Pantera larruaz bilduriko jauna
Gure inguruetako zinemaldi bateko 'pitching' saio batean izan genuen kondaira horren berri. Baina zer adierazten ote du ingelesezko hitz aldrebestu horrek? Printzipioz, Oxford bezalako hiztegi zeharo fidagarrietan arakatu ondoren «kulunka» esan nahi duela aurkituko duzue. Baita «jaurtiketa» ere. Aditza forman erabiltzen badugu, ingelesa baino ez dakiten gure mendi-abentura kideek argi eta garbi ulertuko dute kanpadenda altxatzen lortu dugula, azkenean.
Baina ez batak ez besteak ez hirugarrenak ez digute ezer asko argituko zinemaldi bateko testuinguruan eta gauza jakina da hizkuntzekin dantzan hasterakoan, testuinguruari adi egotea nahitaezkoa zaigula.
Zinema jaialdi, festa, azoka, merkatu edo enkantetan 'pitching' hitzak bestelako zerbait erakusten du. Horrela deitzen zaion oraindik existitzen ez den pelikula baten aurkezpenari. Erabiltzen den esamolde osoa 'sales pitching' da eta bai negozio bai ikus-entzunezko eskoletan «salmenta-diskurtsoa» bezala hartzen eta itzultzen. Erabili. Irakatsi. Ikasi. Landu.
Zinema jaialdi, festa, azoka, merkatu edo enkantetan 'pitching' hitzak bestelako zerbait erakusten du
Hamar minutu baino gehiagorik ez duzu izango pelikula kontuetan dirua inbertitu nahi duten negozio gizon-emakumeen aurrean zure ametsetako egitasmoa aurkezteko eta konbentzitzen ahal izateko. Ez ibili ba itzuli-mitzulitan eta etorri harira lehenbailehen. Emaiezu informazio zehatza, benetakoa. Sosak aipatu. Baita merkatuan izan ditzakeen aukerak ere. Ikus dezaten ikusleen eta programatzaileen gustuak ezagutzen dituzula. Baina ez ahaztu industria izateaz gaindi, zinemak eta telesailek badutela zerikusi franko jendearen desirekin, ikusleen amets/amesgaizto egiteko ahalmenarekin. Beraz, maneia ezazu trebe, goberna ezazu azeri inbertsore horien fantasiarako irrika.
Pantera larruaz bildutako zaldunaren kondaira gure begi, gogo eta belarri aurrean jarri zuen neska hark ederki zekien hori guztia. Grafikoak erakutsi zizkigun, txartel-leihatiletan zer motako, zein estiloko filmek egiten zuten sosa gehien aztertu zuen, 'Iparraldeko Gizona'-ren garaipen erabatekoa fin aipatuz; zifraz, estatistikaz, kritikarion alabantzak lasai asko irakurriz.
Baina gero, Denbora ere existitzen ez zen garaietara eraman gintuen, ipuin kontalari trebeek izan ohi duten abileziaz. Kontatu zigun XII. mendeko Georgian idatzitako gesta-kanta bat zela, nazio handi hartako Shota Rustaveli soldadu-poetarik handienak zehaztua… 1.400 lauko-handitan. 6.000 bertso baino gehiagok osatzen zuten narrazioa, Georgiako Urrezko Aroa goraipatzea zuen asmoa egileak; bere luma parekorik izan ez zuen, ez duen eta izango ez duen Tamar erreginaren zerbitzuan jarriz.
Kontatu zigun XII. mendeko Georgian idatzitako gesta-kanta bat zela, nazio handi hartako Shota Rustaveli soldadu-poetarik handienak zehaztua
Denbora horietan misterio hutsa ziren lurretako gertakizunak azaltzen zituen poetak. Handik zen etorria, guduz gudu, amodioz amodio, mila aldiz zauritua, mila aldiz maitatutako bere gorputza pantera baten larruaz estaltzen zuen zaldun/jaun presto, bortitz eta galant hura.
Hain ziren ederrak 6.000 bertso horiek , hain zuten estimu handian Georgian ezen joan den mendeko hasiera arte, ezkontzear ziren neskak paperik onenean idatzirik zeuden pasarte batzuk ezkonsari moduan ematen zizkieten senar hartuko zituzten gizonei. Paper onenean idatzirik, kaligraforik trebeenen letraz apaindurik.
Filma egiteko nahia
Horren inguruan egin nahi zuen filma 'pitching' hartan hain abilki mintzo zen neskak. Nahi zuen ere Euskal Herriko emakumeek bere senar berriaren etxera eramaten zituzten ezkonsariekin alderatu. Izan ere, gauza jakina da leinu argiko euskal neska askok, beren nagusien lurrekin batera eta etxekoandre berria bihurtu orduko, senarren amari eta aitari entregatzen zietela itsasoak zeharkatuko zituen ontzi ikaragarria egiteko ondo zehaztutako planoak. Baita erriberako arotzek 'nao' hori sortzen erabiliko zuten egur noblea ere.
Artean zinema puska bat ere egina ez zuen neskak izugarri ondo egin zuen berba 'pitching' hartan. Biribiltzeko edo, plataformetan dagoela enteratu bezain pronto ikusi, dastatu, gozatu eta memorian betiereko gorde behar duzuen film bat aipatu zigun; Tamar erregina bezala, Shota Rustaveli idazlea bezala Georgiako marka fuerako kreatura den Alexandre Koberidzeren 'Qué vemos cuando miramos al cielo?' Mendeak pasa ahala, pelikula hori bihurtuko da herrialde hartako gesta-kanta berria; ikus-entzunezkoa.