Borrar
Mugan taldeko kideak Añorgako zineman otsailean eskaini zuten zuzenekoan.
Mugan | 'Kontzertu bat galerari'

Industriaren «inertziatik» ezberdintzeko saiakera

Single-bideoklip gurpilaz nekatuta, Mugan talde donostiarrak zaleentzako «opari» egin zuten zuzeneko «intimoa» online eskegi du orain

Jon Agirre

Donostia

Igandea, 10 abuztua 2025, 08:45

Comenta

Jarrai dezala bideak! Kontzertuetan ikusiko gea». Hitz gutxitan Mugan talde donostiarraren esentzia jasotzen du esaldiak. Pandemia ostean ekin zioten ibilbideari, ordutik bi disko kaleratu dituzte -'Bizirik ez bagaude' (2022) eta 'Aurrera ez den alde batera' (2023)- eta azken hiletan esku artean izan duten proiektuan oso presente izan dute hasiera-hasieratik leitmotiv izan dutena: komunitatea izan eta sortu, ezberdinduko dituen zerbait eskaini. Hala heldu da 'Kontzertu Bat Galerari' (Bidean Produkzioak), otsailaren 28an Añorgako Zineman eskaini zuten zuzenekoa, unean grabatua eta orain YouTuben ikusgai dena. Baita album bezala entzungai ere Spotifyn.

Burutazio bezala hasi eta ia enbaxada bezala amaitu zuenaren ernamuina bideoklip bat izan zen, egun «musikan eman behar diren pauso horietako bat, markatua dagoena». Bigarren diskoko kantu bat zen, baina Pablo Zurutuzak, Ander Muruak eta Markos Muruak oroitu bezala, taldekideek gogorik ez zutela ikusi zuten. «Inertziaz ari ginen, zerbait ateratzeagatik. Guk jo nahi genuen, gure helburua jotzea izan behar zela argi genuen», dio Zurutuzak. Eta ahal zela ingurukoekin, gertukoekin. Hain zuzen Mugan taldea sortzera eraman zituena, «proiektu polit bat egin elkarrekin jotzeko, gauza disfrutoi bat egin jendearekin elkartzeko». Horregatik ere zabalpen estrategia: apenas hilabete lehenago, Instagramen post bat jarrita, marketin askorik gabe. «Gure helburua jendeak gure kontzertua gertu sentitzea zen». Jakitun dira «industriak bultzatzen zaituen horri kontra egitea ezinezkoa» dela, baita «minimoki bizirauteko gurpilean» sartua izan behar dela. Hori bai, ahal den neurrian «biziatu gabe» eta «beste bideak hartzen». «Denok berdina egiten badugu jendea nazkatuko da», hausnartzen dute. Eta horregatik etorri zen Añorgakoa.

Erreferente artean maiz aipatzen dituzte Nøgen edo Kerobia, bai musikalki zein jarrera aldetik, eta hain zuzen azken hauek Intxaurrondoko Kultur Etxean eskainitako emanaldian ikusi zuten zer «kopiatu: publiko artean biribilean kontzertua egiteko ideia». Txikitik hasi zen asmoa gustuko zuten zerbait egitetik, eta ingurukoen babes eta laguntzatik. Kamera bat zena bost izan ziren, lokala denetariko artikuluz bete zuten eta erronka potolotzen joan zen, harik eta zuzenekoa eta diskoa izan arte, dena Muganek berezko duen naturaltasun horretatik. Hala bizi izan zuten ere Idoia Asurmendiren kolaborazioa, lehenik 'Aurrera ez den alde batera' (2023) diskoko 'Zenbat zubi, hainbat zauri' kantuan eta, gero, Añorgan. «Duela askotik ezagutzen dugu, maila oso altuan dago eta tarteka pentsatu izan dut 'zergatik etorriko da gurekin'», dio Zurutuzak barre artean.

Hiruentzat josi duten sare horren gakoa -Nøgen taldearekin Aste Nagusian birritan jo dute eta haiek ere oso gertukoak dituzte- «eskaintza motibagarria» izatea da, «ilusioa» piztea. Hala lortu zuten aramaioarrarekin. Hasiera batean diskoko kantu bera abestu behar zuen, baina hantxe zela bigarren bat proposatu zien Muganekoen plazererako. «Komentatu zuen aurreko abestia ere gustura abestuko zukeela, 'Emari' eta gu oso gustura!».

Espektatibak betetzea

Ekimena hazten joan zen bezala, presioa ere nabaritu zuten. «Ez gara musikari profesionalak, baina ondo atera behar zen», adierazten du Markos Muruak. Bi diskoen harrera onaren ostean puntu bateraino «erridikulua» egiteko beldurra bazen eta, beraz, «orduak eta orduak» eman zituzten entseguetan, emaitzaren kalitatea bermatzeko, baina batik bat «ahalik eta naturalena» izan zedin. Hala, entzungai dena zuzenekoaren oso antzekoa da. «Normalean zuzenekoak gero estudioan erreproduzitzen dira, honetan ez. Detaile batzuk egin dira», azaltzen du Ander Muruak.

Bestelakoa izan zen zale edo jarraitzaileen aurreikuspenak kudeatzea, are gehiago makrokontzertuen aro honetan. «Horrelakoak antolatzeak bakarrik balio duela dirudi», hausnartzen du Zurutuzak. Hiruek argi diote zilegi dela halakoak antolatzea eta eurak ere izan direla entzule modura. Musikari bezala, aldiz, erabaki dute «bestelako proposamena» eskaintzea, publikoan jarri eta unea publikoarekin elkarbanatu. «Intimoa da, horrekin disfrutatzen dugu». Gertukotasun horrek engantxatu zuen -Añorga bete zen-, galderak jasotzea erraztu bezala. Hilabeteko inpase horretan maiz galdetu zieten zer gertatuko zen, zein sorpresa egongo ziren. «Ez da ezer gertatuko, izango da kontzertu bat. Formatu berezian bai, grazia hori zen. Egongo zarete hemen, gure ondoan, abestuko duzue gurekin eta entzungo zaizue diskoa», laburtzen du umorez Ander Muruak.

Kontzertua antolatu, egin eta publikatu ostean, Muganeko kideak ez dira geldik, noski. Bidea jarraitze horretan udan zehar kontzertuak eman dituzte eta asmoa «posible denetan» zuzenekoak eskaintzen jarraitzea da, nahiz eta lanarekin kontziliatzea beti ez duten erraz. «Gehiago gaude proiektua ondo itxi eta pixkanaka estudioan sartzen, ea nola doan», dio Ander Muruak. Izan ere, Zurutuzak nabarmendu bezala «lehen aldiz eperik gabe ari gara lanean». Are gehiago, lokalean gehiegi landu gabe ari dira bertaratzen estudiora. «Konfiantza lortu dugu eta gero eta gehiago ari gara jolasten, azken orduko aldaketekin ere. Oso ondo ulertzen gara, badakigu zer esan nahi dugun edo zein solo mota egin nahi duen bakoitzak, egiazko zerbait bilatu nahi dugu». Hiruek diote «eskuzabal» izaten ikasi dutela, argi dutela kide bakoitza «abestiaren osagaietako bat» dela eta «abestiak eskatzen duenera moldatu» behar direla.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Industriaren «inertziatik» ezberdintzeko saiakera

Industriaren «inertziatik» ezberdintzeko saiakera