Iñaki Irazabalbeitia azalpenak ematen erakusketaren aurkezpenean. NÚÑEZ
Alkiza

Juan Irazusta Alkizalete omendu zuten Alkizan

Duela 250 urte hil zen erretoreak euskaraz idatzitako dotrina libururik erabilienetako idatzi zuen

NÚÑEZ

ALKIZA.

Viernes, 29 de julio 2022, 00:04

Aurten 250 urte betetzen dira Juan Irazusta alkizar erretorea hil zenetik, eta bere herrian euskarari egindako ekarpena aitortzeko omenaldia eskaini zioten lehengo astean. Plazan kokatuta dagoen Mendia Etxean jaio zen 1688an, eta bi mendez euskaraz idatzitako dotrina libururik erabilienetakoa idatzi zuen. Goizean, bere jaiotetxea izandakoan plaka oroigarria jarri zuten, eta arratsaldean Irazustaren omenezko erakusketa ireki zen Fagus Alkiza interpretazio zentroan eta 'Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana' liburua aurkeztu zuen Olatz Leturiagak.

Publicidad

Herritar zein bisitari ugari gerturatu ziren Alkizara arratsaldeko ekitaldietan parte hartzera, eta bai erakusketaren bai liburuaren aurkezpenean Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza politika zuzendariak, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza politika sailburuak eta Andres Urrutia Euskaltzainburuak parte hartu zuten.

Juan Irazusta Alkizan jaio bazen ere, herrian askok ez zuten bere berri duela gutxira arte. Izan ere Hernialdeko erretore zela idatzi zuen 'Doctrina Christiana eguin zuana erdaraz Aita Gaspar Astete jesuitac. Ipini du eusqueraz Don Juan de Irazuzta erretore Hernialdecoac' izenburuko liburuan. Iñaki Irazabalbeitia alkateak adierazi zuenez, «Alkizako zein beste herrietako historiari buruzko hainbat liburu idatzi dituen Pello Joxe Aranburu herritarrak jaso zuen informazio asko herriko historiari buruzko liburuan. Berak esana da Irazustaren dotrinarekin ikasi zutela baina ez zekitela alkizarra zenik».

Erakusketan zein liburuan Irazustaren ibilbideaz gain, garaiko bizimodua eta euskararen erabilera azaltzen dira. «Orain uste dugu denok goazela eskolara, baina ez zen horrela Irazustaren garaian. Herri xeheak irakurtzeko modu bakarra zen, eta bide batez sekulako mesedea egin digu, batez ere aurreko belaunaldiei, euskaraz irakurtzeko aukera izan zelako», adierazi zuen Andres Urrutia Euskaltzainburuak. Irazustaren euskara maila kritika askoren jatorri izan zen, erdarakadak erabiltzeagatik, baina Urrutiak argi zuen, «orduan Euskaltzaindia existituko balitz, euskaltzain izango litzateke».

Liburua 1739an argitaratu zen lehenengo aldiz, eta guztira 50 berrargitaratze izan zituen, horietako batzuetan gaztelaniazko hitzak euskaratuz moldatuak. «Gaur egun askok eliza arbuiatzen dute, baina eskerrak beraiek euskarazko liburuak idatzi zituzten; egin ez bazituzten, gaur beste egoera batean egongo ginateke», azpimarratu zuen Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza politika zuzendariak.

Publicidad

Olatz Leturiaga Juan Irazustari buruzko liburuaren egileak egindako liburuaren aurkezpenarekin bukatu ziren mendeurreneko ekitaldiak. «Euskara zen eguneroko hizkuntza, herri xehearena baita aberatsena. Gaztelania kultur hizkuntza zen, goi mailakoa. Hala ere, noizbehinka euskarazko idatziak argitaratzen ziren, herri xeheak ezagutzen zuen hizkuntza zelako», azaldu zuen. Tourseko San Martin elizara gerturatu zirenek liburuaren ale bana jaso zuten opari.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad