Borrar
Fermin Muguruzak zuzendu duen 'Bidasoa 2018-2023' pelikularen kartela. Musikarien zerrendari erreparatuz, filmak beste dimentsio bat, beste dentsitate bat hartzen du.

Musikaz gainezka daude gaurko pantailak

Begoña del Teso

San Sebastián

Igandea, 29 urria 2023, 12:35

Comenta

Dir-dir espezial espeziala egiten du gure karteldegiak egunotan. Bada ezin galduzkoak diren film mordo bat; ditugun bost zentzumen baina gehiagorekin gozatu behar ditugun aukera noraezekoak, zin degizuet.

Seirekin, bai. Eta zazpigarren, zortzigarren, bederatzigarren bat izanez gero (gerta liteke, suerta liteke, bizitzen ari garen egun eta gau hauek magikoak direlako. Badatoz eta urtearen beste arotan lotan izan ohi diren mamu eta ispirituak, sorginak, banpiroak, aztiak, joandako garietan jainko eta jainkosak izandako horiek…), askoz hobeto.

Izan ere, 'Esta ambición desmedida', 'The Killers of the Flower Moon', 'Bidasoa 2018-2023' edo Errenteriako Ozzinema taldeak asteartean, hilak 31, pantailaratuko duen 'The Killer' bezalako filmek daukagun, edo izan dezakegun energia osoa xurgatuko digute, zinez. Beraz, aipaturiko bost, sei, zazpi zentzumenak martxan, abian, prest, gertu izan behar ezer galdu nahi izatera.

Doinuaren garrantzia

Eta ez naiz soil soilik irudiez mintzo ari. Musikaz, soinu(e)z, zarataz ari natzaizue, gero eta argiago izan behar dugun kontu baten harira eta haritik; gero eta garrantzitsuagoa, hil ala biziko afera bilakatu zaigu, dagoeneko, pelikulak tentuz ENTZUTEA, ADITZEA (irakurri itzazue, arren, maiuskulaz bi aditz horiek). Gero eta hobeak dira soinu sistemak. Gero eta beharrezkoagoak filmen musika eta filmen soinu diseinua film horiek kontatzen dutenaren esentzia, izate osoa transmititu eta harrapatu ahal izateko.

Har dezagun, kasu, Fermin Muguruzaren 'Bidasoa-2018-2023'. Gainbegirada azaleko eta ezaxola batez, arrazismo eta xenofobiaren kontrako dokumental bat da. Besterik gabe (nahiz eta hori bakarrik balitz ere, nahikoa balitzateke ere). Baina Muguruzaren proposamen bikain eta braboaren alde egin duten musikarien zerrendari erreparatzen badiozue, pelikulak beste dimentsio bat, beste dentsitate bat hartzen du. Baita sakontasun gardena ere. Hona hemen: lehenengoz eta behin, Goya sarietarako aurkeztu den 'Bidasoa' kanta sortu duen Willis Drummond taldea. Gero, horrenbeste madarikazioetatik ihesean gurera datozen askorentzat hilerri bihurtu den ibai horren bi aldetakoak diren hainbat abeslari eta musikari (eta bertakotasun hori ez da kasualitate hutsa). Etsenplu, Berakoa den Petti, Hondarribiako DUT banda, Oarso Bidasoakoak ditugun Sonakay euskal rumberoak, Eneritz Furiya irundarra, egun Urruñan bizi den Odei abeslari Iruñakoa….

Bai, denak dira mapan agertzen den muga garratz horren magaletako auzokoak. Beste batzuk juntatu zaizkie eta, ondorioz, entzun ahala gero eta probokatiboagoa bilakatzen da pelikula: Bad Sound System, Katanga Dub, Olaia Inziarte… Gehi, gehi, gehi soinu banda sinatzen duen Gloria Maurel Bartzelonakoa. 9 urte zituela izan zuen Brasilgo perkusioaren lehen berri eta seko amorostu. Egun, hamaika taldek egiten diote honela otoi, mesedez jo ezazu bateria gurekin…

Beste hainbat adibide

Antzeko zerbait gertatzen da C. Tangana protagonista duen 'Esta ambición desmedida' erraldoiarekin. Musika dokumental hutsa dela pentsatuz hurbiltzen da jende saldoa eta… ahoa bete hortz, belarri bete soinu-txinparta somatzen du bere burua filma hasi orduko. Hantxe baitira musika sortuz, musikaz elikatzen, musikaz blai, musikaren muga guztiak hautsiz, gainditzen, karaoke batean, Rocio Juradoren 'Ese hombre' abesten ezagutzera eman zen La Hungara kantari definiezina edo oraindik ere eta betiereko, bazterrak harrotu izan dituen eta harrotuko dituen El Niño de Elche.

Beste adibiderik nahi edo behar konturatu ahal izateko belarriak tente sartu behar duzuela aretoetan? Ba hona hemen Scorseseren 'Killers of the Flower Moon' paregaberako abuztuan zendu zen Robbie Robertsonek sorturiko soinu banda, blues rock berezi baten ñabardura aberats mila duena. Baina horretaz gain, pelikulak dirauen 206 minututan zehar beste kanta batzuk aditzen dira. Hala nola John Lee Hookerrek aspaldian, aspaldi zaharrean, sortutako 'Tupelo blues'. Hala nola Osage tribuaren 'Wahzhazhe (Abesti bat nire herriarentzat)' zeremonia kanta tradizionala. Horrekin bukatzen da pelikula, bai. Alta, amaierako tituluak agortu arte, Natura bera kantari, xuxurlaka, dagoela ematen du pantailan. Entzun ezazue, arren. Belarriak tente.

Bukatzeko edo…. David Fincheren 'The Killer', laster plataformetan izango den pelikula egundokoan, The Smiths taldearen musika antzemango duzue Tren Reznor eta Atticus Rossen partitura sendoari sostengua emanez eta bere esan nahia areagotuz, sakonduz edo… azpikoz gora jarriz. Batek daki, Fincherrek, Reznorrek eta Rossek izan ezik.

Idatzitakoa, ez badiezue pelikulek dituzten musika eta soinuei erreparatzen ez esan gero pelikula 'ikusi' duzuenik

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Musikaz gainezka daude gaurko pantailak

Musikaz gainezka daude gaurko pantailak