Orain dela lau urteko antzezpena Getarian. USOZ

Elkano kapitaina eta gainerako marinelak, lehorreratzeko prest

500. mendeurrenaren aurreko azken antzezpena astearte honetan egingo da Getarian, zenbait doikuntza eta berritasunekin

m. imaz

Lunes, 6 de agosto 2018, 15:08

Fernão de Magalhães portugaldarraren agindupean, bost ontzi eta 239 gizon itsasoratu ziren 1519ko irailaren 20an Sanlúcar de Barramedan. Juan Sebastian Elkano getariarrak ez zuen aginterik ezein ontzitan; ordurako itsasoan esperientzia handia zeukan marinel gipuzkoarra intendentzia kontuez arduratzen zen 'Concepción' izenekoan. Gorriak ikusi ostean, Magallanes hilda eta munduari lehen aldiz buelta emanda, 1522ko irailaren 8an lehorreratu ziren Sanlúcarren bertan: ontzi bakarra, 'Victoria'; 18 gizon eta, denen buru, Elkano.

Publicidad

1922an, espedizioaren amaieraren 400. urteurrenean, Elkanoren eskifaia urri eta nekatuaren lehorreratzea antzeztea erabaki zuten Getarian, eta orduz geroztik eusten zaio lau urtean behin herriko semearen eta bizirik irautea lortu zuten gainerako marinelen balentria gogora ekartzeari abuztuaren 7an, herria Salbatore festetan murgilduta dagoela.

Azken-aurrekoak, 2009 urtean, ukitu berezia izan zuen, herriaren 800 urteurrenarekin bat egin baitzuen. Azkenak, 2014koak, berezitasun nagusi bat izan zuen, bost urte igaro baitziren bi antzezpenen artean. Arrazoia? 2022an, bosgarren mendeurrenean, lehorreratzea egin ahal izatea. Aurtengoak, beste urrats batzuk egin ditu, orain dela lau urte irekitako bidetik, laster mende bat beteko duen ospakizuna eguneratzeko. Besteak beste, rol nagusietan izan ezik parekidetasuna bultzatu da, eta zozketa bidez esleitu dira apuntatu direnen artean 20tik gora postu.

Ohiko antzezpena

Ikusleek, dena den, betiko antzezpena ikusiko dute. Jaitsiko dira ontzitik jota, burumakur eta zarpailez estalita Elkano kapitain eta espedizioburua eta gainerako marinelak. Kapitaina eta hiru bizkaitar ziren Euskal Herritar bakarrak nazioarteko izaera zuen talde hartan, tartean portugaldarrak, galegoak, andaluziarrak, italiarrak edota greziarrak zeudela. Lehorreratuko dira, egingo diote muin lurrari eta korrituko dituzte hainbat kale ibilera neketsuz, Salbatore elizaraino heldu eta han Antiguako amari eskerrak emateko. Inguruan talde zabal eta apaina izango dute, kontinenteak ordezkatzen dituen segizioaren dotorezia exotikoak kontraste bizia egiten baitu naufrago itxurako marinelekin.

Hori guztia 17:00etatik aurrera gertatuko da, baina bertatik bertara ikusi nahi duenak, herrian bizi ez bada, lehenago hurbildu beharko du Getariara, 15:00-19:30 bitartean, N-634 errepidea moztuta egongo baita. Lantzadera zerbitzu berezia jarriko da Zarauztik, eta Donostiatik datozenek eta Getariara joan nahi dutenek Zarautzen garraio aldaketa egin beharko dute. Lantzadera zerbitzua N-634 errepideko mozketak irauten duen arte egongo da. Errepidea irekitzean, ohiko ibilbide eta geralekuak egingo dira.

Publicidad

Abuztuaren 3an geroztik Getarian den Victoria ontziaren erreplikak ere ordutegia aldatu du. Astearte honetan itxita egongo da goizean, eta arratsaldez bisitatu ahal izango da soilik, antzezpena amaitutakoan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad