«Baserriarentzat zama da» testuliburuetan duen irudi folkloriko eta bukolikoa
«Baserritarrei buruzko estereotipoz beterik daude eskoletako testuliburuak», ondorioztatu du gaiari buruzko liburua egin duen Pedro Berriotxoa ikertzaileak
Viernes, 4 de mayo 2018, 12:05
Umetan ikusten duguna hor nonbait gelditzen zaigu betiko. Eskolan ikasten dugunak jartzen du gerora ikasiko dugunaren oinarria. Alde horretatik, baserria eta baserritarrak bertatik bertara ezagutzeko aukerarik ez dutenek horri buruz duten irudi distortsionatuak izan dezake testuliburuetan ikusten eta ikasten dutenarekin lotura.
Publicidad
Ostiral honetan Foru Jauregian aurkeztu den 'Baserriaren eta baserritarren irudia testuliburuetan' liburuak, hain zuzen, agerian utzi du oraindik ere eskolako liburuen bitartez baserriaren eta baserritarren errealitateatik urrun dagoen irudia zabaltzen dela.
«Argitaletxe batzuetan baserriarekiko sentsibilitatea agerikoa den arren, beste batzuetan honako estereotipoak berresten dira: baserri zaharra; eden bukolikoa; tradizionala eta folklorikoa; emakume baserritar ikusezina; autarkikoa; kanpokoa eta urrutikoa; ahistorikoa…», azaldu du ikerketa egin duen Pedro Berriotxoa ikertzaile, historiagile, antropologo, irakasle eta nekazaritza-ingeniariak. «Kanpotik, baserriaren ikuspegi positiboa ematen da, erakargarria, baina guztiz folkloreari lotuta. Eta hau zama da baserriarentzat», gehitu du, ikerketarako Derrigorrezko Lehen eta Bigarren Hezkuntzan (LH eta DBH) 6 eta 16 urte bitarteko ikasleekin erabiltzen diren zortzi argitaletxeren testuliburuak aztertu dira.
Ikerketa, hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako egitasmo zabalago batean kokatu da, eta gizarteak eta hezkuntzak baserri munduaren inguruan ezezagutza handia dutelako susmoari erantzun nahian egin da. Duela urte eta erdi, lehen sektorearen dinamizaziorako parte-hartze prozesu bati ekin zitzaion lehen sektoreko askotariko eragileekin batera. «Hasiera, hausnarketarako tartea izan zen, sektorearen erronkek zeintzuk beharko luketen adosteko. Erronkak kudeatzeko hiru lantalde sortu ziren: Errentagarritasuna, Kudeaketa eta Komunikazioa. Guztietan, buru-belarri lanean ari dira, eta gaur aurkezten dugun hau lehendabiziko emaitza dugu», zehaztu du aurkezpenean Xabier Arruti Nekazaritzako eta Landa Garapeneko zuzendariak.
Komunikazio lantaldetik atera zen ikerketa egiteko ideia. Bertan, gizarteak eta hezkuntzak baserri munduaren inguruan ezezagutza handia dutelako susmoa zegoen, eta hori dela-eta, ikerketa egiteko eskatu zitzaion, eta Berriotxoak emaitzetan ondorioztatu duenez, «baserritarrei buruzko estereotipoz beterik daude eskoletako testuliburuak, eta horietako asko aspalditik datoz».
Publicidad
Ikertzaileak adierazi duenez, errealitatetik urrun dauden aurreiritziak dira, eta, horiek saihesteko, gomendio sorta bat osatu da baserriari eta baserritarrei buruzko ikasmaterialak sortu nahi dituzten argitaletxe, norbanako edo ikastetxe guztien eskura jartzeko.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión