Aspaldiko ohiturari eutsi diote Berastegin
Jaietako egun handia ospatu dute berastegiarrek herriko jaien baitan. Eguraldi bikaina lagun zutelarik ermitara igo dira
Eguraldi lagun izan zutelarik, berastegiarrek aspaldiko ohiturari jarraituz, San Lorentzo baselizara hurbildu ziren herriko patroiaren egunean. Bertan izandako Luixek zion modura «giro aparta zegoen. Freskoa zen goiz goiz, baina ermitara igotzeko ezin hobea zegoen eta egia esan, primerako giroa egon da». Xabier Iturriozek eskainitako meza bukatutakoan, hamaiketakoa izan zen eta bertan ere jendea gustura egon zen txorizo egositako pintxoak dastatu sagardo edo ardo pixka batekin lagundurik.
Hamaiketakoa dastatzen ari ziren bitartean San Lorentzo ermitaren ondoko belazean berastegiar ugarik, herrian, txistulariek 'Alkate-soinua' joaz udal ordezkariak ondoan zituztela, San Martin Tourskoaren elizara hurbildu ziren. Bertan ere, herritar mordoxka elkartu ziren meza entzutera.
Jaietako egun handian ohikoa da bi elizkizunak izatea, baina ez dira eguneko hitzordu bakarrak Berastegin, izan ere, eguerdian, herritarren arteko pilota-partidak jokatuko ziren frontoian. Arratsaldean San Joan dantzak eta helduen dantza-soka eskaini zituzten plazan berastegiarrek. Euren alkatea den Andoni Zuriarrainek zion bezala «festa herrikoiak dira, herritarrek Udalarekin batera antolatzen dituzte eta herritarrek presentzia handia dute».
Nabarmen gelditu aurtengo egitarauari erreparatuz gero eta benetan, asmatu dutela esan daiteke parte hartze eta jarraipena kontuan izaten bada. Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Aitor Mendiluze, Joanes Illarregi eta Iker Zubeldia izan ziren ondorengo protagonista oholtza gainean.
Azken eguna bete-betea
Astelehenean, jaietako azken eguna ondo pasatzeko egitaraua bete-betea dute Berastegin. Txistularien goiz-deiarekin hasiko dute eguna 09:00ak aldera eta ondoren, 10:30ean herriko aurre-benjaminen, benjaminen eta alebinen pilota-partidak jokatuko dituzte herriko pilotariek. Jarraian, herriko dantza-eskolako haurren dantza emanaldia izango da eta dantza-soka.
Arratsaldean berriz, herri-kirol saio bikaina antolatu dute berastegiarrek. Julen Kañamares, Ainize Pérez, Eneko Saralegi eta Amalur Arbelaiz arituko dira aizkoran ohiko erakustaldia eskainiz, baina zutik ere moztuko dute enborren bat eta bestelakoak ere izango dira. Ondoren, 19:30ean hasita, Alarma Morea taldearen musika emanaldia plazan eta, segidan, zahagi-ardoa.
Gaueko 22:30ean, Dantzerki emanaldia eskainiko dute herritarrek. Ondoren, jaiei amaiera emateko, Tapia eta Leturiarekin erromeria izango da goizaldera arte.