Idoia Garzesen 'Taxi' antzezlana, Poltsiko Antzerki Sorkuntzako irabazle
Bigarren finalista Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbek idatzia eta antzeztua izango den 'Euskal musikaren kontuz' obra izan da
I. Altuna
Donostia
Lunes, 27 de octubre 2025, 13:29
Idoia Garzesek idatzitako 'Taxi' antzezlanak irabazi du lehen saria Poltsiko Antzerki Sorkuntza programan. Mikel Martinezek antzeztuko duen obra honek taxilari berritsu bat izango du protagonista. Bestalde, bigarren saria 'Euskal musikarekin, kontuz' antzezlanak eraman du, Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierbek idatzia eta antzeztua, eta euskal musikari buruzko hausnarketa proposatzen duena.
Publicidad
Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzea ditu helburu Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak sustatzen duten Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak. Honela, antzezlana garatzeko eta ekoizteko, proiektu irabazleak 2.500 euroko ekarpena jasoko du eta finalistak 2.000 euro. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek. Bakoitzak lau emanaldi egingo ditu, eta horien truke, 3.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak, eta 2.500 euro finalistak.
Antzezlan finalistak
Idoia Garzesek bakarrizketagileak miresten ditu, «aktore bakarrak defenditu behar du, eskua luzatuko dion kiderik gabe». Horregatik, Mikel Martinezek bakarrizketa bat eskatu zionean, taxistaren figura etorri zitzaion burura. Hortaz, 'Taxi' antzezlanaren protagonista taxista bat da, berritsua eta jenio bizikoa, aldarte batetik bestera istant batean alda daitekeena. Obra honetan bere ofizioaren desbenturak eta kalenturak kontatuko ditu: hiriko trafikoa, turismoa, bezero-faunarekin izandako pasadizoak…. Hala ere, lanbideaz kexu bada ere, maite du ofizioa, eta hainbestetan aipatuko duen «taxiston diskrezio erabatekoa» batzuetan ez du beteko.
Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierberen 'Euskal musikarekin, kontuz' bikarrizketak, hau da, bi pertsonek gauzatutako bakarrizketak, euskal musikari buruzko hausnarketa proposatzen dute. Izan ere, txikitatik entzundako abestiak automata moduan errepikatzen dira belaunaldiz belaunaldi, euskal kultur ondare zabala transmititzeko grinaz. Baina, eta hori da gakoa, entzuten al dira benetan automatikoki ikasten diren letra horiek ikuspegi feminista gehituta? «Gure lanpas propioaren azpian begira aritu gara eta harrituta geratu gara aurkikuntzarekin», diote antzezlanaren sortzaileek.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión