenean.

Irungo batzordeak hitanoa suspertzeko mugimenduarekin bat egin eta Bidasoako AEKren eskutik, hiru eguneko hika ikastaro trinko bat eta Hikodromoa antolatuko dute datozen egunetan. Pasa den asteazkenean egin zuten ikastaroaren lehendabiziko saioa, 7 bat ikasleren parte hartzearekin. «Hasiberrientzat da, lehendabiziko pilula antzeko bat: hitanoa ezagutu, zer den ikusi eta ea eroso zauden ikusteko», dio Beñat Alzagak, Bidasoako AEKko zuzendaria denak.

Euskaltegian 2010etik daramatzate hikaz trebatzeko ikastaroak eskaintzen, euskararen normalizazioari bideratuta. «Martikulazio garaian, beti izaten dugu hitanoa praktikatzeko eta ikasteko eskean hurbiltzen zaizkigunak», dio zuzendariak. Iaz ezin izan zuten ikastaroa egin, baina datorren ikasturtean hura berriz antolatzeko asmoa adierazi du Alzagak: «Ez nuke esango hitanoa ikastea zaila denik, logika handiko hizkera da».

Ikastaroetan izena ematen duten profilari buruz galdetuta, «oso zabala» dela onartzen du Bidasoako AEKko zuzendariak. Bereziki «kontent» dago emakumeak ere animatu izan direlako: «Bietatik egotea garrantzitsua da, hikak 'toka' eta 'noka' eskatzen duelako».

Hitanoak euskararen normalizazio prozesuan «bere aletxoa» jar dezakenaren aldekoa da Alazaga. Bere hitzetan, hikak hurbiltasuna adierazten du, «freskoa eta lagunartekoa» da. «Euskaldunok badugu erdarara jotzeko joera zenbait esamoldetan, eta uste dugu hor hitanoak baduela bidea urratzea», dio.

Hikadromoa

Hikaz «lasai hitz egiteko edo entzuteko» intentzioarekin, Hikadromoa egingo dute hilaren 21ean, asteartearekin, EKTren egoitzan, arratsaldeko 19.00etan. «Ez duzu zertan hitanoa jakin edo ikastarora joan behar Hikadromora etortzeko. Modu bilduan eta goxoan egingo dugu, espazio seguru bat sortu nahi dugulako hikaz aritzeko», dio Alzagak.

Azken hamarkadetan hitanoak zenbait lekutan espazioa galdu duen arren, beste batzuetan «bizi bizirik» dago. Hezkuntzaren papera nabarmendu du Alzagak prozesu horretan, gizartea euskalduntzearekin batera «hitanoaren haria desagertu» delako.

Hain zuzen, Euskaraldia Hika ekimenean bi motako herriek hartuko dute parte: hika egunerokoan erabiltzen duten bizilagunen artean emakumeei egiten zaien forma (noka) bultzatuko dute, batez ere gizonezkoena (toka) darabiltelako, eta hika erabiltzen ez den lekuetan, berriz, bien erabilera sustatuko da.

Bidasoako egoeraz galdetuta, gurean hitanoa «ez dela nagusi» dio zuzendariak, «nolabaiteko trasimisio galera handi bat eman delako gure aitona-amonen garaitik».

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hitanoa bultzatzeko mugimendua