Nico bere etxean. Bertan, mahaiak ere Lanetik egina izeneko elkarte beteranoaren berri ematen du. DE LA HERA

Hiritarrak | Nico Chaumont

«80 lagunok egingo dugu lan aste honetan jendea metalez blai izan dadin»

Bihar hasiko da Hendaian Metal'o' ween jaialdi erraldoia

Begoña del Teso

San Sebastián

Martes, 22 de octubre 2024, 06:59

Argazkian mahai gainean agertzen diren afixak barra barra ikusten dira egunotan Donostialdeko, Oarsoaldeko, Txingudi Badiako kale hormetan. Bihar hasi eta larunbatean (igandeko ordu txikietan, hobe esanda) bukatuko den Metal 'O' Ween izeneko musika jaialdiaren berri ematen du bele bat ikur duen kartelak. 12 dira parte hartuko duten taldeak. Euskal Herrikoak zein Frantziakoak. Izen handikoak zein hasi berriak. Horren guztiaz mintzatu ginen Lanetik egina elkarteren zuzendaria den Nicorekin. Maite du musika eta, irakasle, Afrikako perkusioak irakasten ditu Behobie karrikan egoitza duen musika eskola estimu handiko horretan.

Publicidad

– Jaialdiaz mintzo aurretik egin dezagun hitz pare bat Lanetik egina elkartearen inguruan

– Duela 30 urte sortu genuen. Hasiera hartan taldeek beren saioetarako lokala izan zezaten zen helburua, ametsa. Apurka-apurka garatuz joan zen ideia. Egun, nik uste, musika ikasi nahi duten guztiak laguntzen ditugu. Baita musika egin desio duten horiek ere. Hor daude entseguetarako gelak, hor eskola bereziak, hor estudioak,,, Oholtza igotzeraino gara bidelagun. Urteak pasa ditugu afan hauetan, beraz herriko eragile guztiekin ditugu harreman hautsezinak. Hendaiako ekimen askotan hartzen dugu parte. Aurten, antolatzaile moduan, ikasleen kontzertuak, punk gau bat, reggae festa bat eta antzeko kontuak atera ditugu aurrera, Hendaiako jendearen konplizitatean, bertakoen adiskidetasuna jasoz.

«12 talde Halles Gaztelu aretoan, bi film anitz interesgarri Les Varietés antzokian. Jateko eta edateko ona (Bidassoa eta Mala Gissona zerbezak) eta Hell Market bat ere»

– Emaizkidazu zure lankideen,(ametskideen...) hainbat izen, faborez.

– Céline Behoteguy, Juliette Bourlie, Johann Breton, Pascal Breton, Julie Alcayde, Romain Martinez,Fabien Ducasse, Sandrine Hernandez. Horiexek osatzen dute batzordea baina, galdetzen badidazu zenbat garen beharrezko Metal 'O' Ween martxan jartzeko, zera esango dizut, gaur arte, hamar lagunekin, nahiko. Bihartik aurrera, 80 inguru izango dira ezinbesteko.

– Metal 'O' Ween... hamabigarrenez Hendaian. Hori marka, hori.

– Duela 15 urte ekin genion baina, jakina, Covid garaian, metalik ez. Ez bederen zuzenean.

– Hamabigarrenez hamabi talderekin. Gehi Bigitte Bonin harpa jotzailea, gehi Sony Samba rockero-gamberro alena. Azter dezagun tentuz. programazioa.

– Izen handiak badira. Esaterako, Zarautzeko Anestesia. Hainbat entziklopediren arabera, crossover thrash eta hardcore punk estiloei heltzen diete. 31 urte daramate musika egiten. Esan Ozenki mitikoarekin grabatu zituzten beren disko lehenak. Gero Bonbonera Ekintzak ekimenarekin landu zituzten beste batzuk. Aurtengo martxoan kanta berria atera zuten, Mikel Kazalisek sortutako 'Azken heriotza'. Bideoklipa sareetan da. Beste talde bazterrezina Toulouseko Psykup dugu Aspaldikoa hau ere, 1995ean sortua. 'HelloKarma' diskoan erakusten duten legez, beren metal esperimentala bortitza, basa, konplexurik gabea eta groovy, oso groovy da. Interesgarria, zinez interesgarria ere, Ainez taldearen proposamena...

Publicidad

– Ainez?? Bordeleko taldea.

– Post-Rock -Hardcoren dabiltza. Azken diskoa, 'A Different Gaze'

– Euskal Herrikoak zeintzuk, Anestesia beteraoez gain?

– Pila bat. Bilboko Empire of Diseaseren death metal melodikoa, Sveranceko hardcore, Anestesia eta Psykup bezain beteranoak diren Baionako Titan. Hirudisko dute, egiozue kaso, esaterako, 2021ko 'Pangenesia' izenekoari. Ezin ahaztu Legazpiko Elbereth gurekin izango dela. Urrian 4ean kaleratu zuten Basque Metal Countryk argitaraturiko beren 'Omen' bosgarren diskoa, Bergaran grabatua...

– Ziur naiz Larratxon urtero antolatzen duten Heavy Jaia eta Arrasateko Mondra&Roll berdingabeak konplize dituzuela.

– Baita Baionatik hurbil den Suhuskune herrian gozatzen duten Buru Beltz fest ere. Irailean izan ohi da. Aurten, Inertzia, Death From Above, Iron eta Maider edo Some Kind of Puppets taldeek jardun dute bertan. Harreman onetan gaude Billabonako Hellbonako jendearekin.

Publicidad

– Harreman onetan eta gertatzen den guztiari adi eta egunean. Izan ere, pasa astebukaeran egin zuten metalezko festa hori Berdura plazan, arranopola!

– Gurean esku hartuko duten Bushidok eta Empire of Diseasek jo zuten bertan. Begira, Metal estiloa bereziki estimatua da Euskal Herrian. Alta,nahiz eta zenbait jaialdi marka kanpokoak izan, guk uste, toki gehiago merezi du. Horrexegatik deritzogu saihestezin espazio dedikatua sortzeari. Talde ospetsueekiko publikoaren gosea asetzeko asmoz, aurkikuntza ausartak egiteko eta tokiko eszenari laguntzeko ere bai.

– Primerako filosofia ez izan dudarik. Eta gainera, ez mugatua. Ez zaudete bakarrik Les Hallesen, herri osoa okupatzen duzue

– Hori izan da urteetan zehar gure asmoa. Tokiko ekoizleak dira gure jateko eta edatekoaren hornitzaileak, kasurako. Are, 2024 honetan Les Varietés zinema aretoan bi film eskainiko ditugu festa giroan. Bata, 'Mon premier Halloween' (harrobia behar dugu!). Bestea, Rita Baghdadiren 'Sirens', Ekialde Hurbilean sortu zen emakumezkoek osaturiko lehen metal bandaren istorioa. Zatozte.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad