Josune Baztango inguruetan 'Ilun' bere txakurrarekin. IÑAKI MORAL

Hiritarrak | Josune Gorostegi

«Ezinezkoa den zerbaitekin amets egiteko erabakia hartua dut»

Asteburuan, Cristina Brunetti izango da berriro Egiako parkean

Begoña del Teso

San Sebastián

Martes, 19 de noviembre 2024, 07:28

Donostiarra, Maritxu eta Felixen alaba, aspaldian hasi zen antzerkian, horren ibilaldi oparoa duen Legaleon T konpainian. 2002an Max saria irabazi zuen denak ahoa bete hortz utzi zituen 'Pan con pan' lanarekin. Zazpi t'erdi zinema ekoiztetxe librearekin 'Mara Mara' pelikulan hartu zuen parte. Nobela, zinema, narrazio ilunetan urtero murgiltzen diren (H)ilbeltza jardunaldietako partaide, Elizondoko kanposantuaren ondoan bizi da. Datozen larunbat eta igandetan, berriro izango da Cristina Enean bertako jabe eta biztanle izandako dukesa, antzerki ibiltari batean. Euskaraz eta gaztelaniaz. Ia sarrera guztiak agorturik daudenez, ibili pronto bila, eske, erreserban.

Publicidad

– María Cristina Fernanda Brunetti y Gayoso de los Cobos, horiek deiturak, horiek.

– Espainiako Handia zen. Dukesa, Mandas eta Villanuevakoa; Fermín de Lasala y Colladorekin ezkondu zen. Egun Cristina Enea den eremuan, jauregian, parkean bizi ziren. Diplomatikoa zen senarra. Baita, urte batzuez, Sustapen Ministroa ere. Andere jantzia zen kulturan, zientzietan, hizkuntzetan. Botanika maite zuen sakon. Bere garairako emakume oso aurreratua zen. Alta, ezin ahaztu era berean eta aldi berean, bere garaiko eta bere gizarte mailako alaba izan zela.

«Mandaseko Dukesa emakume aurreratua izan zen bere garaiekiko. Alta, garai hartako alaba zen eta orduko hainbat usadio eta arau betetzen zituen»

– Zer esan nahi duzu horrekin?

– Azken finean ez zuela erabili egun izango lukeen, ziurrenik, libertate osoa. Ez zuen bere bide propioa erabat urratu; senarraren alde eta ondoan izatea erabaki baitzuen. Maite zuten elkar, bidaiatzen zuten elkarrekin, kultura lantzen zuten elkarrekin. Egun Cristina Enea den parajea zaintzen zuten. Elkarrekin. Horrek guztiak ez du esan nahi, inolaz ere, emakume braboa ez zenik.

– Gaur egun bizi balitz, nola irudikatuko zenuke?

– Ba, garai hauetako emakume abenturera eta ausarta. Europan barna bidaiatu zuen. Egun, planeta osoa korrituko luke, jakintza eta plazer berrien bila.

– Denbora daramazu Dukesarena egiten parkean. Ikusle kopuru mugatu baten aurrean ez duzu antzezpena soil-soilik egiten.

– Ez. Jauregian eta Parkean ibiltzen gara eta nirekin dauden horiei hitza luzatzen diet, galderak egiten dizkiet, elkarrekin komentatzen ditugu aireratzen diren kontuak. Jakina, berbetan egin nahi ez duenak, ez du egiten.

Publicidad

– Dukesak arrastorik utzi izan du zuregan? Aktorearengan?

– Egia esan, bai. Kontu txikietan ere. Asko ikasi behar izan dut bere inguruan. Hasiera batean antzezlan umoretsu gisan irudikatu nuen baina Cristina Enea Fundazioak kontakizun zehatza, historikoagoa izan zedin eskatu zidan. Beraz, bere munduan, bere gizarte mailan, urte haietako Donostian murgildu behar izan dut. Plazer handiz. Sarri, hemen ere, Elizondon, harriduraz sentitzen dut nire burua Dukesak zer egingo lukeen galdezka. Jantzi kontuetan ere, bizitzan aurrera egiteko erabakietan ere.

– Seguru lerroburuan jarri dugun burutazioaz hitz-aspertu polita egingo zenuketela Maria Cristinak eta zeuk... Ezinezkoaz amets egitea!

– Ba bai, hori izan da nire hautua. Sendoa. Badakizu nolakoa izan ohi den aktoreen bizimodua, nola edo hala biziraun behar, oztopoak garaitu behar, finkorik ezer ez duzula... Gauza jakina da ere gure kontra bueltatzen den urguilu arraro bat dugula zenbaitsuok; ez dugu zirkuitu arauetan aritu nahi, 'underground' horiek omen nahiago. Ni horietan ere zoriontsua izan naiz. Virginie Despentsen 'King Kong Thêorien' oinarritutako bakarrizketarekin, kasurako, jatetxeak zein kultura zentroak korritu nituen. Alta, orain ez diot muzin, uko egiten ezeri, ez underground-i ez arautuari. Ezta, jakina, amets egiteari ere.

Publicidad

– Gainera, ederki frogatu duzu amets egiten duenari patuak laguntzen diola. Kontatu zer gertatu den Krakatoarekin...

– Zera okurritu zitzaidan (ez pentsa, niretzat okurrentzia eroa baino askoz gehiago zen, landu eta garatu nahi/behar nuen proiektua), Indonesian diren Krakatoa uharte bolkanikoetara joatea eta harainoko bidaiarekin, gehi han sentituko nuenarekin lan bat egin. Ideia izugarria baina zaila gauzatzen eta dirutza behar, jakina. Ametsetan, ameskerietan, dudatan nengoela, derrepentean kontu ikaragarri baten berri eman zidaten...

– Kontatu, arren!

– Hemen, Elizondon, badira Ezkaldo izeneko leizeak, Jurasiko goiztiar arokoak, kareharrizkoak, 1,5 kilometroko galeriak dituzte eta hainbat ibai lurpeko. Aranzadiko zientzialariek eta beste askok ikerketa handiak egin dituzte bertako floraz eta faunaz...

Publicidad

– Zer dela eta ari gara Elizondoko leizez hizketan antzerkia eta Indonesiako sumendiak lotzen dituen orrialde batean?

– Sinetsi ala ez, espeleologoen irudiko Ezkaldoko lekurik magikoenak 'Krakatoka' duelako izena!

– Benetan?

– Bai horixe! Horrela izendatu zuten itxura bolkanikoa duelako. Harrizko kolada izugarria eta laku ezin ederragorik dira bertan. Zaila da, oso, sartzen baina beste leize batean ari naiz espeleologo batekin entrenatzen. Ea zer aterako sartzea lortzen badut. Indonesiako Krakatoa nire proiektuaren amaiera zen. Hemengoa abiapuntu suerta daiteke.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad