Mirene Begiristain eta Goiuri Alberdi EHU

Fit4Food2030, EHU-k Europar Batzordeari proposatutako elikadura sistema jasangarria

Finantza Ekonomia II Saileko bi ikertzaile europar proiektua gidatzen ari dira Euskal Autonomia Erkidegon

dv

Sábado, 28 de diciembre 2019, 17:01

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Finantza Ekonomia II Saileko bi ikertzaile Fit4Food2030 europar proiektua gidatzen ari dira Euskal Autonomia Erkidegon. Proiektuaren helburua da Europar Batzordeari proposatzea zer ikerketa eta berrikuntza sustatu behar dituen, 2030ean Europan elikadura sistema jasangarri bat izateko. Elikadura sistemarekin lotutako Euskal Herriko maila desberdinetako hainbat eragile topaketak egiten ari dira hausnarketa hori egiteko, eta hurrengo saioa urtarrilaren 16an izango da.

Publicidad

EHUk jakinarazi duenez, 'zer nolako ikerketak eta berrikuntzak bultzatu behar ditugu 2030ean elikadura sistema jasangarri bat izateko?' galderaren inguruan ari dira hausnartzen hainbat eragile, Fit4Food2030 europar proiektuaren barnean (Horizon 2020), EHUko Finantza Ekonomia II Saileko Mirene Begiristain eta Goiuri Alberdi ikertzaileen gidaritzapean.

Mota askotako eragileak ari dira parte hartzen hausnarketa saioetan: erakunde publiko eta pribatuak (besteak beste, Bizkaiko Aldundia, Hazi, Neiker, Azti, Ihobe, Euskadiko Elikaduraren Klusterra, EHU, TNI, Orkestra, Elika eta Leartiker), sindikatuak (EHNE eta ENBA), elkarteak (ENEEK, Bizilur, EHKOlektiboa, Ekoizpen Urduña, D'elikatuz, Openbide, Arrels a taula) eta abar.

Lehenengo hausnarketa saioan, elikadura sistema jasangarri bat lortzeko erronkak finkatu dituzte parte hartzaileek. Mirene Begiristainek azaldu du zenbait mailatako erronkak ezarri dituztela: «adibidez, ekoizpen mailan, ekoizpen ereduen edo baserrien erreleboa da erronka nabarmena, bai eta tokiko produktuen balorizazioa eta araudiak ere; nutrizioaren arloan, curriculumean elikadura hezkuntza sartzea aipatu zen, eta osasun sisteman nutrizio adituek parte hartzea, bai eta nutrizioaren inguruko komunikazioa sustatzea ere».

«Jasangarritasunaren arloan, hornidura publikoarekin lotutako zer irizpide eta helburu ezarri behar diren; ekoizpen inguruneak eta lurra nola babestuko ditugun; sektorea edo instalazio berriak nola sustatuko ditugun. Gobernantzari lotutako erronkak ere finkatu ziren: Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraz eta Europako nekazaritza politikez jardun genuen, edo nola sor ditzakegun eskualdeko elikadur -kontseiluak», azaldu du.

Publicidad

Fit4Food2030 europar proiektua hiru mailatako laborategietan dago egituratuta. Hirietako laborategiei 'City labs' esaten zaie, eta «hirietatik zer nolako ikerketa eta berrikuntza bultzatu behar diren lantzen dute», zehaztu du Begiristainek. Eskualde edo estatu mailako laborategiak 'Policy labs' dira, eta «gobernantza maila horretatik, alegia, herrialdeetatik lantzen da gaia». Horietatik guztietatik proposatzen diren gomendioak, «Europa mailan gai horietan ikertzen dabiltzan aholkulari adituen talde batek aztertzen ditu, Think Tank izeneko egituran, Europar Batzordeari hainbat gomendio helarazteko».

Hiru Saio

EAEn, guztira, hiru hausnarketa saio egingo dituzte. Bigarren saioa urtarrilaren 16an izango da, eta aurreko saioan ezarritako erronkak ikerketarekin eta berrikuntzarekin lotzea dute helburu. Hirugarren saioan (uda aurretik egitea aurreikusita dago), Begiristainek azaldu duenez, «Europar Batzorderako gomendioak definitzeaz eta Euskadin 2030ean elikadura sistema jasangarri bat izateko zer ikerketa eta berrikuntza arlo behar ditugun definitzeaz gainera, gure asmoa litzateke hori guztia proiektu jakinetara ekartzea eta zer finantziazio iturri lor daitezkeen zehaztea».

Publicidad

«Halaber, nahiko genuke topaketen ondorioz eragile batzuen arteko elkarlana sustatzea. Oso garrantzitsua da hausnarketaren emaitzak, alegia, hemengo beharrak, Europara eramateaz gainera, ikerketa zentro eta erakunde publikoek eta pribatuek eta ikertzaileek kontuan hartzea, eta ikerketa horietako batzuk aktibatu ahal izatea lankidetzaren bidez eta gaur egun eskura izan daitezkeen eskumen edo baliabideak erabiliz», adierazi du EHUko ikertzaileak.

Begiristainek oso arrakastatsutzat jo ditu topaketak. Izan ere, «askotan elkartzen ez diren hainbat erakunde eta eragile elkartzea lortu dugu, oso ikuspegi desberdinekoak batzuk: nekazaritza sindikatuak, nekazaritzarekin lotutako gizarte eragileak, ikerketa zentroak, Eusko Jaurlaritzan gai hauetan erabakiak hartzen ari diren erakundeak».

Publicidad

Gainera, aldarrikatu du lehen sektoreak iraun dezan behar-beharrezkoa dela «berrikuntza eta ikerketaren betaurrekoak jantzita izatea, 2030ean zer nolako elikadura sistema nahi dugun jakiteko. Ideia berriak eta berrikuntza behar ditugu, ez bakarrik teknologiaren ikuspegitik, baita ikuspegi sozial eta ekonomikotik ere. Zer prozesu sozial, baliabide eta kudeaketa eredu ekonomiko behar ditugun, zer nolako aliantzak eraikitzen ditugun. Berrikuntza soziala funtsezkoa da lehen sektorean hezurdura sendo bat garatu ahal izateko».

EHUko Finantza Ekonomia II Saileko ikertzaileak dira Mirene Begiristain (Ekonomian doktorea) eta Goiuri Alberdi (Nutrizioan doktorea), eta proiektuaren gidari dira biak EAEn. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren eta Osasun Sailaren babesa eta EHUko errektore Nekane Balluerkaren babesa du proiektuak. Fit4Food2030 europar proiektuaren koordinatzailea Vrije Universiteit (VU) Amsterdam da, eta Europako erakunde ugarik hartzen dute parte.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad