Borrar

Obon festa ostean, Gau Beltza aurretik... banzai!

Begoña del Teso

San Sebastián

Igandea, 17 iraila 2023, 12:38

Comenta

Japonian, non zuriz jantzita adierazten duten lutoan daudela, hildakoak omentzeko, gogorarazteko eta beren espiritu eta errekuerdoekin bat egiteko festa, jaia, errito eta zeremoniak udan izan ohi dira; hain zuzen ere, ilargi-egutegi antzinakoa hartzen dute gida eta bertako zazpigarren hilaren bigarren hamabostaldiaren inguruan ospatzen dute Obon izeneko hilik eta bizidunen arteko enkontrua, beti festa eta familia giroan, nahiz eta Herioa, Misterioa eta Fantasia bertan izan. Presente oso. Aurten, Obon festa abuztuaren azken egunetan ospatu da. 2024koak berriz, abuztuaren 13tik 15era iraungo du beti baitira 3 eguneko ospakizunak.

Mendebaldeko herri guztietako Gau Beltza, ostera, Mexikotik Larhunera, ederki dakigu noiz den: urriaren 31ean hasi eta azaroaren biko gauerdian bukatu.

Alta, gaur irailak 17 egun baino ez ditu. Beraz, zertaz ari gara eta zergatik ekartzen dugu gurera datorren urte arte ospatu ezingo dugun jaialdi herrikoi baten oihartzuna? Hara joaterik izango bagenu sikiera…. Egun horietan ur gainean dantzan dauden faroltxoak pantailan baino ikusterik izango ez dugunez, zer dela eta egun aipatu?

Ba... Ez Donostiako Zinemaldia ez Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea hasi ez diren arren, Okendo Kultur Etxeko areto nagusian badagoelako, jada irekita, bata eta bestearen ikusleak erakarri, sorgindu, izutu, hartu, konkistatu nahi dituen erakusketa itzela. Fantasiazko Zinema Japoniarraren Ikonoak du izenburu eta ezinbesteko, derrigorrezko, noraezeko suertatuko zaizuen pelikula baten protagonistak betetzen du, maltzur, malezioso eta denok sorgintzeko prestu, Okendoko etxe-aurrea: Filmin plataforman duzuen 'Belladonna of Sadness' paregabearen Jeanne are berdingabeaz ari natzaizue.

Aguilar-Haraguchi bilduma

Zurriola hondartzatik horren hurbil den erakusketa areto horretan, Aguilar-Haraguchi Bilduma sekulakoaren hainbat pieza ezkutatu izan dira. Kolekzio hori munduko handienetako bat da, Daniel Aguilar idazle eta zinema japoniarrean adituak eta Tomoo Haraguchi zinemagile eta makillaje efektu berezien teknikariak bildua, posterrak, prentsa gidak, Tomook berak fantasiazko izakien sorkuntzan egindako lanaren laginak, argazkiak, pressbookak eta orain nekez aurki daitekeen publizitateko material oro agertzen dira paretetan zein badaezpada ere ondo itxitako ontzietan. Badaezpada ere diotsuet ezen gerlari mamu baten burdin-jantzia baita hor gordeta. Baita Haraguchik Donostiako herriari opari zion uhandre baten gorputza. Are, Japoniako ilunabarreko ipuin eta pelikuletan maiz agertzen den Bakeneko baten gorputza paretatik aterako zaizue bisita guztietan. Gau eta egun guztietan.

Zer ote Bakenekoa? Katu munstroa. Elezahar askoren arabera, zuen etxeko katuak urteak eta urteak bizi ezkero, mundu honetakoak ez diren botereak jasoko ditu. Txarrerako zein onerako…

Erakusketa pasa den ostiralean ireki zen, kasik sekretupean, eta azaroaren 4ean etorriko zaio akabera behin betikoa.

Mende erdiko lankidetza

Zergatik horrenbeste gur aurten Donostiako bi Zine Festa Nagusietan Japoniako Zinemari? Ba Euskadi eta Eguzki Sortaldeko Herrialdearen arteko kolaborazioak, lankidetzak mende erdia betetzen duelako. Ondorioz, pelikulak, topaketak, enkontruak eta… munstroak. Kanpoko espaziotik etorriak edo uretatik atera berriak. Aire librean eta behar ziren sosak ez ekoizleei ez banatzaileei pagatu gabe, udako aire librean izaten ziren legez kanpoko emanaldi pirata samarren eskuko programa xelebreak… Eta, nola ez? Berpiztu egiten diren kreaturaz beteriko filmen afixak, Godzilla eta parekoak, Ultraman superheroia barne; gurean izenburu bitxiak hartu zituzten pelikula merke eta delizios ziento baten berri paperezkoa…

Bai, jakina hor dagoela zuen zain planeta osoa bere egin nahi duen Japoniako mamurik ezagunena: bisaje zurbil eta ile luze luzea dituen emakumea!!!!!

Zabiltzate kontuz gauez Okendo Kultura Etxetik parean pasatzen bazarete…

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Obon festa ostean, Gau Beltza aurretik... banzai!

Obon festa ostean, Gau Beltza aurretik... banzai!