Borrar
Anne Sah

Euskaraz zekien druidaren omenez

Begoña del Teso

San Sebastián

Igandea, 12 ekaina 2022, 11:03

Comenta

Euskaraz zekien druidaren omenez

neskatxak, maite zaituztet,

hamabortz urtheko neska

—haur segailok, gazi-gezok.

Zuen begi-aintziretan

ezinbertzez gainbetheak, NESKATXAK

hondatzen naiz, ithotzen naiz

Neskatxak, zuek zarete

ezti gozo, esne, gari

ene gose handietan.

Zohardi zan,

Pigalle-zeruan izarrak PIGALLE

phiztu ziran

—puten sabelean arno beltza botz-kantuz.

Nihaur kaleetan

aitzina, horditu ezina

puten arnoa kantariaz...

...egarri,

Neska gelatto zurian ILHUNABARREZ

Bera dago

Gau-itzalaren beldurrez

Haren begi zabalegik

Zabalago.....

Ezpain likhits, esku lizun,

Atseginetan jakintsun

Bulharretik belhaunera

Haragi biok ikhara, OIANONE

Jauzten zaitut, neska lizu

Akher hil bat datza

bere odolean

Sorginak dabiltza

leize hozpelean. AKHELARRE

Zergatik ikasi

ahanztekotz gero

ikasiak oro? ZERGATIK

Hunat gaur berriz gathozen Heure ganat

Basoihaneko Jaungoiko harrizkoa.

Heure loaldi luzetik atzarri haiz

HARRIZKO JAINKO BATI

Mailu-baheak daduzkak esku banan.

Baina gizaldi huntako gizattoak

Heure zuzentzaz ez dituk gogoratzen

Josu bar-Joseph, gaztaroan maite zindudan.

Maitakeri hark noradino nau iroan... OHIKO JAINKOARI

Gaur, Judu-seme, gutartera itzul bazinde,

Gurutzifika zindezaket nik ostera.

Bizi-min deithu minbiziaz,

mintzo zan, ixil, ez-jainkoa; NIL IGITUR MORS EST

«Deus ez da» zion «herioa:

EZ dena EZin daiteke hil».

EHUko irakaslea, Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea, zinemagilea, ekoizlea, idazlea, ikertzailea den norbaitek izkribu bat luzatzen dio goi mailako komisio bati. Bertan azaltzen du artikulu hau irekitzen duten hitzak idatzi zituen sortzailearen inguruko lan bat burutu nahi duela. Zokoratua, baztertua, ahaztua izan den kontraesanaz gainezka ageri zen pertsonaia markak kanpoko bat ekarri nahi duela argitara, plazara, eztabaida gunetara.

Goi mailako kontsultari eta eragilez osaturiko batzordearen erantzuna azkar demonio jasoko du laguntza-eskatzaileak: pertsonaia horrek ez du, egun, inolako interesik gurean. Are, ez da egokia beraren inguruan ikerketarik egitea…

Entresaka batean gurera ekarri ditugun poema horien egilea da kultur auzitegi baten aburuz inolako interesik ez duen pertsonaia. Okerrago, egungo kultur ortodoxia guztien arabera, bazterturik, zokoraturik, isolaturik jarraituko beharko lukeen gizakia.

Epaile-erabakitzaile horien uste ustel hutsalean, aspaldi zaharrean hautsa bilakaturiko bere hezurrak ondo daude dauden lekuan, Pariseko Thiais kanposantuan.

Epaimahaikide horiek ez dakitena zera da, hezur horiek konpainia ederrean daude, inguruetan badago eta betiereko deskantsuan (edo borrokan, batek daki) Paul Celan poeta handia. Inguruetan badago eta lurperaturik 1937an Pariseko metroan erail egin zuten neska langile bat, Laetitia Toureaux izenekoa. Sekula ez zuten hiltzailea harrapatu…

Hain konpainia estrainioan diren hezurrak Jon Mirande Aipharsororenak dira, Parisen jaiotako idazle zuberotarrarenak, joan den mendeko euskaldun abertzale zintzoentzako eskandalu bide suertatu zen 'Haur besoetako' nobelaren autorearenak. Bretainiako lagun ezohikoekin eta bera apaiz liturgiaburu zela,

'Druiden Eliza Paganoa' sortu zuenaren hauts bihurturiko hezurrak.

Parisen izaten ziren euskaltzaleen bileretan bere ideia paganozale, nazi, antijudu, antikristauen eta askatasun sexualaren aldarrikapen ozena egiten zuenaren gorpuzkiak. 'Enfant terrible' gisa jokatzea gustuko zuenaren memoria lanbrotsua.

Larrutik pagatu zuen heterodoxorik onartzen ez zuen euskal mundu hartan heterodoxoena izatea.

Hala eta guztiz ere, izan zituen defentsore handiak: Federiko Krutwig, Luis Mitxelena, berarekin batera 'Igela' aldizkaria sortu zuen Txomin Peillen; Lurdes Otaegik bere gaineko lanean dioen bezala, begi ederrak omen zituen baina «Varsoviako ghettoko judu nano bat zirudien». Piarres Lafittek bazuen estimu handian bere euskararen erabilera baina haserretu ziren biak, betiko, Piarres nazien kontrako ekintzetan ibiltzen zelako eta Mirande naziak miretsi (edo)…

Interesik ez duela esan zuten euskara salbu nahi bide duten horiek baina euskara batua finkatzeko hastapenetako bileretan izan zen Mirande. Arantzazun eta han, Villasantek nola, oinarritzat lapurtera klasikoa hartzearen aldeko jarrera hartu zuen.

Hain ortodoxiaren zale bihurtu den mundu gurean ez omen da egokia oinetxe 'Xaho' baserria zuenaren memoria argitara ekartzea.

Kontatutako guztia jakinda, ez da harritzekoa (barruko) erbesteratze antzeko bat nozitu zuen beste batek 'Haur besoetakoa' argitaratzeko ardura hartu behar eta nahi izana; izan ere, 1970an Gabriel Arestik kaleratu zuen bere 'Lur' argitaletxean…

Egun latz horietako Miranderen hitzak dira 1971ko hauek: «ez naiz lehenago bezain gazte, eta guztien azkenean, idazteko behar da zerbait esateko eduki; orain ez dakit euskaldunei zer esan diezaiekedan».

Portzierto ikerketan buruz belarri dabilen hori, Tihaiseko kanposantuan Miranderi bisita egin berri dion abenturazalea Josu Martinez da. Berak jasotakoa da esteta hark bere gutunetan despedida moduan erabiltzen zuen esaldia: «Ortzi, Akerbeltz eta jinko eta ez jinko guziek, batzarri egin diezazutela».

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskaraz zekien druidaren omenez

Euskaraz zekien druidaren omenez