Lasaitasunera ohitu dinerentzat ez de arraza izango uda. E.P.

Deskonpresioa

Laugarren olatuan ·

Oraingoan txertoek lortuko dute iaz itxaropen inozoak lortu ez zuena, eta laster irtengo gara azalera, birikak haize freskoz betetzera

Jueves, 10 de junio 2021, 07:54

Honen guztiaren aurreko ohiturak berreskuratzen goazen heinean, honen guztiaren aurretik ginen harengana hurbiltzen goaz. Urratsez urrats, bakoitza bere martxan, lehengo harekiko dugun distantzia ez baita berbera denontzat. Baten batzuoi lehengoratzen hasteak ekarri digu, besteak beste, betiko tokian gosaltzera eta goizeroko berriketaldietara itzultzea. Hizpide desberdinekin, baina, egunotan darabilgun katalogoa zehatza eta motza baita: pandemia, eta pandemiak gugan edo ezagunengan izan duen eragina; txertaketa, eta txertaketak gugan edo ezagunengan izan duen eragina; politikariak eta nahasmena; nahasmena eta politikariak; oporretarako planik?

Publicidad

Aurreko batean, sesio adiskidetsuan katramilatuta geundela, mahaitik altxatu -hori da beste kontu bat, barrarik ezean mahai batetik bestera garrasika ibiltzen gara- eta agur egin zigun batek eskuarekin: «Banoa. Intentsoegiak zarete. Deskonpresioa behar dut».

Berehala konturatu ginen zuzen zebilela, intentsoegiak ginela, kontrolatzaileegiak, zorrotzegiak... Garai gozoetan baino intentsoagoak, kontrolatzaileagoak eta zorrotzagoak. Horrenbestez, lehendik ere intentsoa, kontrolatzailea, zorrotza eta egoskor hutsa zen bat kenduta, gainontzekook arrazoia eman genion planto egin eta gure ele-mele pandemikoarekin utzi gintuenari. Hitzeman genion elkarri ahaleginak egingo genituela solas arinera ahalik eta azkarren itzultzeko.

Deskonpresioarena ideia erakargarria iruditu zitzaidan, lagungarria aurrean dugun bidaiarako, ezaguna baita zein arriskutsua den ur sakonetatik azalera azkarregi igotzea. Ur sakonetan ibili garenik ezin uka, eta une honetan ia ukaezina da gertu dugula azalera irteteko unea.

Ez da tragedia handirik behar eguzkitarako bidea narriatzeko, gauza txikiek sorraraz ditzakete eragozpenak

Derrigorrezkoa eta ia bat-batekoa izan zen hondoratzea: sekula ikusi gabeko egoerari aurre egin beharra, itxialdia, bolada baterako edo betiko lanik gabe gelditzea, gaixotasunaren atzamarkada gertutik sentitzea... Zorionezkoontzat iraupen mugatua izan zuen bidaiaren zatirik gogorrenak, baina askok, gehiegik, hor jarraitzen dute oraindik, lana eta/edo osasuna ezin berreskuratuta; galdu dituztenak berresuraezinak direla jakitaren pena ezin astinduta.

Publicidad

Harrezkeroztik ibili gara hondotik azalera gora eta behera, esperantzatik frustraziora eta buelta. Orain dela urtebete, esaterako, batere kutsaturik gabeko egunak geneuzkan Gipuzkoan, eta garailearen uda ari ginen prestatzen. Muturreko bikaina eman zigun errealitateak, baina oraingoan txertoek lortuko dute iaz itxaropen inozoak lortu ez zuena, eta beteko ditugu laster birikak haize freskoz. Laster, musukorik gabe.

Ez da festa zapuzteagatik, baina agian komeniko litzaiguke beroketa -edo hozketa- ariketatxoren batzuk egitea partida berria jokatzen hasi aurretik. Batzuek diote ohiturak aldatzeko 21 egun behar direla. Aldaketa egiazoa eta sendoa izateko gutxienez 60 behar direla dioenik ere bada. Hori baino askoz gehiago izan dugu bizitza pandemikora moldatzeko, eta orain tokatzen zaigu ikasitakoa desikastea.

Publicidad

Txabolaren eta aurpegi hutsaren sindromeak ezagutu ditugu. Etapa berri honek izango al du sindrome propiorik?

Ez da tragedia handirik behar eguzkitarako bidea narriatzeko, gauza txikiak eragozpen edo esperientzia desatsegin bilaka daitezke. Ezinbestean txikia izan den zirkulua zabaltzea eta, aspaldiko partez, nork bere burua askoren artean kokatzea. Toki jendetsuetan mugitzea eta espazioa partekatzen berrikastea. Era batekoa zela uste genuen lagun edo senitarteko hori pandemiaren argitan ikusi dugun beste hori dela onartzea. Edo ez. Beste hori gu izan gaitezkeela ontzat ematea. Edo ez. Musukoak eskaintzen duen birusaz haragoko babesera ohitu denen bat ezagutzen dut. Ahotsa aldatu zaionen bat ere bai. Baita lagunarte zabalera bueltatzeak izutzen duenik ere.

Itxialdia amaitu zenean, etxeko babesean jarraitu nahi zutenen jarrera izendatzeko txabolaren sindromea ibili zen bolo-bolo. Musukoen erabilera derrigortu zenean, berriz, aurpegi hutsaren sindromeaz ohartarazi ziguten. Etapa berri honek izango al du oraindik deskribatu eta izendatu gabe dagoen sindrome propiorik? Ni, zer gerta ere, hasi naiz deskonpresio ariketak egiten.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad