

Secciones
Servicios
Destacamos
Beasaingo Euskaraldia aurten irudi indartsu batekin hasiko da, herriko liburutegiaren ondoko horman margotuko den mural ikusgarri baten bidez. Artelanaren egilea Alain Polo Macias da, 22 urteko margolari lazkaotarra. EHUko Arte Ederretako ikaslea izandakoa, master bat burutzen ari da, eta bere eskutik, 'Eguzkilorea' izeneko diseinuaz gozatzeko aukera izango da asteburutik aurrera. Herriko ikastetxeetako ikasleen artean egindako bozketa parte-hartzailearen bidez hautatu zuten Poloren diseinua, eta dagoeneko ia bukatuta dago, Euskaraldia hasi aurretik prest egon dadin.
Alain lanean ari da azken asteotan, eta asteburuan amaitutzat ematea aurreikusten du. «Diseinu txiki bat eskala handira eramatea erronka bat da noski. Proiektore batekin lan egiten dut, azken emaitza diseinuaren antzekoena izan dadin. Neurriak ondo kalkulatu, proportzioak zaindu, paretaren irregulartasunekin lan egin... lana da, baina aldi berean oso prozesu aberatsa izaten ari da. Hasieran, arkatz sendo batekin marrak eta formak markatu nituen, eta hori ondo finkatuta nuenean, kolorea ematen hasi nintzen, aurretik egindako diseinua jarraituz», azaldu zuen margolariak. Margoketa ez da bere esku soilik dagoen prozesua «Horrelako piezak prestatzeko, nire eskuetatik at dauden faktore asko aurkitzen dira. Eguraldia adibidez oso garrantzitsua da, bai lan egiteko, baita pintura sekatzeko ere. Gainera, herriko plazan lan egitean, gaztetxoak baloiarekin jolasten, korrika... ibiltzen dira inguruan, eta denera adi egotea oso garrantzitsua da, hortxe dago gakoa», dio Alainek barrezka.
Diseinuaren jatorria ez da kasualitatea. Alainek euskararekiko babesa eta maitasuna adierazi nahi izan ditu eguzkilorearen sinbolismoaren bidez. «Euskara babestu beharreko zerbait bezala ulertzen dut, eta horrek zuzenean eraman ninduen eguzkilorearen irudira. Antzina gaitzak uxatzeko erabiltzen zen lore bat da, eta hemen euskararen biziraupenaren ikur bihurtu dut», kontatzen du.
Muralaren erdigunean esku batek goxotasunez heltzen dio eguzkiloreari, eta lorearen hostoak ikurrinaren koloreekin margotuta daude. «Esku hori herritarrona da. Euskararen etorkizuna gure esku dago, eta modu arduratsuan eta maitasunez heldu behar diogu», azpimarratzen du. Kolore eta forma hautuek ez dute soilik estetika bilatzen. «Testurak eta marra estilizatuak erabilita, hizkuntzaren hurbiltasuna, naturaltasuna eta gure sustraietako sendotasuna islatu nahi izan ditut. Koloreak ere ondo pentsatu ditut, inguruarekin ondo konbinatzeko eta diseinu erakargarri bat lortzen saiatzeko».
Diseinuarekin batera esaldi indartsu bat gehituko da muralera: 'Gutariko bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu'. Alainek berak dioenez, mezu horrek «euskararen inguruan sortu den komunitatearen kontzientzia piztu nahi du, hizkuntza hautu pertsonala izateaz gain, kolektiboa ere badela gogoraraziz».
Horma-irudia margotzen aritu diren bitartean, herritar askok begirada bat bota dute lanean ari zirenei, eta batzuk hitz egiteko eta animatzeko ere hurbildu dira. «Margotzen ari garela jendea hurbiltzen da, galdezka, iritzia ematen... horrek izugarri motibatzen nau. Azkenean, nire lana ez da bakarrik pareta batean uzten dudan kolorea, baizik eta herriarekin konpartitzen dudan mezua», dio margolariak harro.
Proiektu hau Aittu! Euskara Elkartearen ekimenez eta Udalaren babesarekin jarri da martxan, eta Euskaraldiaren testuinguruan kokatzen da. Helburua argia da: euskara ikusgarri egitea, artea eta herritarren parte-hartzea uztartuz. Alainen esanetan, «Euskaraldia aukera bat da ohiturei begiratzeko, eta euskararen aldeko jarrerak indartzeko. Ez da soilik txapa bat janztea, baizik eta gure inguruan euskararen erabilera sustatzeko keinuak egitea», dio Polok.
Euskaraldia maiatzaren 15ean hasiko da Beasainen, eta mural hau izango du, neurri handi batean, aurpegi sinboliko eta artistikoa. Alainek azken ukituak emango dizkio egunotan, eta margolanak Euskaraldiaren balioak modu bisual eta emozionalean zabalduko ditu herrian. «Herritarrek irudia ikusten duten bakoitzean euskara guztion esku dagoela ohartaraztea nahiko nuke, eta guztion ardura dela babestea», laburbiltzen du.
Euskaraldia hastear, txapak banatzen hasi dira. Aittu Euskara Elkartearen bulegoan (Martina Maiz kalea 3, Bake Epaitegian), Udal Euskaltegian (Jose Migel Iturriotz kalea) eta Beasaingo Udalaren Igunean (Kale Nagusia) eskura daitezke.
Publicidad
J. Gómez Peña y Gonzalo de las Heras (gráfico)
Iñigo Puerta | San Sebastián
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.