Borrar
2023an EuskarAbenturan parte hartu zuten gazteak, Zerainen egindako geldialdian.
EuskarAbentura

Euskaraz eta «ondo pasatuz», 30 egun eta hamaika emozio

Udaleku hutsetik harago, uztailean espedizioko partaideek Euskal Herria zeharkatuko dute udalerrietako kultura eta historia barneratuz

Jon Agirre

Donostia

Larunbata, 29 ekaina 2024, 16:04

Comenta

Donejakue bidea jarraituz, beste uztail batez EuskarAbentura espedizioak Euskal Herria zeharkatuko du uztailaren 1etik 31ra. 2018an hasi zen «erokeria» honek seigarren edizioa izango du –2020an ez zen antolatu Covid-19a zela-eta– eta zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 15-17 urte bitarteko neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia «lagunartean» eta «oinez» ezagutzeko aukera eskainiko die.

Labaienek oroitzen duen bezala EuskarAbenturaren «erokeriak» 2015ean du ernamuina, baina ez Euskal Herrian, baizik eta Boisen (AEB), Ruta Quetzal egindako taldetxo bat euskal diasporako jaialdi batean elkartu zenean. «Euskaran inguruan ardura berak zituzten eta bueltan han izan zen lagun batek ideia partekatu zidan. Ideia zoro bat zen, baina bilerekin hasi eta aurrera atera genuen». Buruhauste handiak izan zituzten 2017ko lanketarekin eta 2018ko lehen edizioekin, «dena egiteko» baitzegoen. Nolabait talde eragile hark gurasoen belaunaldiak egindako lan eta esfortzuari jarraipena eman nahi izan zion. «90eko hamarkadan jaiotakoak gara hasieratik gaudenak eta aurreko belaunaldiak egindako lan horri tiraka ikusi genuen ikerketa asko bat zetozela, erabileran dagoela gakoa eta bidegurutze batean gaudela».

Zortzi laguneko taldea proiektua eraikitzen joan zen, okurritzen zitzaizkien ate guztiak jotzen. Elkarte bezala eratu ziren, erakundeetara joan ziren babes eta finantzaketa edo laguntza bila. Eta batez ere EuskarAbentura zer zen azaltzera. «Hain indibidualista bihurtu den gizarte honetan elkarlana, elkarbizitza eta itxaropena bezala baloreak sustatu nahi genituen». Hartu beharreko lehen erabakietako bat adin-tartea izan zen eta hautuarekin «erabat» asmatu zutela iritzi dute. «Ez daude gauza asko haientzat antolatuta. Gauzak erabakitzeko kontzientzia hartzen ari zaren aroa da eta horretan eragin nahi genuen. Kontua ez zen soilik euskara sustatzea, gazten arteko saretzea nahi genuen». Helburu hori ondo gauzatzeko metodologia argia du espedizioak. Batetik, euskara «zeharka» doan gaia izatea, hau da, «eskolako zuzentasunetik atera» eta 30 egunez gazteek «gustuko dituzten gauzak euskaraz egitea»; eta, bestetik, erabilera sustatzeko «espazio seguruak sortzea. Taldeak anitzak dira eta errealitate hori kontuan izan behar dugu».

Horretarako funtsezkoa da zazpi lurraldeetako zein diasporako gazteek parte hartzea eta haien arteko oreka kontuan izatea hautatze prozesuan. «Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzak» islatzeko 127 parte-hartzaileak honela geratu dira: gehiengoa bizkaitarra da, 43 gazte (%33,85), gipuzkoarrak 28 dira (%22,05), Nafarroatik 24 etorriko dira (%18,90), Arabatik 13 (%10,24), Lapurditik 10 (%7,87), Behe-Nafarroatik 6 (%4,73), Zuberoatik 2 (%1,57) eta diasporatik bat, Cusco, Perukoa (%0,79). Era berean, taldearen %66,93 emakumezkoa da (85), %32,28 gizonezkoa (41) eta ez binario bat.

Partaideen zerrenda bezala, urtez urte eraldaketak dituen beste alorretako bat da espedizioak egiten duen ibilbidea. Hala, 2023an lehen aldiz zazpi herri bisitatu zituen EuskarAbenturak –Ataun (Gipuzkoa); Lekeitio eta Nabarniz (Bizkaia); Larzabale (Nafarroa Beherea); Irunberri, Urdazubi eta Urrotz (Nafarroa)– eta 2024an ere izango dira geldialdi berriak. «Oso eskertuak gaude ia beti ematen dizkiguten erraztasunekin, frontoiak, espazioak... Haien ateak irekitzen dizkigute», dio Labaienek. Are gehiago, zenbait bisitatzeko ideia udalerriek beraiek proposatzen dute. «Ibilbideko aldaketa batzuk horregatik dira». Inplikazio horren adibide modura aipatzen du Zerain. «Herri osoa mobilizatzen da bertan gaudenean afaria emateko, jada ez dakigu nola eskertu halako babesa».

Elkarlana, oinarri

Hala, 2024ko espedizioan hiru izango dira berritasunak. Orain arte Mauletik abiatuta, aurten Atharratzetik aterako dira jzioquitarrak eta, era horretara, etapa bat gehituko du EuskarAbenturak Iparralden. Ostean, uztailaren 13ko gaua Izarran (Araba) igaroko dute eta uztailaren 26koa Aulestian (Bizkaia). Geldialdi horietan udalerriei buruzko hainbat kontu ikasten dituzte gazteek, tarteka ofizioak ere, eta geografiak eta kulturak pisu handia du. «UNESCOk ondare izendatu dituenetatik igarotzen saiatzen gara, esaterako Irulegi». Parte-hartzaileek esperientzia gehiago bil ditzaten kulturako diziplina anitzetan euskaraz lan egiten duten erreferentziazko pertsonak ere bisitatzen dute espedizioa. «Rapa, zinema edo dena delakoa euskaraz egiten daitekeela ikusaraztea da helburua. Eta zorte handia daukagu jendeak baietz esaten duelako».

Uztailean hasiko den edizioa oso berezia izango da gainera, duela zenbait urte hasitako ikerketaren azkena izango delako. Lehen bi urteetan «galdetegi ez oso antolatu» batekin egin zen eta, hirugarrenetik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin. «Euskararen kaleko erabilera neurtzeko sistema egokitu genuen. Galdetegia aurretik, espedizioan zehar eta hau bukatu eta hilabetera egiten da». Labaienek aurreratu bezala emaitzak 2025ean kaleratuko dira. Besteak beste, hizkuntza mudantza egiteko arrazoiak, gazteek euskararen aldeko apustua noiz eta non egiten duten, azaleratzea da asmoa.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskaraz eta «ondo pasatuz», 30 egun eta hamaika emozio

Euskaraz eta «ondo pasatuz», 30 egun eta hamaika emozio