Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko zazpi tren jarriko ditu martxan uztailaren 22tik 25era
Aste honetan lurrun trakziorako hastapen ikastaroa berreskuratu da, eta Azpeitian egiten ari da asteartetik, zortzi partaiderekin
DV
Donostia
Viernes, 21 de julio 2023, 12:56
Asteburu luzea dugu aurrean, lau egunetako zubia askorentzat, eta uda garai honetan eskaintza eta plan interesgarriz beteta datorrena. Madalenak eta Santiago jaiak hainbat herritan ospatuko dira, baina badira beste eskaintza asko ere, proposamen lasaiagoak bilatzen dituztenentzat. Adibidez, Azpeitiako Burdinbidearen Euskal Museoak aurkezten duena.
Publicidad
Euskotren sozietate publikoaren esku dagoen museoak lurrunezko zazpi tren jarriko ditu zirkulazioan uztailaren 22tik 25era. Izan ere, museoak egiten dituen jardueren barruan, aurten 23. edizioa duen lurrun trakziorako hastapen ikastaroa berreskuratu da, eta Azpeitian egiten ari da asteartetik, zortzi parte hartzailerekin. Hori dela eta antolatu dira lurrunezko trenen zerbitzu bereziak. Horrela, Euskotrenek jakinarazi duenez, trenek museoaren instalazioetatik Lasaora bitarteko bidaia egingo dute larunbatean, igandean eta asteartean. Uztailaren 22an 12:00etan, 13:00etan, 17:00etan eta 18:00etan irtengo dira trenak, uztailaren 23an 12:00etan eta 13:00etan, eta uztailaren 25ean 12:00etan.
Bilduma ikusgarriak
Lurrunezko trenean Lasaorako bidaia egiteaz gain, museoa bisitatzeko aukera ere izango da egun hauetan. Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa erakusten du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin, besteak beste, lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak, automotoreak eta bagoi mota desberdinak. Era berean, museoak Euskadiko makina-erreminta multzorik osoenetakoa du, Urolako trenbideko tailer mekaniko zaharrari esker. Hau gutxi balitz, XIX. mendera arte trenetan erabiltzen ziren uniformeen erakusketa eta munduko tren ordularien bilduma hoberenetakoa ere ditu ikusgai museoak.
Museoaren ordutegia asteartetik larunbatera 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era da, eta igande eta jaiegunetan 10:30etik 14:00etara (astelehenak izan ezik).
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión