Borrar
Kilometroak

Izpiz izpi osatu da Kilometroak jaia

Azpeitiko Ikastola Ikasberrik antolatu du aurtengo Gipuzkoako Ikastolen aldeko festa. Igandean herriko kaleak jendez eta ekitaldiz beteko dira. Azpeitia prest dago jai erraldoia hartzeko

Ostirala, 4 urria 2024, 02:00

Comenta

Eguzki lorearen hosto guztiak ezberdinak dira. Baditu luzeak eta baditu txikiak baita zabalak eta estuak ere. Batzuk okerrak dira eta besteak oso zuzenak, zaharrak berriez inguratuta daude eta ximelek freskoak biltzen dituzte baina denak dira beharrezkoak lore eder hau osatzeko». Pasa den urteko abenduaren 5ean Azpeitiko Ikastola Ikasberrik Kilometroak antolatzeko ardura hartu eta berehala egindako aurkezpenean esandako hitzak dira. «Txikitik baina helburu handiekin» auzolanean aritzeko asmoa adierazi zuen orduan ikastolako komunitateak. Eguzki-lorea aukeratu zuten iruditzat eta 'izpi-izpi', berriz, lelotzat.

Hamar hilabete igaro dira. Kilometroen urtea izan da, harremanen urtea, talde eta eragile desberdinekin hitz egiteko eta zubiak eraikitzeko urtea. Eta, iritsi da eguna. Igande honetan urte osoko lan hori borobilduko duen jaia ospatuko da. Nabaria da urduritasuna Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Eguna gerturatzen ari den heinean «gogoa» dagoela dio Alaitz Epelde Artezkaritzako kideak. «Mugimendua, jendea, sartu-irtena nabaria da azken aste honetan. Azken bilerak egiten ari dira, boluntarioen lanak banatzen... eta bai, gogo handia dago. Urtean zehar ekitaldi ugari antolatu ditugu eta urriaren lehen igandean iritsiko da azkenean nahi genuen festa. Ez dira ekitaldi ikusgarriak eta handiak izan baina arrastoa laga dute urtean zehar».

'Kultur izpiak' izenburupean hainbat ekimen antolatu dituzte urtean zehar. «Otsailean inauteriak munduz mundu izan genuen eta Tuteratik Azpeitira bitarteko ibilaldia hasi ere. Bederatzi etapetan burutuko dugu eta bakarra falta zaigu, urriaren 19koa; martxoan, Beskoitzera bidaia edo Korrikan parte hartu genuen; apirilean, ikasle topaketak eta Kilometroak txikia ospatu genituen; bertsoak izan genituen maiatzean Soreasun eta guztia 'Izpiz izpi' abestiaren eta bideokliparen aurkezpenarekin borobildu genuen», dio Alaitzek.

Egitaraua

  • Herriko Plaza: 10:00-13:00. Erronka. 11:00-11:30. Bertsolariak. 11:30-13:00. Herri kirolak. 13:00-14:00. Muxikoak. 13:30-14:30. Erronka. 14:30-15:30. Erromeria, Imuntzo eta Beloki. 16:00-17:30. Kontzertua, La Basu.

  • Esklabak 11:00-12:00. Izpiz izpi jolasean karaokea. 12:30-13:30. Iagomago eta Julen magoa. 13:30-14:30. Skate erakustaldia. 14:30-15:30.Kontzertua, Deñe. 15:30-17:00. Go!azen.Egunean zehar: Euskaltel bizikleta zirkuitua, Laboral Kutxa puzgarriak eta Realaren txokoa.

  • Ikasberri Ikastola 10:00. KMK irekiera ofiziala. 11:00-11:30. Skapaie elektrotxaranga. 12:00-13:00. Troia kale antzerkia. 13:00-14:00. Leherkaitz. 14:30-15:30. Ukabil. 16:30-17:30. Tapia eta Leturia. 18.00-19:00. Janus Lester. Egunean zehar: Izpiz izpi jolasean, Bihotz Urdina eta Antxieta Arkeologia Taldea. Eroski elikadura tailerra eta EITB Makusi tailerra.

  • Loiola Goizean zehar. Yoga, gimnastika erritmikoa eta judo erakustaldia. 11:00-13:00. Erronka. 12:30-13:30. Ro. 14:00-14:45. Eraldatzen. 15:00-16:00. Trini Fox. 16:30-17:30. Urtz.18.00-19:00. Janus Lester. Egunean zehar: Artisau azoka, Izpiz izpi jolasak, zirku tailerra, emozioen babeslekua eskulan tailerra eta kapoeira. Kale animazioa izango da egun osoan zehar.

Skapaie elektrotxarangak egin du Kilometroak 2024ko kanta eta bideoklipa. Ikastolako eta herriko taldea da Skapaie eta hala diote abestian: «Izpiz izpi piztu elkarrekin ikastola, auzo, herri. Auzolanarekin izango dugu gizartean zutabe berri».

«Harreman eta elkarlan» urtea izan da, beraz. Kilometroen kantak dioen bezala, herrigintza izan dute ardatzetako bat. Euskara eta kulturartekotasuna eta aniztasuna dira beste biak. «Arnasgune batean gaude, gure bizimoduan barneratuta daukagu euskara. Azpeitian egon arren, ordea, arriskuan dago, zaindu behar dugun gauza bat da. Ezin dugu arreta jaitsi eta guri behintzat, tokatu egiten zaigu hau zaintzea», dio Artezkaritzako kideak.

Kulturartekotasunari eta batik bat, aniztasunari ere berebiziko garrantzia eman nahi diote. Hori dela eta, igandean pase azkarrak ipini dituzte. «Behar bereziak dituzten pertsonentzako pase azkarrak eskuratzeko aukera izango da. Gune lasaiak egongo dira. Lasai egotea nahi dutenean, erakutsi txartelak eta bai plazan edo baita ikastolan ere eta burrunba horretatik atera eta festarekin lasai jarraitzeko aukera emango zaie. Pase azkarrekin, berriz, txosnetan edo puzgarrietan, komunetan... zuzenean igaro ahal izango dira».

Lau gune

Gipuzkoako Ikastolen festa nagusiak lau gune izango ditu: Festa herrira gerturatzeko nahian, Herriko plazan izango da bat; Ikastolan bertan eta alboan, Esklabetan egongo da bestea eta laugarrena Loiolan izango da. «Denekin eta denontzat pentsatutako eguna» izango dela dio Alaitzek, «urte osoa borobilduko duen festa eder eta sanoa, eta denok ondo pasatuko duguna».

Goizean goizetik hasita, gazteentzat erronka probak izango dira ibilbide osoan zehar, txikienentzat izpiz izpi jolasak, puzgarriak eta tailerrak. Kale antzerkia, magia, karaokea, yoga edo kapoeira ikusi eta parte hartzeko aukera izango da eta hainbat musika taldek eskainiko duten musikaz gozatzeko aukera izango da. «10etan izango dugu hasierako ekitaldia, Ikastolan bertan. Ondoren, kalejiran joango gara plazara. Pirritx, Porrotx eta Marimotots izango dira gurekin. Behin plazan, sudur-gorriak omenduko ditugu, bete-betean bat egiten dutelako aurten landu ditugun hiru ardatzekin».

Laugarren Kilometroak

Azpeitian egiten diren laugarren Kilometroak izango dira igandekoak. 1979an, 2000. urtean eta 2011n izan ziren aurrekoak.

Hasi da atzera kontaketa. Goza dezagun beraz, lagunez, ezagunez, ingurukoez, ekitaldiez, musikaz eta gainerakoaz... beti ere, euskaraz!

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Izpiz izpi osatu da Kilometroak jaia

Izpiz izpi osatu da Kilometroak jaia