Lapurdiko kostaldeko ikastoletako guraso erdaldunei buruzko lan batek irabazi du Hausnartu saria
Soziolinguistika Sarien X. edizioak Urko Ikardoren 'Ikastoletako guraso erdaldunak eta euskararen jarraipena Lapurdiko kostaldean' lana nabarmendu du
Astelehena, 15 urtarrila 2018, 12:08
Hausnartu Soziolinguistika Sarien helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Sarien bitartez, euskal soziolinguistikarekin harreman zuzena duten ikerlarien lana bultzatzeaz gain, beste hainbat ikerlari ere euskal soziolinguistikaren eremura bildu nahi ditu Soziolingustika Klusterrak, "modu horretan hizkuntzaren eta soziolinguistikaren inguruko ikerketen oinarri teorikoak zabaldu eta aberastuko baitira".
X. edizioan, aurrekoetan bezala, hainbat jakintza arlotatik euskal soziolinguistikari ekarpena egiten dioten lanak jaso dira, eta horien guztien artean epaimahaiak erabaki du lehen saria Bortzirietako Euskara Normalizatzeko Mankomunitateko euskara teknikari den Urko Ikardo Enparani ematea, 'Ikastoletako guraso erdaldunak eta euskararen jarraipena Lapurdiko kostaldean' izeneko lanarengatik. Lehiaketaren bigarren saria Jon Ander Kuartango Atxarentzat da, 'Euskararen ofizialtasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean' lanagatik. Eta hirugarrena, berriz, Garikoitz Goikoetxea Etxeberriari emango zaio; azken honen lanak 'Euskarazko hedabideen kontsumoa Tolosaldean' du izenburutzat.
Sari emate ekitaldia otsailaren 8an, ostegunarekin, izango da Baionako unibertsitateko Iker Zentroaren egoitzan. Bertan Hausnartu Sarien epaimahaiaren erabakia jakinaraziko da eta sarituek beren lanen aurkezpen-hitzartzeak egingo dituzte. Era berean, 2017ko Hausnartu Sarietara aurkeztutako lanekin osatutako BAT Soziolinguistika Aldizkariaren zenbaki monografikoa (105.a) jendaurrean aurkeztuko da. Ekitaldia irekia izango da eta gaian interesa duen oro bertan parte hartzera gonbidatuta dago.
Sariok Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Iker-en laguntzaz antolatzen ditu Soziolinguistika klusterrak.