Borrar
Ate berriak ireki zizkion 'Bat-Hiru' lanak Urrutiari eta, 50 urte geroago, berdin gozatzen du.
Bere bizitzako diskoa | Mikel Laboa, 'Bat-Hiru'

Andres Urrutia: «Iraultzailea izan zen eta akuilu lana egin zuen»

Ezarritako muga guztiak hautsi zituela iritzi du Urrutiak eta euskaldunentzat «beste imajinario bat» sortu zuela

Jon Agirre

Donostia

Larunbata, 27 maiatza 2023, 11:47

Comenta

Euskara modernoak duen doinuaren sorrera da Andres Urrutia euskaltzainburuarentzat Mikel Laboak 1974an aurkeztu zuen 'Bat-Hiru' diskoa. Haren bizipenetan «garrantzia handia» izan zuela nabarmentzen du, euskara ikusteko modua aldatu baitzion besteak beste. «Euskalduna bazara egizu proba, jarri eta entzun besterik gabe. Euskararen soinua, musikalitate modernoa, berez etorriko zaizu», dio pasioz. Letra sakonak aztertzeko ariketa bigarren entzunaldirako uzteko gomendatzen du, «patxadaz entzuteko diskoa» baita.

Eta disko «ia iraultzailearen» mailan kokatzen du Urrutiak atzean duen artista. «Garaiko musikariak lehendik ezagutzen nituen eta niretzat Benito Lertxundi, Xabier Lete, etab. oso garrantzitsuak ziren, baina esango nuke Mikel Laboa azken lotura bat izan zen Ez Dok Hamahirurekin», goraipatzen du. 1974an plazaratutako lanarekin muga guztiak hautsi zituela iritzi du, «beste mundu, imajinario, metafora eta irudi bat sortuz». Euskaltzainburuarentzat 'Bat-Hiru' testuinguru soziopolitiko hartan kokatu behar da eta bere belaunaldiko kideentzat -20 urte zituen ordu hartan- sortu zuen harrabotsa ulertzeko. «Desberdina zen, ordu arte gure belaunaldikoek euskara elizako kantuekin, abesbatzekin edo kantu askoz ere formalagoekin lotzen genuen. Eta disko honetan kantatzeko asko modu freskoagoa zegoen, gaurkotua eta gauza asko esateko zituena».

Zubi-lana egin zuen Laboak Urrutiarentzat batetik Lekeitioko kantu tradizionalak jasota -gerra garaian han ibili zen-, tradizio historiko eta literarioa modernizatu zituen 'Bereterretxen kanthoria' bezalako kantuekin, bertsolaritza ere jaso zuen 'Pasaiko herritik' abestian eta gerora izugarri zabaldu diren kantu berriak sortu, esaterako 'Txoriak txori' uztartu baitzituen disko bakarrean. «Gauza asko batera, akuilu handiak izan ziren euskalduntasunaren ikuspegitik». Hala, bai beretzat zein belaunaldiko kideentzat Laboak «ordu arte itxita zegoen ate bat» ireki zuela uste du, zehazki «euskara lehengo, egungo, eta etorkizuneko kontuei musikaren bitartez heltzeko» baliagarria zela konturatzekoa. Diskoarekin eta zer esanik ez plazaz plaza eskainitako ikuskizunekin, «komedia ibiltari moduan egindako esperimentuekin», oraindik edonork ezagun dituen Baga Biga Higa, Ikimilikiliklik edo Gernikarekin. «Estilo aldetik berritasun handia ekarri zuen, ia iraultzailea».

Musika hunkigarria

Atzera begira nabari da hauek Urrutiarengan izandako eragina. Behin baino gehiagotan ikusteko parada izan zuen «Bilbon hasieran eskainitakoa edo ostean Mungiakoa» esaterako eta biak ala biak «hunkigarriak eta eredugarriak» iruditu zitzaizkion, «norberaren euskalduntasunean eragina izaten baitzuten». Egun tarteka entzuten du 'Bat-Hiru' eta entzunaldi bakoitza «garai bateko oroitzapenak etengabe eraberritzeko» ariketa da, «beste taldeekin lortzen ez dudana». «Aingura bat ematen dizu disko honek euskal munduarekin, musikarekin. Sentiarazten zaitu lur gizarte honen partaide moduan», azaltzen du. Miresten ditu talde horiek, Ruper Ordorika edo Zea Mays besteak beste, baina «beste modu batean asebetetzen» dutela dio. Hori bai, argi utzi du «gauza oso liluragarriak» dituztela.

'Brothers in Arms' (Vertigo) 1985

Rock | Dire Straits

'Brothers in Arms' (Vertigo) 1985

Kuttuna. «Euskal musika alde batera utzita, oso gogokoa dut. Pop, rock, balada... bereganatzen ditu erritmo ezberdinekin. Mark Knopfler gitarjole modura izugarria da».

'Flauta magikoa' 1791

Opera | Mozart

'Flauta magikoa' 1791

Sinbolismoa. «Garai jakin bat islatzen du, baina ez du gaurkotasuna galdu. Obra ederra da, baita mezua ere jakinduriaren ikuspegitik».

'Fidelio' 1805

Opera | Beethoven

'Fidelio' 1805

Aldarria. «Askatasunaren eta giza eskubideen aldeko abesbatza aldarrikatzea, zoritxarrez, ez da alferrikako lana».

Entzunaldietan nahiago du diskoa bere osotasunean gozatu eta oraindik ezagutzen ez duenari hala egiteko proposatzen dio. Izan ere, 'Bat-Hiru' irrati plataformetako musikatik oso bestelakoa da Urrutiarentzat. «Diskoaren musika, mezua eta doinua gozatu eta mamortu, irentsi nahi baduzu, entzun patxadaz».

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Andres Urrutia: «Iraultzailea izan zen eta akuilu lana egin zuen»

Andres Urrutia: «Iraultzailea izan zen eta akuilu lana egin zuen»