Jazz-jazzean gaudela, entzun dezagun 'Clint Eastwood, An American Filmaker Suite'
Jazzak inguratzen, besarkatzen, erasotzen, laztantzen gaitu egunotan, Gasteizen edo Getxon bezala, Donostian ere. Bada une aproposa jazza hainbeste maite dugun zinema gizon batekin akordatzeko, berak jazza baitu zainetan gora, zainetan behera, zainetan barrrena: Clint Eastwood.
Bai, semea, gitarra eta baxua, baita kontrabaxua ere, maisuki jotzen dituen Kyle, gurean izan da maiz, Jazzaldian, non bestela? Berak esanda, Califoirniako Carmel herrian gurasoek duten arrantxoan etxeko lanak egiten zituela, bertan entzuten zen musika Miles Davis, Count Basie edo Duke Ellingtonena zen…
Aspaldi zaharretik dago Clint Monterreyeko jazz jaialdiaren zuzendaritza-batzordean. Serio demonio da jazzarekiko duen konpromisoa
Maite du, biziki maite ere, jazza 'Unforgiven' bezalako arte lanak sortu dituen zeluloidezko jenioak. Ez, ez da, inolaz ere itxurakeria kontua. Ez. Frogarik nahi? Aspaldi zaharretik dago Clint Monterreyeko jazz jaialdiaren zuzendaritza-batzordean. Ez, serio demonio da jazzarekiko duen konpromisoa. Ezagutzen duzue zuek, jazzzale amorratuok, Charlie Parkerren inguruan 1988an egin zuen 'Bird' filma baina akaso Martin Scorsesek ekoitzia zen 'The Blues' telesaian zuzendu zuenik ez duzue jakingo. 2003an izan zen hura. Askoz lehenago jazz pianoen gaineko dokumental sekulakoa burutu zuen, Ray Charles aitzakia ezinhobea harturik… 1999n , berriz, filmatuko zuen Diana Krallen bideoklip bat. Izenburua? 'Why Should I Care?' Eastwooden 'True Crime' pelikularen soinu bandan aditzen da kanta hori eta, eta… Dianak eta Clintek berak sortua dugu… Portzierto, ez da Diana Eastwoodtarrek duten lagun abeslari-konpositore bakarra. Joni Mitchellek ere harreman estua du Carmel herrian bizi den familiarekin.
Musika ekoizlea
Maite du 'Million Dollar Baby'-ren autoreak jazza eta seko baieztatzeko, 'Mystic River' pelikularako sortu zuen soinu banda beharko zenukete entzun. Bai, Harry Zikina izan zena musikagilea ere bada, konpositorea. Baita musika ekoizlea ere. Eginbehar horretan jardun zuen joan den mendeko 90eko hamarkadan. Grabatu zen orduan non eta Carnegie Hallen Charlie Parkerren 'Parker´s Mood' famatuaren bertsio kristona. Eta Eastwoodek izan zuen bertan grabaketaren ardura. Igo zen ere agertokira eta han pianoa jo.
Clint Eastwood musikagilea ere bada, konpositorea. Baita musika ekoizlea ere. Eginbehar horretan jardun zuen joan den mendeko 90eko hamarkadan
Maite du, sutsuki maite ere, jazza Zaldiko zurbila (Pale Rider, hots) izan zenak. Badaki jende finaren konpainian jotzen. Adibiderik nahi? Behin baino gehiagotan kolaboratu zuten, adiskidetasun osoan, berak eta B. Hatfieldek, aipatu 'Mystic River' bikain hartan, esaterako…
Jazz jazzean gaudelako, plaza eta aretoetan bezala hondartzetan ere, entzun dezagun, Eastwooden pelikula ia guztiak gogoko ditugunok, saxofoi garaia jotzen zuen Lennie Niehausek eskaini zion diskoa. Zein? 'Clint Eastwood, An American Filmaker Suite'. Izugarria da. Baditu une ikaragarri ederrak… Baietz, 'The piano player', 'Whose blues?' edo 'It´s all there' bezalako konposizioak behin eta berriro egingo diegula kaso, Jazzaldiaren hurrengo kontzertuaren zain eta esperoan gaudela.