Borrar
Danel Garaizabal eta Aratz Larrañaga txirrindulariak DVk Elgoibarren jarritako hitzordura azaldu dira jator asko albiste bilakatu zen beraien istorioaren berri emateko. Félix Morquecho
Urteko pertsonaiak

Kiroltasun eta gizatasun eredu

Danel eta Aratz. Oiartzungo mendi bizikleta lasterketan batak besteari irabazten utzi zion azken metroetan matxura bat izan ondoren, baita besteak zintzoki eskertu ere. Kirolari baino lehen pertsona zintzo eta sanoak dira

Gaizka Lasa

San Sebastián

Asteartea, 24 abendua 2024, 00:00

Comenta

B

istan da ondo hezitako mutilak direla. Elkarrekiko begirunea, grabatzera joan direnei azaldutako errespetua, hitz egiteko heldutasuna, hitzordua bera antolatzeko erakutsitako fundamentua... eta batez ere, egunkariko azalera eraman dituen ekintza horri eman dioten naturaltasuna. Horrek guztiak isla-tzen du Danel eta Aratz ez direla edozein. Bi txirrindulari gazte baino askoz gehiago direla, alegia. 2024an goraipatzea merezi duten istorio horietako baten protagonista bilakatu dira.

Oiartzungo Urkabe mendiaren inguru zoragarrietan gertatu zen pasadizo miresgarri hau. Mendi bizikleta proba antola-tzen zuen Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak eta infantil mailan parte hartzen zuten Aratz Larrañaga atxabaltarrak (Dorletako Ama) eta Danel Garaizabal elgoibartarrak (Elgoibarko Lagun Taldea). Proba ia osoan biak buruan ibili ondoren, azken itzulian Aratzek Danel atzean utzi eta aurrera jo zuen. Garaipena eskuetan zuenean, ordea, matxura izan eta bizikletatik jaitsi behar izan zuen. Gertu zetorren Danelek azkar harrapatu bai, baina hara non, aurrera egin eta arrakasta ziurtatu beharrean, aurkariari itxaron eta helmuga bere aurretik pasatzen utzi zion.

Oihartzun handia izan zuen detaileak –besteak beste egunkari honen azalean ere nabarmendu zen– eta horixe da hain zuzen ere bi mutikoak gehien harritu zituena. Lehia bizia gailentzen den gizartean jokabide deigarria izan daiteke, baina eurek modu naturalean bizi zuten, barne egitura sanoa izanik.

Lasai egoteko esan nion Aratzi, irabazten utziko niola, bera izan baitzen indartsuena»

Danelen esanetan, «kristoren zurrunbiloa sortu zela nabaritu nuen hurrengo egunetan eta hori arraroa egin zitzaidan. Baina tira, ez zen deserosoa izan niretzat eta dena eskertzekoa da. Elgoibarren jende askok zoriondu ninduen. Ondo hartu ditut esandakoak, baina niretzat ez zen gauza handirik izan».

Bere azalean bizitakoaren kontaketa egiteko eskatuta, halaxe dio. «Begi zeharka ikusi nuen Aratz bizikletatik jaitsi zela. Hamar bat segundo aurretik joango zen. Gune tekniko baten sarreran izan zen, jaitsiera baten ondoren. Katea atera zitzaion eta ezin sartuz zebilela, aurreratu nionean, aurpegira begiratu eta lasai egoteko esan nion, irabazten utziko niola, bera izan zelako indartsuena». Aratzen eran-tzuna ere ondo gogoan du. «Helmugako marra pasa orduko eskerrak eman zizkidan. Lehendik ere ondo konpontzen ginen».

Ezohiko keinua

Amorrutik, harrokeriatik edota mespretxutik erantzun zezakeen edonork, baina Aratzek giza legez erreakzionatu zuen. Apal apal. «Hasieran ez nuen espero horrelako detailea eta, noski, eskertu egin nion. Danelena jo nuen zuzenean eta eskerrak eman nizkion. Egun hartatik ez nintzen garaipenarekin geratu, lehiakidearen keinuarekin baizik. Berak dioen bezala, lehendik ere ondo konpontzen ginen, ez ginen bistaz soilik ezagutzen ziren bi txirrindulari. Baina gertaera hark harremana sendotu egin duela esango nuke».

Berekoikeria, asmo handiak eta gehiegikeriak sarritan nagusitzen diren tokian, kasu honetan bi mutiko hauek opari atsegina utzi zioten gizarteari, lehiaketa ofizial batek eskainitako erakusleihoa erabiliz eta komunikabideen istorio gosea baliatuz. Maiatzean izan ziren albiste, baina euren portaeraren arrastoa urte bukaeraraino iritsi da.

Garaipenaren aurretik jartzen dut Danelen detailea; ez da hain normala horrelakoak ikustea»

Kiroltasunaren eta eskuzabaltasunaren inguruan gogoeta egiten dute biak hala biak. Danelen arabera, «barrutik atera zitzaidan zerbait izan zen eta ez dut uste hainbesteko burrunba sortzekoa denik. Egia da kirol munduan, batez ere profesional esparruan, non emaitzak garrantzi handiagoa hartzen duen, zailagoa dela horrelakoak ikustea. Baina gure artean...».

Normal normala... Aratzek ez dio detaileari meritua kendu nahi. Onartzen du «niri agian Danelekin gauza bera egitea aterako zitzaidala, gertukoa edo laguna izanda, baina ez da hain natural ateratzen den zerbait normalean. Ez du edozeinek egiten».

Berriz halako egoeran aurkituz gero, zer egingo luketen? Argi dute biek erantzuna. «Gure artean izango balitz, zalantzarik gabe berdin jokatuko genuke». Zintzotasuna ere eskertzen da. «Gure artean izango balitz». Eta bestela? Ez dute ezetz esaten baina... Garaipenari uko egitea ez da hain merkea gogor entrena-tzen duen kirolari batentzat eta horrek ematen dio balio erantsia gertakizunari.

2022ko Tourra gogoan

Danelek eta Aratzek ispilu bat jarri dute 2024 honetan tropelean, begiratu nahi dionak begira diezaion. Beraiek ere euren begirada nora bideratu badute. Kiroltasun eredu gehiago eskertuko lituzkete, ordea, elitean. Gogoan dute 2022an Frantziako Tourrean Vingegaard eta Pogacar izar handiek elkarri eskua eman zioten hura. Esloveniarra lurrera erori zen eta danimarkarra zain geratu zitzaion. Gero etorri zen mundua zeharkatu zuen argazkia.

Danel ondo gogoratzen da. «Bertan, Frantzian nengoen etapa hura ikusten. Polita izan zen irudia. Sarriago gertatu beharko lirateke halakoak. Noski lehiakortasunak bere tokia behar duela, baina giro sanoa nagusi dela». Aratzek beste horrenbeste uste du. «Adibide eredugarriak egon badaude, baina kontrakoak ere bai askotan. Orokorrean, umiltasun gehiago beharko litzateke».

Egin nuena ez zitzaidan gauza handia iruditu baina kristoren zurrunbiloa sortu zen ondoren»

Danelek kirol orora zabaltzen du hausnarketa. «Irudi txarra ematen dute hainbat portaerek eta kiroltasuna gehiago landu beharko litzateke zenbait arlotan».

Gabonen atarian juntadizoa eginda, ezinbestean datorren urterako nahiak azaldu dituzte. «2025ari eroriko eta ezbeharrik ez ekartzeko eskatzen diogu. Bizikletaz gozatzen uzteko», dio Danelek. Ildo beretik doa Aratz. «Karrerak amaitzen saiatzea, disfrutatzea eta lehiakor izatea ahal denean».

Ez da giro oraintxe Gipuzkoako txirrindularitzan, gazte mailei eragiten dien proben antolaketa arazoa dela medio. Hor ere eredugarritasuna aipagai dute mutikoek. «Ea adostasunetara iristen diren agintariak», aldarrikatu du Aratzek. «Pentsa dezatela bizikletaz gozatzea besterik nahi ez duten gaztetxoengan», gainera-tzen du Danelek. Errespetutik biak ere. Batak zein besteak ez dakite oraindik zein egutegi osatu ahal izango duten eta, hala ere, ilusioz gainezka ageri dira.

Agurren garaia iritsi zaie solasaldi mamitsuaren ondoren eta elkarri desio onenak opa dizkiete. «Ederra joan da 2024a, Oiartzungo egun horretan izan zenuen keinua barne, eta 2025 onena zuretzat, Danel», hasi da Aratz. Eta lagunak erantzun: «Berdin zuretzat. Zuk ere portaera bera izango zenuen nirekin bestera gertatu balitz. 2024a ona izan da biontzat eta 2025a ere hala izatea espero, karrerez gozatuz».

Egunkariko maiatzaren 30eko azala eskuan hartuta, elkarri irribarrea eskainiz agurtu dira. Hori bai, batak besteari bakoitzaren hurrengo erronkez galdetu ondoren, entrenamenduak zer moduz doazen komentatuz eta hurrengo lehiaketa noiz den aipatuta. Pertsonak eta lagunak lehenengo, kirolariak ondoren.

Aurrekaria hor utzi dute. Aurrerantzean, edozein kirol lehiaketan antzeko egoera errepikatuko balitz, hara hor jokamolde bat. Aukera bat. Bakoitzaren baitan dago. Danel eta Aratzen begien distirak dio beraiek ez direla damutzen. Bejondeiela!

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Kiroltasun eta gizatasun eredu

Kiroltasun eta gizatasun eredu