Ver fotos

MORQUECHO

110.000tik gora bisitari izan ditu aurtengo edizio «orekatu, oso jendetsu, anitz eta baikorrak»

Siadecok Gerediaga Elkartearentzat egin duen ikerketak aditzera eman duenez, Durangoko Azokaren eragin ekonomikoa ia 6 milioi eurokoa da. Erosleek bataz beste 77 euro gastatzen dituzte Durangon: 49 Landakon eta 28 herrian

Nerea Azurmendi

Durango

Domingo, 8 de diciembre 2019, 12:26

«Emankorra, orekatua, oso jendetsua, anitza eta baikorra» izan da, Gerediaga Elkarteak zabaldu duen balantzearen arabera, Durangoko Azokaren 54. edizioa. Igande arratsaldekoen faltan, 110.000 bisitari izan ditu, abenduaren 6a izan zelarik egunik jendetsuena, 39.000 bisitarirekin. Antolatzaileek nabarmendu dute Landako Gunea ez ezik gainerakoak ere jendez lepo egon direla. Horrenbestez, antolatzaileak eta guneetako arduradunak pozik agertu dira Durangoko Azokako 54. edizioak eman duenarekin. «Azoka aurretik esaten genuen Durangoko Azoka oso ekosistema berezia dela. Eta egunotan argi geratu da hori horrela dela. Askok osatzen dugu Durangoko Azoka, eta lau egunez, denon artean, bizia eman diogu», adierazi dute. Azken egunean euriak ere bat egin du Azokarekin, baina horrek ez du eguna itxuratxartu, eta bisitariak ere ez dira kikildu, eta gogotsu hartu dute parte jarduera guztietan.

Publicidad

Baina igande honetan zabaldu den berri pozgarri bakarra ez da izan aurtengo edizioari buruzkoa, 54. edizioko azken eguna Durangoko Azokaren eragin ekonomikoa neurtu duen ikerketa baten emaitza positiboen aurkezpenarekin hasi baita. Orain lau urte, Durangoko Azokaren balio inmateriala hartu zuen aintzat Deustuko Unibertsitateak eta Siadeco Ikerketa Taldeak egindako ikerketa batek. Ondorio nagusietako bat izan zen bisitariak pozik zeudela Azokaren egunetan Durangon aurkitzen zutenarekin, errepikatu egiten zutela urterik urte eta, gehiengoaren ustez, hobera ari dela egiten azken urteotan.

Azoka merkatu ere badenez, eta euskal kulturaren sektorea aintzat hartzeko moduko errealitate ekonomikoa, alderdi horineurtuko zuen ikerketa agindu zion Gerediaga Elkarteak Siadecori. Gerediagako presidente Nerea Mujika eta kudeatzaike Arantza Atutxa ondoan zituela aurkeztu ditu ondorio nagusiak Siadecoko kide Juanjo Allurrek.

Iazko edizioan bisitariei egindako inkestetan, erakusmahaiak jartzen dituzten eragileengandik jasotako datuetan eta azterketa ekonomikoan oinarritutako ikerketaren ondorio nagusia, potoloena bai behintzat, Durangoko Azokaren eragin ekonomikoari dagokio, 5,8 milioi eurokoa baita. Kopuru horretara iristeko batu behar dira zuzeneko eragin ekonomikoa (hau da, Durangoko Azokaren inguruan, antolatzaile, standeko eragile eta bisitariek egindako guztirako gastuaren estimazioa), 3.871.847 eurokoa; zeharkakoa (784.772 eurokoa) eta induzitua (388.263 eurokoa).

Goiko argazkian, Juanjo Allur, Nerea Mujika eta Arantza Atutxa ikerketaren aurkezpenean. MORQUECHO

Gerediaga Elkarteak eta Azokan standa ipintzen duten eragileek antzerako gastua egiten dute: 655.232 eta 665.352 eurokoa, hurrenez hurren. Ekarpen ekonomiko nagusia, hortaz, bisitariek egiten dute, guztira 2.551.263 euro gastatzen baitituzte: 1.549.650 Landakon egiten dituzten erosketetan; 878.817 Durangoko kafetegi, jatetxe eta dendetan eta 122.797 garraioan.

Publicidad

77 euro erosle bakoitzak

Horrek esan nahi du, Allurrek nabarmendu duen bezala, erosleek batez beste 77 euro gastatzen dituztela Durangon: 49 Landakon eta 28 herrian. Liburuetara bideratzen dute Landakon egindako gastuaren %60, %30 diskoetara eta gainerako %10a papertegi eta beste produktu batzuetara. Emakumeek erosten dituzte batik bat liburuak, gizonezkoek gehiago gastatzen dutelarik diskoetan, gidetan eta horrelakoetan.

Aipatu dutenez, bisitarien erdiak Gabonetarako erosketak egiteko aprobetxatzen du Durangoko Azoka. Horrez gain, Azokaren eraginez, disko edo liburu bat erosteko asmoa erakutsi dute bisitari ugarik: %21ek Azoka ostean liburu bat erosiko du eta  %22k bi eta bost liburu artean. Diskoei dagokionez, kopurua txikiagoa da: %10k izaten du disko bat erosteko asmoa Azoka ostean, eta %12k bi eta bost disko artean.

Publicidad

Bisitarien profilari dagokionez, nabarmentzekoa da gehiengo zabala 45 urtetik beherakoa dela: 26-45 artekoak dira bisitarien %47, eta 18 eta 26 urte artekoak dira %20 (16 urtetik beherakoen daturik ez da jaso). Gehienak emakumeak dira, eta Bizkaia (%48) eta Gipuzkoatik (%37) datoz batez ere. Hamar bisitaritik bederatzi euskaldunak dira.

Durangoko Azokara etortzeko zergatien artean, honakoak dira bisitariek gehien aipatu dituztenak: euskara eta euskal kulturari bultzada ematea, euskal kulturagaz lotutako giroaz gozatzea eta euskal kulturako produktuen berri izatea.

Publicidad

Salmenta garrantzitsuak

Ikerketak erakutsi du halaber Durangoko Azokaren pisua ezberdina da eragile motaren arabera. Bataz besteko fakturazioa %22koa da. Hau da, bataz beste iazko fakturazioaren %22 Azokaren egunetan egin zuten eragileek. Pertsona fisiko eta autonomoen kasuan %34raino igotzen da ehunekoa, eta ia hutsala bilakatzen da presentzia salmentak baino gehiago baloratzen dutenen artean (unibertsitateak, erakunde publikoak).

Durangoko Azokan izandako eragin ekonomikoa oso positiboa izan dela erantzun dute eragileen %21ek, eta nahiko positiboa %37k. Guztiek Azokak ematen duen ikusgarritasuna nabarmendu dute. Gehien baloratu dutena Azokaren erakusleiho izaera da, eta euskal kulturako gainontzeko eragileekin harremanak izateko aukera izatea. Alde negatiboan, erakusmahaien prezioa aipatu dute batez ere.

Publicidad

Nabarmentzeko datua da, bai bisitariek bai eragileek Azoka oso ondo baloratzen dutela. Bisitarien kasuan %70k oso balorazio ona egin du, eta %27k ona. Alderdi baikorren artean, eskaintza eta aniztasuna; sortzaileek Azokan parte hartzea eta Durangon sortzen den giroa. Alderdi ezkorretan, jendetza, garraioarekin lotutako arazoak –aparkatzeko arazoak batez ere– eta sortzaile ezezagunen ikusgarritasun txikia.

Eragileen artean ere, %82k balorazio oso ona edo ona egin dute. Eta Azokaren oihartzun mediatikoaren balorazioa ere beste horrenbestekoa da: %41k oso ona dela erantzun du, eta %46k ona.

Gerediagaren irakurketa

Gerediaga Elkarteak azterketa ekonomiko honek azaleratu dituen datuen garrantzia azpimarraitu nahi izan du. Eragin ekonomikoari dagokionez, adibidez, nabarmendu dute 655.000 euroko aurrekontua duen ekimen batek «halako bederatzi» eragiten duela. Horrez gain, kontuan hartzekoa da «Azokan stand bat jarri dutenen urteko fakturazioaren pisu handia duela Durangok, batazbeste %22koa baita».

Noticia Patrocinada

«Argi dago, kultura kontsumoaren aldaketei erantzun egin beharko diola Azokak hurrengo urteetan. Horretarako etengabe entzuteko jarrerarekin jarraituko dugu. Bereziki gazteengan arreta jartzea izango da apustuetako bat».

Azterketan aipatzen denez, bisitariek Azoka oso modu positiboan baloratzen dute, baina badira hobetu beharrekoak, batez ere aparkaleku eta garraio publikoari dagokionez. Gerediagak ahaleginak egingo ditu bisitariei erraztasunak emateko Durangora heltzeko, eta deia egiten die erakunde publikoei ere elkarlanerako, batez ere garraio publikoari dagokionean.

Publicidad

Datu ekonomikoez gain, Gerediagak azpimarratu nahi izan du aberastasuna zenbakietan baino, neurtu ezin den balioan dagoela. «Aurtengo leloari erreparatzen badiogu, osotasun baten parte gara gutako bakoitza eta ekosistema berezia osatzen dugu. Ekosistema hau oasi batean gera ez dadin, urte osoan zehar bizia ematea da orain erronka. Baina horretarako denok gara beharrezkoak, ekosistema hau osatzen dugun guztiok».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad