Aurtengo Euskararen Hilabeteak ekitaldi irekiak eskaintzen ditu hiritar guztientzat
3.300 ikasletik gora pasatuko dira eskola orduetan antzezlanekin gozatzera, eta DBH3koek Mintzodromoa ere egingo dute Palmera Monteron
Haur eta gazteen artean erabilera sustatzeko, Udalak Euskaren Hilabetea antolatu du aurten ere. Euskara gelatik kanpo ateratzeko helburuarekin, ikastetxeekin batera landutako programa aurkeztu du ... astearte honetan Nuria Alzagak, Euskara ordezkariak, Amaia Kultur Zentroan. 'Euskararekin batera, korrika!' lelopean egingo da aurtengo edizioa, martxoaren 14an Irundik aterako den Korrikari keinu bezala.
Publicidad
Ikuskizunek, mintzodromoak eta Irunero bereziek osatzen dute aurtengo programa. «Irungo Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren barruan dago. Ildo horretan, haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera indartu nahi dugu», azpimarratu du ordezkariak. Urteroko antzerki eta Mintzodromo Gazteaz gain, bi berritasun izango ditu programak: 'Bizkarsoro' filmaren proiekzioa ostiral honetan eta 'Euskarak bakarrik ezin badu, norekin bai?' hitzaldia.
EGITARAUA
-
Proiekzioa Ostiralean, otsailak 16, Josu Martinez zinemagilearen 'Bizkarsoro' filma.
-
Hitzaldia Martxoaren 6an, Imanol Epeldek 'Euskarak bakarrik ezin badu, norekin bai?' hitzaldia emango du.
-
Mintzodromo gaztea Palmera Monteron martxoaren 15 eta 22an. DBH 3ko ikasleei zuzendutako jarduera.
-
Erbia eta Dortoka Haur Hezkuntzako umeentzat, otsailaren 21 eta 22an.
-
Kuku! Ezkutuan dauden emakumeak Otsailaren 29an Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako haurreentzat.
-
Narzis@ Martxoaren 5 eta 6an DBH 1 eta 2ko ikasleentzat.
-
Lagun beltz asko DBH 3 eta 4ko ikasleentzat martxoaren 7an.
Batetik, datozen asteetan 3.300 ikasle inguruk hainbat antzezlan ikusiko dituzte eskola orduetan Amaia Kultur Zentroan. «Lau antzerki desberdinekin, gai desberdinen inguruan, parekidetasuna, arrazakeria, indarkeria, mundu digitala edo errespetua hausnartzeko aukera izango dute, taularatuko obra guztiek kutsu hezitzaile eta didaktikoa dutelako», azaldu du Alzagak.
Haur Hezkuntzako umeak izango dira lehenak otsailaren 21 eta 22an, Glu Glu antzerki taldearen 'Erbia eta Dortoka' obraz gozatzeko aukera izango dute. Otsailaren 29an Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako haurren txanda izango da, Eidabe konpainiak 'Kuku! Ezkutuan dauden emakumeak' obra antzeztuko du haientzat.
Publicidad
Martxoaren 5 eta 6an 'Narzis@' antzezlana taularatuko dute Borobil antzerki taldekoek DBHko 1go eta 2. mailetako ikasleentzat eta antzezlanekin bukatzeko, Ados konpainiak 'Lagun beltz asko' obra eskainiko du DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleentzat martxoaren 7an.
Mintzapraktika
Horretaz gain, DBHko hirugarren mailakoek Mintzodromo Gaztea ere egingo dute, aurten Palmera Monteron martxoaren 15 eta 22an. Mintzapraktika egiteko eta ahozkotasuna lantzeko, jolas eta dinamika desberdinen bidez, iritziak partekatzeko aukera izango dute. Mondragon Unibertsitateko ikasleen gidaritzapean egingo dira bi saioak.
Publicidad
Bestetik, haur eta gazteen sorkuntza lanak plazaratzeko helburuarekin, Irunero bereziak argitaratuko dira Euskararen Hilabetearekin batera. Aldizkari batek HHtik LH4ra bitarteko ikasleen lanak bilduko ditu, eta besteak LH5etik DBH4ra bitartekoak.
Hiritar guztientzat
Aurten, bi ekitaldi ireki egingo dira hiritar guztientzat. 'Bizkarsoro' proiekzioa ostiral honetan 19.00etatik aurrera izango da. Zinemaldian estreinatutako filma honetan, XX. mendean kokatuta, Josu Martinez zuzendariak Ipar Euskal Herriko Bizkarsoro fikziozko herrian eta mende horretan zehar euskarak jasandako jazarpena kontatzen du bost istorio desberdinen bidez. Doako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko udaleko webgunean eta Turismo Bulegoan. Pertsonako lau sarrera hartzeko aukera izango da gehienez.
Publicidad
Imanol Epeldek martxoaren 6an 19:00etatik aurrera 'Euskarak bakarrik ezin badu, norekin bai?' hitzaldia eskainiko du, euskararen transmisioaren gakoen inguruan, berea duen diskurtso bizi eta freskoarekin. Sarrera librea izango da egun horretan, besaulki guztiak bete arte.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión