
Secciones
Servicios
Destacamos
Leon XIV Aita Santu berria matematikaria dela jakiteak jende franko harritu eta liluratu du. Ez omen zuten pentsatzen gizaki erlijioso batek harreman onetan izan zitekeenik zientziarekin. Nahiko faltsu eta sasiko den pentsamolde zaharkitu honen arabera, erlijioa eta zientzia etsai amorratuak dira, elkarri egiten badiote uko. Batak diona edo aurkitzen duena besteak arbuiatzen du gupidagabe. Nahi du batak Unibertsoaren misterio eta mirari guztiak hor goian, oso goian, den izaki ahalguztidun batek asmatuak, sortuak, bideratuak izatea eta laket du besteak aurkariaren fedea deuseztatzea.
Izan leike, bai. Gerta daiteke une eta gune askotan, zientzia eta erlijioa materia kontrajarriak izatea. Ez beti baina. Ustekabean harrapatu bazaitu Aita Santuak matematiketan eskarmentu eta ezaguera duela jakiteak, gehiago hartuko zaitu sorpresaz kontatzera natorkizuna, Vatikanoan den Behatoki Astronomikoa (Specola Vaticana italieraz) munduko garrantzitsuenetarikoa da eta bertan egiten diren ikerketa askok irauli ohi dute segurutzat ematen ziren hamaika teoria. 1582an fundatu zen, egun erabiltzen dugun egutegia martxan jarri bezain pronto. Castel Gandolfon du egoitza eta jesuitak dira bere ardura dutenak. Momentu honetan, zera ari dira behatzen, ziento bat analisik diotenez, 4.500 milioi urte barru talka egingo dute Andromeda galaxiak eta gure Esne Bideak, beste galaxia erraldoia sorraraziz. Enkontru prozesua hasita badago ere, ez du ekarriko Lurraren suntsipena lekualdaketa baizik. Gaur ezagutzen dugun planeta gureak beste kokapena izango du sortzear den galaxian.
Horretan ari dira zelatan eta kalkulutan Vatikanoko behatokian. Eta Specola honek duen bigarren egoitzan, Arizonan.
Ikusten? Eliza eta Zientzia, Zientzia eta Eliza. Ez da bakarrik behatokia bertan. Ezta inolaz ere. Hain txikia den Vatikano estatuan Pontificia accademia delle scienze- Pontificia Academia Scientiarum ere bada. Jardinetan du egoitza nagusia eta zientzia guztien inguruko ikasketen garapena, helburu. Baita aurkikuntza horiek guztiek eragiten dituzten zalantzak, kezkak, ardura etikoen inguruko hausnarketa sakonak ere. Primerako jendea ibili da Academia Scientiarum honetan: Stephen Hawking, Max Planck, Erwin Schrödinger…
Ikusten? Ez da horren txunditzeko modukoa Robert Prevost apaiza matematikaria izatea. Azken finean, bera bezala abata zen batek asmatu /aditzera eman zuen Big Bang teoria. Badakizue, leherketa ikaragarri baten bitartez sortu zen ezagutzen dugun Unibertsoa. Nor hasi zen horren inguruan bueltak ematen? Belgikan jaiotako Georges Lemaître. Ingeniaritza ikasketak egin zituen, bokazio erlijiosoari ez zion inoiz muzin egin eta biak inolako arazorik pe uztartu zituen bere bizitzan. Irakasle jardun zuen eta 1966an zendu zen. Unibertsoaren hedapenaren gaineko bere azterketak izugarrizko garrantzia izan zuen (eta du) gure munduaren jatorria ulertzen saiatzeko.
Aita Santua matematikaria! Ba bai. Eta moja batzuk, zeru kartografoak. Benetan?! Bai. Izenik? Nahi izanez gero, lau: Emilia Ponzoni, Regina Colombo, Concetta Finardi eta Luigia Panceri. XIX. mendean, astronomo guztien desira izarren mapa bat edukitzea zen. Nahi zuten denek zeruaren kartografia bat izatea. Parisen eman zioten bultzada lehen esfortzu horri eta horrexegatik izena frantsesez da: La carte du ciel, alegia. Argazkigintza jaio berria zen eta kontaezinak zientziari eskaintzen zizkion baliabideak. Hasi ziren zeruari mila eta bat argazki ateratzen.
Beharrezkoa zen irudi horiek neurtu, zenbatu, markatu, analizatuko zituen jende prestu eta fin prestatua. Eta hortxe, Vatikano ondoan, bizi ziren Bambina lagunarteko moja horiek. Beraiek izan ziren zeruaren lehengo kartografoak. Nor zuten babesle nagusia? Hain zuzen ere, Leon XIII garrena. Askoren esanetan, ardura sozial handia erakutsi zuen Gioacchino Vincenzo Raffaele Luigi Pecci hark erlijioaren eta zientziaren arteko harremanak ahalik eta sendoak izatea nahi zuen eta horrexegatik gogotsu eutsi egin zion 'La carte du ciel' delako ekimenari.
Denborak moja horien izenak ezabatu zituen baina 2016an 93 urteko jesuita astronomo batek bilatu zituen artxiboetan… Zenbat izar bildu zituzten Emiia, Concetta, Luigia eta Reginak? Milioi erdia, batekoz beste.
Aita Santu berria matematikaria? Ez da ez espantuka hartzeko kontua, normala oso baizik. Vatikanoko Historiak, bederen, hala azaltzen du.
Publicidad
Ivia Ugalde, Josemi Benítez e Isabel Toledo
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.