Euskal umoreak ez dezan trena gal
«Zerbait egiteko gogoak» eta euskarazko umorezko ikuskizun faltak batu zituen eta bost urteak ospatu dituzte ikuskizun berriarekin: 'Bagoiaz'
Umorea kiloka, bakarrizketak, antzerkia eta esketxak batuz, duela bost urte abiatu zen Barrexerka. Hasieran «modu informalean» aritu ostean, poliki-poliki hazten joan da taldea, batez ere kideek txipa aldatu eta emankizunak «modu profesionalagoan» garatzeko hautua egin zutenetik. «Amateur bezala saltzen genuen produktua eta guk gure burua baloratu dugunean hasi gara funtzionatzen», azaltzen dute Graxi Arregi eta Garazi Mitxelena kideek. Azken ikuskizunarekin, 'Bagoiaz', emanaldi gehiago ixtea lortu dute eta udazken-neguari begira berau zabaltzea da asmo nagusia. «Oso gustura eta seguru gaude daukagun produktuarekin, jendeak ikusi nahi gaituela nabari dugu. Atzean lan handia dago, ez da behin egin eta amaitu». Donostian estreinatu zen martxoan, eta hainbat ikuskizun eskaini ostean trenak abenduaren 2an Errenterian eta urtarrilaren 4an Tolosan izango ditu geldialdiak.
Mikel Irazusta eta Maialen Sorzabalbereren 'burutaziora' «nahiko kasualitatez» batu ziren Arregi zein Mitxelena. Poliki-poliki inguruko lagun, antzerki-taldeetako kide edo klasekoei kontatuz joan ziren Irazusta eta Sorzabalbere eta proiektua egonkortuz joan da, tartean zenbait kideren aldaketarekin. Aipatutako lauez gain egun Nerea Aranburuk, Amaia Iraundegik, Amaia Rojok, Ekain Arrietak, Peru Ansorenak eta Nerea Ramirezek osatzen dute. Profil ezberdina badute ere, egun denek dute harremana «antzerki munduarekin» modu batera edo bestera.
Produktu ezberdina eskaintzeko eta «zerbait egiteko gogoak eta beharrak» batu ditu, batik bat euskarazko umorezko ikuskizunak falta zirela ikusi izanak. Bost urte beranduago asmo eta helburu berarekin jarraitzen dute, hori bai, modu «profesionalagoan», oraindik bidea egiteko badute ere. Izan ere, Arregik azpimarratu bezala «bakoitzak gure lana daukagu eta denbora librean egiten dugun zerbait izaten jarraitzen du, hobby modura, askoz lan eta inplikazio gehiagorekin».
Ikuskizun berria prestatzerakoan nabaritu dute aldaketa hori. Hitz joko eta irudi batetik abiatuz, «trenean izango zela eta 'Bagoiaz' deituko zela bagenekien», jo zuten aurrera. «Ez geneukan testurik eta kosta zaigu, baina atera da». Ordubeteko emanaldi harilkatu bat sortu dute lehen aldiz. Testuak batik bat Irazusta, Arrieta eta Sorzabalberek egiten badituzte ere, antzerkia denen artean sortzen dute. Eta emanaldietan zehar euren naturaltasunari bide ematen diote, testua ez baita zurruna eta itxia. «Batek txiste berri bat bota eta publikoari gustatzen bazaio hartzen dugu, nahiko askeak gera gure buruarekin zentzu horretan», azaltzen du Mitxelenak.
Barre Tourra
'Bagoiaz' emanaldiaz gain 'Barre tourra' deiturikoa ere badute, herriz herri aurrez egindako emanaldien «une onenak» eskaintzen dituena. Hautapen hori egiteak atzera begiratu eta taldeak izandako bilakaera askoz sakonago ikusten lagundu die. «Iruditzen zaigu gero eta gauza hobeak egiten ditugula eta 'Bagoiaz' orain arte egindako onena dela».
Hala ere, kariño handiz mintzo dira hasierez. Donostiako Lugaritz Kultur Etxeko emanaldia izan zen abiapuntua. Azkenekoetan bezala ordu hartan aretoa betetzea lortu zuten, baina biek azpimarratu bezala «gehienak ingurukoak ziren, familiakoak eta lagunak». «Hala moduz egin genuen emanaldia, orain egiten duguna ikusita oso prekarioa. Ardurak hartu ditugu, gauzak aldatu dira, lokala eta materiala daukagu, Barrexerkak talde bezala kobratzen du...», oroitzen du Mitxelenak».
Atzera begira jartzean ez zaie umorea falta, ezta autokritika puntu bat ere. «Esaten den bezala 'prueba y error' izan da, duela bost urteko formatu eta esketx batzuk ikusita pentsatzen dugu 'ai ama, nolako txapuzak egiten genituen': aktore bezala gaizki, gaizki grabatuta, arropak gaizki...». Horietako batzuk, publikoaren gustuko asko tartean, Barrexerkako sareetan topa daitezke, besteak beste 'Ikusi duzu nire belarritakoa?' esketx surrealista, 'Jarri kaña bat' kantu kritikoa edota 'Bustita extreme' eta 'Palatariak' parodiak.
«Urteen poderioz ikasi dugu zerk funtzionatzen duen. Kriba bat egin dugu eta hurrengo emanaldiei begira badauzkagu buruan zein esketx egin nahi ditugun». Bide horretan, taldeak eta kide bakoitzak izan duen hazteko gaitasuna nabarmentzen du Mitxelenak. «Gure buruarekin exijenteagoak gara, agian lehen 'ez dago gaizki' batek balio zigun, orain ondo egon behar da». Biek argi dute esperientzia horrek jada molde batzuk eman dizkiola Barrexerkari «funtzionatzen dutenak eta moldatuz ikuskizun batetik bestera eraman ditugunak».
Harridura eta barreak
Besteak beste, publikoa harritzeko gaitasuna da Barrexerkaren DNAren funtsa. Emanaldi berria sortzerakoan presente izaten saiatzen dira eta bide ezberdinen bitartez saiatu dira. Lehen emanaldietan gonbidatu berezien figurarekin, esaterako Xabier Madariaga, Kike Amonarriz, Miren Amuriza, Iñaki Artola edo bideo baterako hainbat musikari «engainatuta».
Famatuen ideiak erakusten du Barrexerkan moldeak apurtzeko asmoa ere badutela eta «ateak jo behar» direla argi dutela. «Deitu genien, ez zekiten oso ondo zertara zetozen eta horrekin jolastu genuen. Aprobetxatu ginen pixka bat», diote umorez, zortea alde izan dutela ere jakitun. Mugak gainditzeko asmo horretan ere zenbait kolektiborekin, Donostiako auzoetako taldeekin edota euskal kulturan klasikoak diren topikoekin egindako txisteak ez dira atzean geratzen. «Umore beltza egitea gustatzen zaigu, jakinda askori ez zaiela gustatzen edo ez dutela harrapatuko, baina gure esentziaren parte da».
Eta euren ere izan dute 'umoreen mugei' buruzko eztabaida. Barrerxerkako kideen kasuan haietako bat gustura ez sentitzea da, esaterako. «Gure artean 'kapatu' ditugu txiste batzuk, behin gutako bati ez zitzaion gustatu txiste bat eta iritsi ginen adostasunera taldeko bat ez baldin badago eroso txiste horrekin, hori ez dela egiten», azaltzen du Mitxelenak. Adostasun puntu horretatik abiatuta, «arriskuak hartzearen» aldeko da Arregi. «Ez dugu marra inoiz erabat pasa, badakigu zein den gure publikoa eta zerekin egin dezakegun umorea. Ez gera marroiren batean sartu».
Ikuskizun berrian hasierako bakarrizketaren ostean zuzeneko antzerkia eta aurrez grabatutako esketxak uztartu dituzte. «Garrantzitsua da umorezko antzerkian sorpresa mantentzea. Ez dute spoilerrik egin nahi, soilik trenera igotzeko gonbita luzatu. «Pertsonaia anitzak ditu, bakoitza bere gag bereziarekin eta esketx oso ezberdinekin».