Lorazainek manifestazioa deitu dute hilaren 15ean lan gatazkari konponbide eske
Lorezaintzako langileon lan baldintzak hobetuko dituen lan akordioa eskatzen dute
Greba mugagabean dauden udal lorazainek manifestazioa deitu dute irailaren 15ean –18.00etan Herriko plazatik abiatuta– lan gatazkari konponbide eske. Prezero udal azpikontrataren langile hauek 50 egun daramatzate greban eta argi daukate lan gatazka honen konponbidea «Prezero enpresa eta Arrasateko Udalaren artean dagoela, eta egoera hau lehenbailehen konpontzeko eskaera egiten diegu», adierazi zuten agerraldi batean.
Publicidad
Lorezaintzako langileon lan baldintzak hobetuko dituen lan akordioa eskatzen dute. Besteak beste, soldata igoera eta KPIa bermatuko dituen akordioa erdietsi nahi dute.
Bigarren mailako herritarrak
Azpikontratatutako udal zerbitzuko behargin hauen lan baldintzak estatu mailako hitzarmenean oinarritzen dira eta «gaurko gaurkoz, ez ditu Arrasateko bizi mailako baldintzak betetzen. Ez dugu beste munduko ezer eskatzen, bigarren mailako langile eta herritarrak sentitzen gara eta ez dugu prekarietate egoera baten murgildurik bizitzea nahi».
Jakitera eman zutenez, «lankide askoren soldata oinarria 1.200 euro ren azpitik dago eta horrek, aipatutako prekarietate egoera betikotzen du».
Uztailaren 19an, udal plenoan, beraien lan baldintzak arautuko zituzten pliegoak onartu behar ziren baina, «enpresarekin akordiorik lortu ez genuenez, udalari ez onartzeko eskaera egin genion. Guk negoziatzen jarraitzeko hautua egin genuen, baina aldeen borondate eza medio, greba mugagabe bati ekin genion egoera hau konpondu arte».
Garbi daukate langileok «antolatu eta borroka piztuz gero emaitzak lortuko dituztela», adierazi zuten grebalariek.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión