Donostian ere, elkar mugituz egingo dugu
11 enbaxadoreak izango dira Euskaraldiaren aurpegiak, ahotsak eta belarriak eta euskara bultzatuko dute udalak antolatutako hainbat ekitaldietan
Aitor González
Martes, 13 de mayo 2025, 02:00
Elkar mugituz egingo dugu. Hori da aurtengo Euskaraldiaren leloa eta Donostian ere hitzez hitz betetzeko asmoa daukagu. Etzi hasiko dira Euskaraldiaren ekitaldiak Gipuzkoako hiriburuan eta donostiar bakoi-tza, bere helburu partikularrekin, euskarari bultzada berri bat ematen saiatuko da.
Batzuk belarriprest moduan, beste batzuk, ahobizi bezala. Edozein kasuan, pixka bat asko da eta bakoitzak bere partetik jar-tzen lortuko dugu Donostia gero eta euskaldunago batean bizitzea.
Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu gure hizkuntza protagonista izan dadin hurrengo 11 egunetan. Eta Euskaraldiaren aurpegia eta ahotsa izateko sekulako hamaikakoa osatu du. Hiriko aurpegi ezagunak eta elkarte ezberdinetako ordezkariak dira eta hamaika lagun horiek denetariko erronkak hartu dituzte Euskaraldirako: enpresa munduan euskara sustatzea eta prentsaurrekoetan euskara gehiago erabiltzea, Tabakaleraren programazioan euskararen presentzia handitzea, euskara ez galtzea eta gaztetako mailari eustea, edota euskara ikasten ari diren ingurukoekin lehen hitza euskaraz egitea.
Batzuk ahobizi rola hartuko dute eta beste batzuk belarriprestarena. Ahobiziek ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo diete. Lehen hitza beti euskaraz egingo dute eta euskaraz ulertzen dutenekin euskaraz jarraituko dute. Belarriprestak, berriz, euskara ulertzen duten kideak dira eta gainerakoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatuko diete. Belarriprestek ez dute beti euskaraz egingo, aldiro erabakiko dute, baina beraiei euskaraz egitea nahi dute.
Sara Zozaya
Sara Zozaya abeslaria da eta ahobizi moduan arituko da hurrengo egunetan. Euskara musikan har-tzen ari den indarra goraipatzen du: «Ekosistema interesgarria sor-tzen ari da euskal musikan. Lehen estilo bat zen eta orain ari da sor-tzen musika esparru guztietan». Bere helburua hurrengo egunetarako argi dauka Sarak: «Lehenengo hitza euskaraz esatea».
Jose Miguel Ayerza
Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusia da eta belarriprest txapa eramango du erantsita Euskaraldian. «Enpresa munduan euskara sustatzea eta elkarrizketetan eta prentsaurrekoetan euskara erabiltzea» da bere erronka.
Maialen Barcena
AEK euskaltegiko irakasle bezala, ahobizi izatera zuzenduta zegoen Maialen Barcena: «Euskaraldiak euskara bultzatzen jarrai-tzeko aukera eskaintzen digu». Bere iritziz, «euskaltegitik kanpo euskara erakustea posible da eta ez da bide aldapatsua».
Jon Garaño
Jon Garaño zine zuzendaria da eta ahobizi ere izango da hurrengo egunetan. Gogoratzen du nola Moriarti Produkzioak sortzerakoan «ez zen produkziorik egiten euskaraz eta Aupa Etxebesterekin 2005. urtean dena aldatu zen». Proposamen berezi bat egin dio bere buruari, lehen hitza euskaraz egiteaz gain: «Nire bikotearekin hikaz hitz egiten saiatuko gara. Ez daukagu erraztasunik, baina jolas moduan egingo dugu».
Laura Chamorro
Laura Chamorro ahobizi bezala arituko da. Modan aditua den aurkezleak erronka moduan hartzen du enbaxadorea izatearena eta hau da bere helburua: «Nik zuzentzen ditudan proiektuetan euskara gehiago erabiltzea».
Borja Agote
Surflaria eta youtuberra den Borja Agote belarriprest izango da eta bere lanarengatik ingelesa, frantsesa eta gaztelera gehiago erabiltzen duela onartzen du. Horregatik «euskara hobetzea» da bere erronka «euskara dakigunok altxor bat daukagulako».
Edurne Ormazabal
Tabakalerako zuzendaria da Edurne Ormazabal eta ahobizi izango da. Tabakaleran erronka berri bat hartuko du: «Euskarak presen-tzia gehiago izan dezan bere programazioan».
Xabier Zabaleta
Xabier Zabaleta hamarkadak daramatza bezeroak euskaraz har-tzen Aratz Jatetxean. Ahobizi bezala, hurrengo egunetan erronka berri bat jarri du: «Gure jatetxean kanpoko jende asko izaten dugu lanean eta saiatuko gara beraiek ere gure hizkuntza maita dezaten eta ikas dezaten».
Josebe Amondarain
Josebe Amondarain Ikasbide Elkarteko idazkaria da. Ahobizi izango da eta «lehenengo hitza euskaraz esaten saiatuko gara, euskararik gabe ez dagoelako Euskal Herririk».
Unai Ribera
Unai Ribera DJa da eta ahobizi bezala erronka polita aurkitu du: «Euskaratik galduta ikusten ditudan espazioetan, berriro ere euskaratik eusten saiatzea».
Txurdin
Txurdinek, Realeko maskotak, ez du hitz egiten, beraz belarriprest izan behar du nahi eta nahi ez. Dena den, txikiei iristeko pertsonai ezinhobea izango da hurrengo egunetan zehar.
11 enbaxadoreak funtsezkoak izango dira datozen egunetan Donostia euskararen hiriburua bihurtzeko. Baina gogoratu: bakarrik elkar mugituz lortuko dugu.
- Temas
- Euskaraldia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.