Irun
«Erakusketan bere obra eta bizitza biltzen dira»Nestor Basterretxea. Hondarribian 44 urtez egindako hainbat lanen bilduma ikusi daiteke Arma Plazako eraikinean, asteazkenera arte
Iñigo Aristizabal
Larunbata, 6 abendua 2025, 20:45
Artista baten erakusketa prestatzen denean, ohikoena bere lana biltzea da, baina Arma Plazako eraikinean dagoen 'Basterretxea Hondarribian' harago doa. «Bere obra eta bizitza biltzen dira, zerbait intimoa da. 54 urte eman zituen hemen, gehien egon zen tokia izan da Hondarribia eta hemen garatu zituen obra oso esanguratsuak. Esate baterako Euskal Kosmogonia, edo Izaro, Eusko Jaurlaritzeko anagrama, eta beste hainbeste».
Azalpen honen atzean Telmo Basterretxea dago, Nestorren iloba eta haren lanaren ezagutza handia duena. Erakusketaren komisarioa Fernando Golvano bada ere, familiak parte-hartze sakona izan du.
«Basterretxea, Oteiza, Irun... Horri buruz asko hitz egin da, eta normala da, bere bizitza artistikoaren garai garrantzitsua da. Baina, Hondarribira 1970an etorri zen eta beste etapa artistiko bat hasi zuen barrura begiratzen, nolabaiteko bilaketa etnografikoa. Eta ikusi dugu Hondarribiko etapa ez dela, ordea, asko ikertu».
Arma Plazako erakusketa asteazkenean amaituko da. Gaur 10:00etatik 14:00etara eta datozen egunetan 10:00etatik 18:00etara ikus daiteke. Azken asteetan jende ugari pasa da, haien artean Javier Sagarzazu edota José Antonio Sistiagaren seme-alabak, eta «erreakzioak oso onak izan dira. Batez ere, 1960ko jaietako egitarauak ematen du aten-tzioa, baita Zeria jatetxerako proposatutako planoak ere, orain arte erakutsi ez den errealitate bat».
Eskulturak, kartelak, argazkiak, planoak... eta bideo bat ere ikus daitezke. «Bizitako bi etxeen memoria ere berreskuratu nahi izan dugu; batetik, Amparoren Etxea edo Villa Amparo eta Idurmendieta baserria».
Telmok gogoratzen du eragile kulturala izan zela, «garai oso interesgarri batean, politikoki, sozialki... Berak parte hartu zuen eta urte batzuk lehenago Irunen bezala, Hondarribian ere bai. Oso modu intentsoan lan egin zuen. Zahartzaroan beste energia batekin».
Aldiz, Ortzi Alonso Euskara zinegotziak azpimarratzen du «Euskal Jaiekin lotura haundia izan zuela Basterretxeak eta haien ehungarren urteurrena ospatzen ari garela kontuan izanik, badu lotura erakusketak. Eskerrak eman Fernando Golvano komisarioari, familiari eta parte hartu duten guztiei».
Alberdiren hitzaldia
Ostegunean hitzaldi bat eman zuen Katrin Alberdik Kultur Etxean, Basterretxearen lanen zahar-berritzearen eta katalogazioaren obraren inguruan. «Lanak nola gordetzen zituen agian ez zen modu egokiena eta Alberdik proposatu zuen haiek jaso-tzeko beste modu bat».