Ane Elordi: «Komunitatea konpromiso bidez eratuko dugu eta batzen gaituena euskara da»
Ostegunean abiatuko da 23. Korrika Irundik Gipuzkoako taldeakhala proposatuta, 2022ko irudiak errepikatu eta, ahaldela, gora egiteko asmoz
Oraindik 22. Korrikak utzitako irudiak memorian, buru-belarri murgildua da Ane Elordi ostegunean Irundik abiatuko denaren azken xehetasunekin. Emandako jauzia berretsi eta, ahal dela, haztea da asmoa eta horretarako bideetako bat «euskaltzale baina euskaradun ez diren» horiengana gerturatzea dela iritzi du.
– Estreinako Korrika duzu koordinatzaile modura Asier Amondori lekukoa hartuta. Aurtengo edizioa gakoa da 22. Korrikan eman zen pausua sendotzeko. Nola hartu duzu erronka?
– Bai, nire lehena da koordinatzaile bezala eta egia da 22.ak langa oso altu jarri zuela. Ulertu behar da ere gizartearen egoera orduan zein zen, pandemia baten ostean, agerraldi masibo askorik gabe eta Korrikak lortu zuen komunitatea, herria, biltzea. Donostiako amaieran lortutako jende multzo hori izan zen emaitza hiria kolapsatuta. Azaroaren 16an aurkeztu genuen 23.a eta harrera oso ona izan du orain arte. Espero dugu lasterketa hasten denean, ostegunean, horrela jarraitzea eta emaitza parekoa izatea. Pixkatxo bat gora egin ahal badugu, pozik.
– Ostegunean abiatuko da euskararen aldeko martxa Irunen. Hiriaren aukeraketak badu sinbolikotik? Mugatik gertu izanik...
– Barne irizpide modura zehaztua dago aurreko edizioa bukatzen den hiriburuaren lurraldean hastea hurrena. Edizio honi begira Gipuzkoak proposatu zuen Irunen hastea eta guk oso egoki ikusi genuen hainbat arrazoigatik, besteak beste Irun badelako beste ezaugarri batzuk dituen hiria. Orain arteko joerari erreparatuz gero maiz herri txikietan hasi gara, arnasgune direnetan eta Gipuzkoako bigarren udalerri populatuena hautatuta erronka bat ezarri zen uste dugulako hiriak ere euskaldundu behar direla eta, gainera, Gipuzkoak ere baduelako orokorrean arnasgune ezaugarri hori, agian Irunek ez du hori betetzen. Erronka da, baina aldi berean bultzada bat izan daiteke Irungo euskalgintzarentzat.
Muga hitza aipatu duzu, baina guretzat muga bakarra euskara da, Korrikak zazpi lurraldeak zeharkatzen dituelako, hiru administrazio eta bi estatu. Gu eremu horretan mugitzen gara.
– Azken edizioak irudi oso potenteak utzi zituen parte hartze masiboarekin, adibidez aipatu duzun amaieran Donostian. Langa altua da aurtengoari begira, zer espero duzue 23. honetan? Gehiago eskatzea posible da?
– Bai, beti da posible apur bat gehiago eskatzea. Zaila da neurtzea zenbat herritarrek parte hartzen duen Korrikan, parte hartzeko modu asko baitaude: Korrika laguntzaile izan, ekarpenak egin edo lasterketan parte hartu. Hori kontabilizatzea ia ezinezkoa da, baina milioi bat pertsona inguru aurreikusten dugu. Hori bai, euskal herritarrak askoz gehiago gara eta uste dugu gehiago ere batu ahal garela Korrikara.
– Azaroan 'Harro herri' leloa aurkeztean zein agerraldi edo idatzietan asko azpimarratu duzue «konpromiso eta atxikimendua» erakusteko deia. Hori da helburu nagusia, erakustea euskal komunitatearen batasuna?
– Guk hori adierazi nahi izan dugu 'Harro herri' leloarekin. Batetik, badela momentua norbanakoaren kontzientzian eragiteko, harro gaude euskaldun izateaz baina zer da euskaldun izatea? Euskarak egiten gaitu euskaldun, bakoitza bere ikuspuntuetatik eta ekarpenetatik. Norbanakoa bai, baina komunitatea konpromisoen bitartez eratuko dugu. Eta denok batuko gaituen hori euskara dela argi dugu.
– Azken boladan euskara protagonista izan da albiste ez oso baikorrengatik, esaterako epaitegietatik heldutako sententziengatik. Aro mugituan heldu da 23. edizioa, indar erakustaldiak edo euskararekiko babes irudiak are garrantzia handiagoa dute?
– Bai, argi dago beharrezkoa dela indar erakustaldi horiek agerikoak izatea, kalera ateratzea. Horren erakusle da azaroaren 4an Kontseiluak deituta egin zen manifestazioa Bilboko kaleak betez. Guk orain udaberrian Korrikarekin berdina egin nahi dugu, Korrika jaia delako, kolorea, polita, baina aldarrikapena ere. Eta aldarrikapenak kalea hartzea beharrezkoa da.
– Ildo horretan partaide berriak batzea izan daiteke gakoetako bat? 22. edizioaren balorazioan euskara ulertu ez baina jarraitu zutenentzako esker hitzak izan zenituzten. Haiengana gerturatzeko edizioa izango da?
– Gure helburua beti da ahalik eta jende gehien euskarara erakartzea. Euskaltzale izan baina euskaradun agian ez diren horiei ere keinua egin behar diegu, erraztasunak jarri euskarara hurbil daitezen. Tartean horregatik eskatzen dugu doakotasuna eta herritar orok euskara doan ikasteko aukerak izatea.
– Otsailaren 1ean abiatu zen 23. Korrikarako kilometro salmenta. Nola joan da?
– Kilometroak eskuragarri otsailaren 1ean jarri genituen, baina azaroaren 16an aurkezpena egin genuenetik hasi zen jendea kilometroak eskatzen, besteak beste ohiko eragileak edo beti parte hartu dutenak. Baina 23. edizio honetan eragile eta jende berri asko gerturatu zaigu. Balorazioan gero ikusiko da zenbat eragilek parte hartu duten 2700 kilometrotik gora dituen martxa honetan, oraindik asko falta da eta denak ez daude lotuta, baina oso harrera ona izan dugu.
– Korrika den 'munstro' handia kudeatzerakoan horrelakoek indarrak berritzeko balioko dute.
– Jada Korrikak baditu inertzia batzuk eta esan ohi dugu berez ere aurrera egingo lukeela, baina egia da oso pozgarria dela. Gure ustez euskararen bueltan egiten den ekimen bakarrenetarikoa da hain erraldoia dena edo Euskal Herrian eragile desberdin eta askotarikoak batzeko ahalmena duena.
– Salmenta horretan hainbatetan azpimarratu duzue egin behar eta egin ez beharrekoen dekalogoa helarazten diozuela lekukoa eramango duenari. 2022ko polemikaren ostean bestelako lanketarik egin duzue?
– Argi adierazi dugu beti euskarari lotutako aldarriak direla nagusi Korrikan. Baina horrelako jendetzak biltzen diren lekuetan guztia kontrolatzea ezinezkoa da. Beste alde batetik aberasgarria ere bada, bakoitzak bere aldarriak erakusteko edo ikusgai jartzeko egiten du Korrika. Denetarikoak ikusten dira, hainbat ikur, bandera, herrialde eta iritzi partekatzen dira. Baina hori da Euskal Herria eta hori guztia biltzen da Korrikan.
– Balantze orokorragoa eginda, 40 urtetik gora eta 22 edizio igarota, Korrikak beharrezkoa izaten jarraitzen du?
– Zalantzarik gabe. 1980an egin genuen lehen aldiz Korrika baina helburuek berdinak izaten jarraitzen dute, oraindik beharrezko ikusten da euskararen kontzientziazioan eragitea eta bestetik AEK-k Korrika gabe ezin du aurrera egin, baliabide ekonomiko horien bilketa ezinbestekoa da. Urteak aurrera doaz, garaietara egokitzen jakin dugu, baina beharrezkoa da.
– Edizio bakoitzean Korrikak pertsona edo erakunde bati keinu edo omenaldia egiten dio, 23. honetan Azterketak Euskaraz mugimenduari. Zergatik?
– Azterketak Euskaraz kolektiboa omentzea erabaki genuen gazteek egindako mugimendua delako eta bultzada edo aitortza egiteko. Hizkuntza eskubideen alde Ipar Euskal Herrian egiten den borroka da eta Seaska inguruan antolatzen bada ere, gazteak dira sustatzaileak. Maiz euskaraz ez dutela hitz egiten edo ez dutela kontzientzia hori bereganatu leporatzen zaienez, askotariko ereduak direla erakutsi nahi genuen. Bost urte baino gehiago daramatzate hizkuntza eskubideen aldarrikapenean, transmisioa eman da belaunaldiz belaunaldi eta lorpenak lortu dira, nahiz eta aurten atzerapausoa jasan duten azken epaiak esan duelako azterketan galderak, kontsignak, frantsesez jasoko dituztela. Ipar Euskal Herrian ematen den borroka hori lehen lerrora ekarri nahi genuen uste dugulako ez garela kontziente zein egoera ematen diren gure herrialde luze eta zabalean. Honela erabili dugu Korrikaren bozgorailua egitasmoa ezagutzera emateko eta Hego Euskal Herrira zabaldu nahi dugu, erraz asko Nafarroan eman litekeen egoera delako.
– Hizkuntza politiketan jauzi kualitatiboa aldarrikatu duzue ere maiz, esaterako hezkuntza sisteman edo helduen euskalduntzean. Nola jaso duzue azken dekretua?
– Eskatzen duguna euskara guztiontzat doakoa izatea da, eta egun dauden hizkuntza politiketan ikasleak diru zati bat aurreratzen du eta prozesua egiaztagintzarekin oso lotua dago. Hau da, gainditzen baduzu itzultzen zaizu aurreratutako dirua eta guk ez dugu horrela ulertzen, hasieratik doakoa izan behar dela uste dugu. Ikusiko da dekretuak zer dakarren, hurbiletik jarraitu beharko da egingo duen prozesua.