Plaza de Gipuzkoa

Eskaintza ez oldarkorra

Martes, 14 de mayo 2024, 13:23

Eskalea hor dago, edozein kale bazterretan, egun eguzkitsu zein euritsuetan. Inork ez daki nondik etorri den. Loretan dagoen estatua hondatu bati bezala pilatzen zaio goroldioa. Gehienetan, eskua luzatuta izaten du, baina ez bostekoa emateko. Gutxi batzuetan, berriz, poltsikoan ezkutatzen ditu, ez haietan itsatsia duen zikinkeria edo gordintasuna ezkutatzeko, txanponen bat birarazten ari dela fantaseatzeko baizik.

Publicidad

Oro har, jendeak ez ditu eskaleak ikusten, edo ez du astirik begirada haiengan jartzeko. Beherago daudelako, akaso, beste maila batean, burua uzkurtuta, narras eta zarpail, Murillo edo Daumierren margo batetik atera berri. Udaltzainek bakarrik ikusten dituzte, gaueko ikusmenerako beren betaurreko garestiei esker. Horregatik, eskale askok karteltxo bat jartzen dute oinpean edo alde batean, norbaitek haiengan errepara dezan: «Laguntxa, mesedes»; «Me e qedado sin trabajo». Gehienetan, ortografia akatsen batekin, euskaltzain edo akademikoen hizkuntza zuzenkeria zirikatzeko. Baina sintoma beti berak errepikatzen dira eskaleen aurrean: jendeak ezikusiarena egiten du, pausoa azkartzen du, ez du mugikorreko pantailatik begia kentzen... Neurri handi batean, esan daiteke kalean dagoen eskale hori beste dimentsio batean bizi dela, multibertsoko beste kantoi batean. Edo atrezzo-elementu bat dela, edo mozorrotutako estralurtar bat bestela. Une txar bat pasarazten digu, baina ez da eskaintza oldarkor bat izatera iristen. Ez dio merkatuari eragiten.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad